NAIZ

Lakua eta Nafarroako gobernuak Afganistango errefuxiatuak jasotzeko prest azaldu dira

Afganistango egoera dela eta, herrialde horretako errefuxiatuak jasotzeko prest daudela adierazi dute Nafarroa eta Lakuako gobernuek. Horrela nabarmendu dute Maria Chivite lehendakariak eta Lakuako Migrazioko zuzendari Xabier Legarretak. Dena den, azken hitza Madrilen esku da. 

Afganiarrak Estatu frantsesak Kabulen duen enbaxadaren atearen aurrean. (Zakeria HASHIMI/AFP)
Afganiarrak Estatu frantsesak Kabulen duen enbaxadaren atearen aurrean. (Zakeria HASHIMI/AFP)

Nafarroa eta Lakuako gobernuek Afganistango egoerak sortuko dituen errefuxiatuak jasotzeko prest daudela azaldu diote Gobernu espainolari, igorritako gutun banatan. Nafarroako Gobernuaren izenean Maria Chivite lehendakariak sinatzen du gutun hori. Lakuarena, berriz, Migrazioa arloko zuzendari Xabier Legarretak izenpetu du. Nafarroako Gobernua Europako Batasunari ere zuzendu zaio.

Maria Chivitek nabarmendu duenez, Afganistanen egoera larria bizi dute, bertako erakundeak desegin direlako eta nazioarteko babesa galdu dutela. Gauzak horrela, Nafarroako lehendakariaren arabera, talibanek boterea hartzeak giza-hondamendia ekar dezake. «Horren aurrean ezin gara zirkinik egin gabe gelditu», azpimarratu du. 

Emakumezkoen egoera are larriagoa izan daitekela gaineratzen du Nafarroako Gobernuak, euren eskubideak errotik ezabatuak izan daitezkelako.

Legarretak, berriz, «Euskadi herrialde solidarioa izan da, da eta izango da» idatzi du. Afganistanen ematen ari diren eskubide urraketengatik kezka adierazi du, batez ere emakume eta neskei dagokienean.

Honekin batera, Lakuako Gobernuak Share izeneko proposamena luzatu zuela gogoratu du, Europako Batasuneko kideen artean errefuxiatuen etorrerari elkarrekin erantzun ahal izateko.