Arnaitz Gorriti

Aresek ez du Zarauzko Ikurriñean parte hartuko covid-19a dela-eta

Areseko arraunlari batek positibo eman du covid-19an. Kirol araudia jarraituz, talde galiziarreko kide guztiek berrogeialdia bete beharko duenez, orotara 11 ontzi ariko dira Zarauzko estropadan.

Ares ez da Zaruzko estropadan ariko. (Gorka RUBIO / FOKU)
Ares ez da Zaruzko estropadan ariko. (Gorka RUBIO / FOKU)

Areseko traineruko kide batek covid-19an positibo eman du eta hargatik talde galiziarra ez da Eusko Label Ligako Zarauzko XLIV. Ikurrinean ariko. Hala, nahiz eta bere postuari dagozkion puntuak jasoko dituen talde galiziarrak, Zarauzko estropadan 11 talde izango dira arraunean, ohiko 12ak aritu beharrean. Gogoratu behar da sailkapen nagusian Ares bederatzigarren postuan dagoela, 55 punturekin.

Eusko Label Ligako arautegiak hala agintzen duelako, Areseko kirol lantaldeak berrogeialdia gorde beharko du hurrengo egunetan, eta ikusi egin beharko da abuztuaren 21 eta 22an jokatuko diren Ondarroako eta Hondarribiko banderetan parte hartzeko modurik izango ote duen.

Zigorrik ez Oriori

Bestalde, Traineru Kluben Elkarteko Epaile Bakarrak, bestalde, Donostiarrak Santurtziko Banderan jarritako helegitea bertan behera lagatzea erabaki du.

Santurtziko Banderako akta inpugnatu zuen Kaiarribak, izan ere, akta hartan ez omen ziren agertzen uretan jazotako gertakari guztiak, esaterako uretako epaileak Oriori atera zion bandera urdina.

Bandera hori atera zitzaiolako, Donostiarrak hiru segundoko zigorra eskatzen zuen «mirotzentzat» eta, ondorioz, Santurtziko proban Oriori aurrea hartzea –56 ehunenekoren aldea egon zen bakarrik– eta, bada, sailkapen nagusian puntu bat gehiago.

Dena den, Epaile Bakarraren ebazpenak helegite hori indargabe laga du eta, bada, Santurtziko estropada eta Eusko Label Ligako sailkapena bere horretan geratuko dira.