NAIZ

Frantziar Justiziak kontrol neurriak arindu dizkio Josu Urrutikoetxeari

Joan zen ekainaren 24an Dei Auzitegiak harturiko erabakiari jarraituz eskutumutur elektronikoa kendu diote Josu Urrutikoetxeari. Heldu den irailean hainbat hitzordu ditu Parisko auzitegietan. Anartean kontrol judiziapean jarraituko badu ere Ipar Euskal Herrian bizi ahalko du.

Parisen egoteko agindua altxatu ziotelarik Lapurdin bizi da Urrutikoetxea. (Jagoba MANTEROLA)
Parisen egoteko agindua altxatu ziotelarik Lapurdin bizi da Urrutikoetxea. (Jagoba MANTEROLA)

Joan zen ekainaren 24an Parisko Dei Auzitegiak Josu Urrutikoetxeai ezarritako kontrol neurriak arintzeko erabakia hartu zuen. Gauzak horrela, iazko uztailaz geroztik, hain zuzen Sante espetxetik atera zuenetik eraman behar izan duen eskumutur elektronikoa kendu egin diote.

Bere familiak baieztatu duenez, Urrutikoetxeak kontrol judizialpean jarraituko du, besteak beste heldu den irailatik aurrera hainbat hitzordu dituelako Parisko auzitegietan.

Izan ere, ETAren amaierako adierazpena irakurri zuen militantea ez da gehiago Parisen bizitzera behartua izanen. Dagoeneko Ipar Euskal Herrira itzuli da Urrutikoetxea eta bertan izanen da Parisen ibilbide judiziala berrabiatu bitartean.

Parisko Zigor Auzitegiak bere erabakia jakitera emanen du, irailaren 1ean, 2017an errebeldian Josu Urrutikoetxeak jaso zuen kondenari buruz. 8 urteko kartzela zigorra jaso zuen orduan Ugaoko militanteak.

Joan zen ekainean errepikatu zuten epaiketa. Auziaren amaieran fiskalak bost urteko kartzela zigorra eskatu zuen Urrutikoetxearen kontra. Defentsak Urrutikoetxearen errugabetasuna aldarrikatu zuen auzian zehar ETAren miklitante historikoak borrola armatuaren zikloari amaiera emateko eginiko lana balorean emanez.

Bestalde, 2010. urtean Urrutikoetxeari egin zioten beste epaiketa errepikatuko dute heldu den irailaren 13 eta 14an Auzitegi Korrekzionalean, Parisen. 7 urteko kartzela zigorra jaso zuen orduan militante independentistak.