Arnaitz Gorriti
Kirol-erredaktorea, saskibaloian espezializatua / redactor deportivo, especialista de Baloncesto

Zarauzko XIII. Ikurriñak erabakiko du 2021.eko Euskotren Ligaren garailea

Arraun Lagunak da liderra 33 punturekin, Oriok baino bi gehiago. Larunbat eta igandeko estropaden ondoren berdinketarik balego, Donostiako traineruak aurreneko aldiz irabaziko luke emakumeen liga, «mirotzek» baino bandera gehiago irabazi dituztelako denboraldian zehar.

Arraun Lagunak taldeak Euskotren Liga aurrenekoz irabazi lezake. (Gorka RUBIO / FOKU)
Arraun Lagunak taldeak Euskotren Liga aurrenekoz irabazi lezake. (Gorka RUBIO / FOKU)

Asteazken honetan aurkeztu da Zarauzko Ikurrina: XLIV. ekitaldia Eusko Label Ligari dagokionez eta XIII. estropada Euskotren Ligari lotuta. Ohiko moduan, zapatu eta domekako denborak hartuko dira aintzat trapua zeinek irabazi erabakitzeko, nahiz eta liga bakoitzeko puntuak saio bakoitzean banatuko diren.

Eusko Label Ligak oraindik badu nahikoa zeregin aurtengo txapelduna erabakitzeko; es ordea Euskotren Ligak, urteroko legez, Zarautzen amaituko baita emakumeen liga. Aurreko urteetan ez bezala, dena dago erabakitzeko asteburu honen atarian; izan ere, Donostia Arraun Lagunak eta Orioren artean bi puntuko aldea baino ez dago.

«Lugañene» trainerukoek 33 puntu pilatu dituzte orain arte, Oriok baino bi gehiago. Azken denboraldietan «mirotzak» nagusitu dira emakumeen arteko lehian, baina aurten, inoizko Euskotren Ligarik estuenean, lan zaila daukate Euskotren Liga hirugarren urtez jarraian irabazteko. Bi puntuko aldea ez da handia, baina berdinketa ez da nahikoa oriotarrentzat. Denboraldian zehar garaipen gehiago erdietsi duelako, Arraun Lagunak txapeldun izango litzateke azken estropadaren ostean Oriorekin berdinean amaituko balu.

Bestalde, ikusi egin behar Donostiarra eta Hondarribia ez ote diren Euskotren Liga honetako epaile bihurtzen. «Torrekua I.ak» bandera bat irabaztea zer den badaki eta «Ama Guadalupekoak» berak ere pare bat estropadatan bigarren postuan amaitu du. Hala, Arraun Lagunak eta Orioren arteko buruz burukoak ez-ezik, beste bi lehiakideek egiten duenak ere garrantzia eskerga izango du Zarautzen.

Zapatuko estropada 17.40ak aldera hasiko da. Igandeakoa, berriz, 11.30etan.

Ikusle kopuru mugatua

Bestalde, Xabier Txurruka Zarauzko alkatearen esanetan, iaz ez bezala, aurten ikusle kopuru mugatu batek aukera izango du estropada bertatik bertara ikusteko; 300 bat laguni utziko zaie sartzen.

«Gorriz markaturiko ekitaldia da zarauztarrontzat. Hargatik, iaz ez bezala, aurten 300 bat ikusleri sartzen utziko zaio. Musukoa jantzita eta distantziak mantenduz gero, ez dago zertan kutsatze arriskurik egon eta hala iazko arantza ateratzetik izango dugu», adierazi du Txurrukak estropadaren aurkezpen ekitaldian.