Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

Oriok eskura dauka Zarauzko Ikurrina eta Hondarribiak abantaila txikia lortu du

Euskotren Liga are estuago irtsiko da azken estropadara. Oriok urrats handia eman du Zarauzko Ikurrina bereganatzeko baina Arraun Lagunakek eutsitako bigarren postua erabakigarria izan daiteke. Gizonezkoetan, Hondarribiak abantaila txikia lortu du (bi segundo) eta puntu bakarra jan dio Santurtziri. 

Orioko arraunlariak garaipena ospatzen. (Jon URBE / FOKU)
Orioko arraunlariak garaipena ospatzen. (Jon URBE / FOKU)

Oriok sekulako irteera egin du XIII. Zarauzko Ikurrinaren lehen jardunaldian. Ohartu orduko, traineru bateko aldea atera dio bai Donostiarrari eta baita lehen luzea hirugarren postuan eman duen Arraun Lagunaki ere. Sailkapen nagusian bi puntuko abantailarekin iritsi da Juan Mari Etxabek entrenatutako trainerua baina oriotarrek eginiko estropada ederraren ondotik, alde hori puntu bakar batera murriztu da. Eta, bihar, igandean jokatzen da azken jardunaldia!

Liga irabazteko borroka estu-estu dagoen bitartean, badirudi ezusteko gutxi egongo direla Zarauzko Ikurrina eramateko. Oriok kasik 10 segundoko aldea atera dio azkenean bigarren postua salbatzea lortu duen Arraun Lagunaki (9.94). Gaitzerdi, donostiarrek, ziaboga on bati esker –Donostiarra baino lehenago atera dira– eta bigarren luzean hortzak gogor estututa, bigarren postua lotu dutela, hala ezean, sailkapen nagusian berdinketa egongo litzatekeelako. 

«Torrekua I.a» hirugarren helmugaratu zen, Oriotik 13.24 segundora eta segundo bat baino apur bat gehiago behar izan zuen Hondarribiak. 

Azken lau estropadetan eskuratutako hiru banderei esker, sailkapen nagusiaren buruan bakarrik zegoen Arraun Lagunak eta Zarauzko lehen jardunaldia bukatu bezain laster, Itziar Eguren presidenteak ETBn adierazi legez, daukaten abantaila salbatzeko helburuz ureratu dira Zarautzen. Lehen jardunaldi honetan lortu dute baina guztia bihar erabakiko da. Berdinketak ere balio die donostiarrei, bandera kopuru gehiago altxatu dituztelako. 

Zarauzko XIII. Ikurrina

1. Orio                    11:06.62
2. Arraun Lagunak   11:16.56
3. Donostiarra         11:19.86
4. Hondarribia         11:21.08

Sailkapen nagusia

1. Arraun Lagunak    36 puntu
2. Orio                    35
3. Donostiarra         23
4. Hondarribia         16

Hondarribiak abantaila txikia

Gizonezkoetan, XLIV. Zarauzko Ikurrinako lehen jardunaldia estuagoa izan da. Hondarribiak irabazi du (20:24.42) baina soilik bi segundoko aldea aterata bigarren izan den Santurtziri. Beraz, igandean erabakiko da ikurrina nork altxako duen. Bi hauen artean egongo da garailea, edo hori aurreikusi daiteke, hirugarren izan den Donostiarra 12 segundora helmugaratu baita. 

Ohorezko txandan sekulako lehia erakutsi dute Donostiarrak, Hondarribiak eta Santurtzik –Zierbena atzean geratu da–. «Torrekua II.ak» aurretik joan da estropada kasik bere erdira iritsi denera arte, hondarribitarrek olatu bat probestu eta aurrea hartu dien arte. Azken bi luzetan atzean geratu dira donostiarrak ere. 

Hondarribi, lehendabizi, eta Santurtzi, bigarren, helmugaratzen. (Jon URBE / FOKU)

Azken luzean, olatuek hain zuzen ere, sekulako protagonismoa hartu dute eta Hondarribiak eta Santurtzik izugarrizko ikusikizuna eskaini dute. Hasiera batean Santurtzik aurrea hartu dio baina gero berriro gailendu dira Orbañanosen mutilak. Hala, Arraun Lagunakek egin bezala, lider den «Soterak» bigarren postua eustea lortu zuen, hondarribiarrek jandako koska soilik puntu batekoa izan zedin. Egun, zortzi puntoko aldearekin dago sailkapenaren buruan ontzi santurtziarra. 

Orokorrean, hiru txandetan egon da ikuskizuna. Lehenengoan, Lekittarrak mahaian kolpe ederra eman du bere txanda irabazi eta igandeko jardunaldirako, bigarren txandan lekua eginez. Zer esanik ez, arerio zuzenei dagokionez, nolako hauspoa hartu duen sailkapenean. Larunbat honetan azken izan den Tirani hamabi puntu ateratzen dizkio eta Aresetik –asteburu honetan ez du lehiatuko covid-19a dela eta– zazpira geratu da. 

Bigarren txanda, Orio izan da garaile nabarmena eta igandean ohorezko txandan lehiatuko da. Sailkapenean ere jauzia eman du, laugarren sailkatua den Zierbenatik puntu bakar batera kokatu baita.

Urdaibai, Ondarroa eta Cabok ezin izan dute oriotarren erritmoa segi –Orio baino 14, 17 eta 25 segundo beranduago helmugaratu dira– eta galizarrak lehen txandan lehiatuko dira igandeko estropadan, Zarautz eta Tiranekin batera. 

Zarauzko XLIV. Ikurrina

1- Hondarribia 20:24.42

2- Santurtzi 20:26.12

3- Donostiarra 20:36.50

4- Orio 20:45.34

5- Zierbena 20:56.46

6- Lekittarra 20:58.36

7- Bermeo Urdaibai 20:59.38

8- Ondarroa 21:01.96

9- Cabo 21:10.30

10- Zarautz 21:16.86

11- Tiran 21:31.38

Eusko Label Liga. Sailkapen nagusia

1- Santurtzi 140 puntu

2- Hondarribia 132

3- Donostiarra 115

4- Zierbena 113

5- Orio 112

6- Urdaibai 100

7- Ondarroa 73

8- Cabo 69

9- Ares 60

10- Lekittarra 53

11- Tiran 41

12- Zarautz 32

Getariak irabazi du KAE-1 ligako estropada

KAE-1 ligan, bestalde, Getariak estropada ederra egin du Castroko uretan eta lidertza sendotu dute. Bederatzi segundoko aldea atera dio bigarren geratu den Pedreñari eta beraz, sailkapen nagusian, bien arteko aldea apur bat handitu da. 

Tolosaldea, ETE ligan eta Busturialdea, KAE-2 ligan

Emakumezkoen ETE ligan, Tolosaldeak liga garaipenerako urrats handi bat eman du Zarauzko estropada eremuan. Gainera, igoera fasea jokatzea kasik bermatua daukala esan dezake . Bigarren izan zen Hibaikari bederatzi segundo atera zion eta Deustori, 17. Hala, lidertzan daude tolosarrak, 10,73 punturekin, bigarrenak –Deustok– baino puntu bat gehiagorekin. 

Gizonezkoen KAE2 ligaren goialdea estuago dago eta Busturialdeak, atzoko garaipenarekin, lidergoa sendotu zuen. Izan ere, sailkapen nagusian bigarrena den Portugaletek huts egin zuen (bosgarren bukatu zuen). Hondarribia B izan zen bigarrena, Zarautz B hirugarren eta pasa den astean KAE-2 ligan bere historiako bigarren bandera irabazi zuen Mutriku, laugarren.