Ainara Lertxundi
GARAren edizio taldeko kidea / Miembro del equipo de edición de GARA
Elkarrizketa
May Borraz
Kazetaria

«Bihotz-bihotzez eskertzen dut: niri aitona itzuli zidaten eta nire amari bere aita»

«Nire aitona Sebastian 1937ko apirilaren 17an hil zuten. Hau da haren heriotzaren kronika». Horrela hasten da «El ultimo cuento», May Borraz kazetari katalanaren liburua.

May Borraz.
May Borraz.

Andorra Teruelgo herri bat da, egun 7.500 biztanle inguru dituena. Bertan garatzen da “El último cuento. De abuelos y cunetas” eleberrian azaltzen den historia. Sebastian Blanco Aznar 1895eko urtarrilaren 19an jaio zen. Gerra garaian, familia guztiak Errepublikaren alde egin zuen. Berak, ordea, ezin izan zuen guda frontera joan herrena zelako. Ehizan zebilela, nahi gabe, bere hankari tiro egin zion. 1925eko apirilaren 23an, Manuela Bielsarekin ezkondu zen. Hiru alaba izan zituzten: Pilar, Luisa eta Fabiola. Pilarrek 13 urte besterik ez zituen aita hil zutenean. Hiru egunez haren gorpuaren bila ibili zen menditik. Bizipen horrek bizitza guztia markatuko zion betiko. Beti izan zen Andorran eta saiakera ugari egin zituen urteetan aita aurkitzeko. Luisak zortzi urte zituen eta Fabiolak, May Borrazen amak, urtebete eta bederatzi hilabete zituen.

«Amona, zer-nolako gogoa nuen idazten hasteko. Bederatzi urte daramatzat buruan bueltaka aitonaren heriotzari buruzko liburu bat idatzi edo ez, eta azkenik, egitea pentsatu dut. Bai, badakit Gerra Zibilari buruz hamaika liburu idatzi direla eta bide bazterrak aitonez josita daudela, baina nik nire aitonarekin zer gertatu zen argitzeko beharra dut», horrela hasten da “El último cuento. De abuelos y cunetas”.

Amonarekin elkarrizketa bat izango balitz bezala, Borrazek familiaren historia, pasarteak, sekretuak, isiltasunak, beldurrak, arakatzen ditu erraza ez den egia baten bila. Kontakizunak hasiera-hasieratik harrapatzen du irakurlea, Sebastianen heriotzari buruz dauden hiru hipotesietatik zein gailenduko ote den jakin nahian. Amazonen bidez eros daitekeen eleberriaren salmentaren dirua Memoria Historikoa Errekuperatzeko Elkartearentzat (ARMH, gaztelerazko siglak) da. Horren lanari esker aurkitu zituen aitonaren hezurrak.

Aurkezpen egunean, Bartzelonan, bere amari eman zizkion gorpuzkiak. Geroztik etxean ditu, «kutxa pianoaren gainean jarrita bandera errepublikanoarekin. Duela gutxi galdetu nion ea noiz lurperatuko ditugun bere emaztearekin. Zera erantzun zidan: ‘80 urtez lurrean lurperatuta egon da eta ez dut aukerarik izan berarekin egoteko. Nirekin denbora gehiago izan nahi dut aita’. Batetik, bihotza apurtu egiten zaizu; baina, bestetik, modu batean bere aita errekuperatu du. Hala bizi du», nabarmendu du Borrazek GAUR8rekin eginiko elkarrizketan.

Orain arte, bidaia gidaliburuak idatzi izan dituzu. Eleberri honetan, zure aitonaren hilketa eta bere gorpuzkiak aurkitzeko prozesua azaltzen duzu. Nolakoa izan da idazkera?

Emozio handikoa izan da, baita hunkigarria ere. Urte askotan zehar buruan izan dituzun galdera horiei guztiei erantzun bat bilatzen diezu eta erantzun horiek liburu batean laburbildu behar dituzu. Lotsa ere sentitu nuen, zeren familiaren barne-barneko gauzak kontatzen ari nintzen, hori egitea beharrezkotzat jotzen nuelako. Baina, zaila da, bai, kontatu nahi duzunaren eta gorde nahi duzunaren arteko oreka hori topatzea.

Liburuan egiten duzun hausnarketa bat nabarmendu nahiko nuke. Jada hil zaizkizun senideak, tartean amona, egun bizirik egongo balira, zenbat gauza galdetuko zenizkien.

Halaxe da. Liburuan hainbat momentutan egiten dudan hausnarketa da. Aitonaren gorpua bilatzeari oso heldutan ekin nion. Zergatik ez nuen lehenago hitz egin amonarekin edo izebekin, adibidez? Gaiari buruz hitz egiteak min egingo ziela pentsatzen nuen, baina orain jabetzen naiz akaso mina eragiten ziena horri buruz ez hitz egitea zela. Liburua idazteko hainbat pertsonarekin hitz egin dut eta oso pozik zeuden hitz egiteaz; orain ohartu naiz horretaz. Gertatutakoari buruz mintzatzeko gogoa zuten. Elkarrizketatu ditudan batzuek lehen aldiz hitz egiten zuten horretaz, pentsa.

Zergatik ote da memoria historikoarenganako interesa heldutan piztu ohi dela, eta ez hainbeste gaztetan?

Umea zarenean, ipuin bat izango balitz bezala bizi duzu eta nerabe zarenean ere ez duzu interes handirik horrelako istorioetan. Horri gehitu behar zaio trantsizioarekin batera zabaldu zen ideia: ‘Horri buruz ez da hitz egin behar’. Gizarteak eta belaunaldi desberdinek mezu hori bere egiten zuten nolabait, eta hamarkada luzez ez da gerrari, desagertuei, hobi komunei… buruz hitz egin. Batetik adin kontua eta bestetik, «berriro hutsetik hasi» mezua eta gertatutakoari buruz hobe zela ez hitz egitea barneratu nuen.

85 urte bete dira Francoren estatu-kolpetik. Oraindik ere gerra bera edo gerraren ondorioak sufritu zituztenek beldurra, lotsa… sentitzen dute.

Andorran nire aitonaren gorpuzkiak desobiratzerakoan, kontuz ibiltzeko eta bandera errepublikanoa ez eramateko esan zidan, herrian kalte egin zidakeen jende gaiztoa egon zitekeelako. Aitona hil zutenen bilobetariko bat inguruan egon zitekeela edo norbaitek ni jipoitzearen beldur zen nire ama. Ez du bere aita Andorran lurperatu nahi beldurra duelako. Zauriak oso presente daude oraindik.

Hiru egunez, ARMHko boluntarioak lurra mugitzen ibili ziren Andorrako hilerriaren kanpoaldean. Egun eguzkitsuak baina hotz handikoak izan zirela gogoratzen duzu liburuan. Lau gorpu azaldu ziren. Horietako hiru buruz gora zeuden, besoak sabelaldean jarrita eta egurrezko hilkutxaren hondakinak zituzten. Laugarrena, zure aitonarena, ordea, buruz behera zegoen, beso bat buruaren atzetik zuela, «hobi komunera hala moduz, inolako errespeturik gabe bota zuten seinale». Momentu hunkigarri horretan, ustez zure aitona salatu zuenaren bilobak gerturatu zitzaizkizun. Ustezko «traidorea» zure aitona Sebastianen anaia zaharrena izan zen. Nola gogoratzen duzu momentu hori?

Liburua eguneroko bat izango balitz bezala idatzita dago, egin dudan bilaketaren benetako eguneroko. Kronologikoki idatzita dago, sekula ez nuen atzera egin eta kapitulu askotan Antoniorekiko hitzak gogorrak dira. Nire barruan gorpuzten ari zen hipotesia aitonaren zelataria anaia bera izan zela zen. Gehien errepikatu zidaten bertsioa hori baitzen. Egia da, kronologikoki idatzita dagoenez, norbaitek ez badu liburua bere osotasunean irakurtzen zelatariaren irudiarekin soilik gera daitekeela.

Hilerriko topaketa hura probidentziala izan zen. Salaketa, traizioa, zein baldintzatan gertatu zen jakitea izugarria izan zen. Nire aitonaren anaia baten bilobak zirela esan zidatenean, inondik inora ez nuen pentsatu Antoniorenak izango zirenik. Nire aitona Sebastian zerbait erostera joan zen Hijarrera. Han bere anaia Juliok Somatenekoak bere bila zebiltzala ohartarazi zion. Andorrara ez itzultzeko eskatu zion, Frantziara ihes egiteko, han Eusebio eta Joaquin anaiekin elkartzeko. Baina, Sebastian Antonioren etxera joan zen. Andorratik 3 kilometrora bizi zen. Aholkua eskatu zion. Antoniok onena ihes egitea zela berretsi zion, baina Sebastianek ezetz erantzun zion, emaztea eta hiru alaba ezin zituela bakarrik utzi. Antoniok bere etxean ezin zitekeela gelditu esan zion, baina mendian gora kobazulo handi bat zegoela eta han ezkutatu zitekeela. Somatenekoak Antonioren etxean agertu ziren eta anaia non zegoen esatera behartu zuten, nola ez dakit. Dakidan bakarra da familia osoa zegoela presente, emaztea eta sei seme-alabak. Txikiena, bost urtekoa, aitonaren lagun handia zen, beti zihoan haren alboan, txakur leial baten moduan. Antonio Sebastian zegoen kobazuloraino lagundu zituen, deitu eta atera zedin eskatu zion. Segituan harrapatu zuten eta Antonioren etxera eraman zuten bultzaka, gero olibondo zonalde batera eraman zuten irain artean. Seme txikienak, Vicentek, den-dena ikusi zuen nonbait ezkutatuta, etxetik inork ikusi gabe atera baitzen. Bizkarraldetik labankadak nola sartzen zizkioten ikusi zuen. Umea shock egoeran gelditu zen bere bizitza guztirako.

Zer suposatu zuen zuretzat hilerrian Antonioren bilobek emandako besarkadak?

Prozesu guztiaren unerik hunkigarriena eta indartsuena izan zen, emozioen aldetik. Bat-batean, aurreiritzi guztiak erori zitzaizkidan. Komunikazioaren eta hitz egitearen garrantziaz jabetzen zara, dena mahai gainean jartzearen beharraz. Maitasunez beteriko besarkada izan zen. Asko hunkitu ninduen.

Mariano Rajoy presidente ohiak harro esan zuen memoria historikoan ez zuela batere eurorik inbertitu. Adierazpen horiek mina eragiteaz gain, liburua idazteko beste arrazoi bat bilakatu ziren. Zer dira zuretzat egia, justizia eta erreparazioa?

Estatu demokratiko batek ezin du gezur batean oinarritu eta Estatu espainola gezur batean oinarrituta dago. Iragana ahazteko eta berriro hasteko esan ziguten eta norabide horretan, trantsiziotik hona, izugarrizko doktrinamendua ezarri digute. Niretzat hori immorala da guztiz. Immorala da gaiari buruz ez hitz egitea, Estatuak frankismoaren biktimak bere gain ez hartzea. Ez naiz jada eskatzen ari lapurtu zuten guztia itzultzea, baizik eta gutxienez gorpuak bide bazterretatik eta areketatik ateratzea. Askoren kokalekua ezezaguna da, baina beste asko zerrendatuta daude. 85 urteren bueltan, estatu demokratiko batean eta gobernu sozialista batekin, oraindik ere hobi komunak egotea ulertezina da. Atera egin behar dituzte, orain! Estatua berak hartu behar du bere gain ardura hori, eta ez boluntarioz osatutako elkarte batek. Niretzat guztiz lotsagarria da. Nire ustez, herrialde batek ezin dut etorkizun demokratiko bat izan horrelako ankerkeria gainean edukita.

Zure ama izugarri haserretu zen bere aitaren gorpuzkiak zeuden hobi komunaren egoera ikustean.

Bere aita hil zutenean, ez zituen ezta bi urte ere, eta sekula ez du gaiari buruz hitz egin. Burua makurtu eta isilik gelditu behar izan zen. Duela gutxi arte pentsatu du aitak zerbait egingo zuela, «gorriak» gaiztoak zirela. Duela gutxi arte ez du kontzientzia hartu errepublikazaleak Errepublikako gobernuaren zilegitasuna defendatzen ari zirela. Egun horretakoa izugarria izan zen. Sekula ez nuen ama hain amorratuta ikusi, barruan txiki-txikitatik gordeta zuen amorrua, mina eta gorrotoa bat-batean atera zitzaizkion. Garrasi batean hasi zen. Guztiak aho zabalik gelditu ginen.

Isiltasunaren ondorioak ere oso agerikoak dira Antonioren seme txikiarengan, Vicenterengan.

Halaxe da. Bost urteko ume baten buruan gelditu zen bizitza guztirako. Antonioren bilobek esan zidaten haiek txikiak zirenean berarekin beste haur bat izango balitz bezala jolasten zutela. Izugarria da. Iturri desberdinetatik jaso zuten umea gertatutakoa ikustean «ero» gelditu zela. Adjektibo gogorra. Liburua berari eskaini diot, «apurtutako haurra» deitu diot, zeren barrutik apurtu zuten bost urteko ume hori. Nire aitona bezain biktima izan zen.

Liburua zure amonarekin elkarrizketa bat izango balitz bezala idatzita dago. Nolakoa izan zen zure amonarekin izan zenuen harremana?

Pila bat maite nuen amona. Nire gurasoak ezkondu zirenean Andorratik Bartzelonara bizitzera joan ziren eta amona haiekin joan zen; beraz, betidanik berarekin egon izan naiz. Etxean zazpi pertsona ginenez, berarekin lo egiten nuen logela berean. Jendearekin zegoenean oso alaia zen, oso pertsona positiboa. Minak aurrera egiteko indarra eman zion. Baina, aldi berean, bakardadean barrura begiratzen zuen emakumea zen. Auskalo zer pentsatzen zuen une horietan.

Alarguna hiru alabekin, errepublikanoa… garai zaila zure amonari egokitu zitzaiona.

Izugarria. Jatekorik ez. Bere bizitza guztia hankaz gora jarri zen eta, orain esaten dugun bezala, bere burua berrasmatu behar izan zuen. Koltxoietatik artilea ateratzen lan egiten zuen. Aitonak bere buruaz beste egin zuela esan zutenez, hori izan baitzen bertsio ofiziala, alargunentzako pentsiorik gabe gelditu zen.

Eskubide urraketa horiek guztiak belaunaldi berriei jakinaraztea ezinbestekoa da, berriro halakorik gerta ez dadin eta gertatutakoaz kontzientzia sortzeko.

Beti aipatzen dut Alemania naziaren adibidea. Alemaniar asko lotsatuta daude euren arbasoek egindakoaz. Hemen ere batzuek lotsa sentitu beharko lukete. Badut lagun bat jatorri judua duena. Haren aitona-amonak kontzentrazio-esparruetan hil ziren. Duela hamar bat urte, Gobernu alemaniarra haren aitarekin harremanetan jarri zen, berak aldez aurretik deus ere egin gabe, berarentzako diru bat zutela esateko. Gobernuak berak bere kabuz egindako ikerketa baten arabera gizon honen gurasoei desjabetutako ondasunaren balioa itzuli zion Estatu alemaniarrak. Pentsa zer urruti gauden horra iristeko! Ez dezagun ahaztu, mundu mailan, Kanbodiaren atzetik, Espainia dela desagertu gehien dituen herrialdea. Gazte belaunaldiei esango nieke euren iraganarekiko interesa izatea.

Liburuaren salmentatik lortzen duzun dirua Memoria Historikoa Errekuperatzearen aldeko elkartearentzat izango da.

Nire helburua aitonarekin zer gertatu zen ikertzea zen eta ahal banuen aurkitu eta hobi komunetik atera. Hasiera batean, argitalpen txiki bat egin behar nuen familiarentzat eta hurbileko lagunentzat. Idazten bukatu nuenean, lagun batzuei eman nien irakurtzeko eta kalitate literarioa zuela esan zidaten eta eleberri bihurtu nuen kontakizuna. Ez nuen dirua irabazteko idatzi, baizik eta memoria historikoa zabaltzeko eta elkarteari eskertzeko, haiek dena eman baitidate, niri aitona itzuli zidaten eta nire amari bere aita. Bihotz-bihotzez eskertzen dut. Boluntarioak dira, eta ez zu ez zure senideak ezagutu ez arren, den-dena ematen dute lurzoruak arakatzen gau eta egun.

«85 urteren buruan, estatu demokratiko batean eta gobernu sozialista batekin, oraindik ere hobi komunak egotea ulertezina da. Atera egin behar dituzte, orain!»

IBILBIDEA May Borraz Bartzelonan jaio zen 1966an. Ingelesezko Filologian lizentziatu zen, eta irakasle, itzultzaile eta bidaietako kazetari gisa lan egin du. Marc Ripolekin batera, zenbait bidaia gida argitaratu ditu. «El último cuento» bere lehenengo eleberria du.