Arnaitz Gorriti

Ostiralean hasiko da Lointek Gernika Bizkaiaren denboraldi-aurrea

Hamaika jokalari profesionalekin ekingo dio denboraldiari Mario Lopezen taldeak eta irailaren 25ean Endesa Liga hasi aurretik lau partida jokatuko ditu: bi Euskal Kopari dagozkionak eta beste biak Estatu frantsesean.

Roso Buch, iaztik hona Gernika Bizkaian jarraitzen duen zazpi jokalarietako bat. (Raul BOGAJO / FOKU)
Roso Buch, iaztik hona Gernika Bizkaian jarraitzen duen zazpi jokalarietako bat. (Raul BOGAJO / FOKU)

Lointek Gernika Bizkaia ostiral honetan, hilaren 20an, hasiko da 2021-22 denboraldi-aurreko lanetan. Mario Lopezek zuzenduriko taldeak 11 jokalari profesional izango ditu eta Irune Orio gaztearen laguntza izango du entrenamenduetan.Iaztik Belen Arrojo, Roso Buch, Itziar Ariztimuño, Margaret Roundtree, Paula Ginzo, Angie Bjorklund eta Marta Alberdik jarraitzen dute talde bizkaitarrean eta, aldiz, Melisa Brcaninovic, Roselis Silva, Tinara Moore eta Gabija Meskonyte fitxatu dituzte taldea indartzeko asmoz.

Roso Buch eta Gabija Meskonytek haien errekuperazio lanei ekiongo diete hasteko eta bat, eta talde dinamikan apurka sartzen joango dira orkatilako eta belauneko ebakuntzak gainditu ostean, hurrenez hurren.

Lau lagunarteko jokatuko ditu talde gernikarrak irailaren 25ean Emakumeen Endesa Ligari hasi baino lehen. Iraileko lehen astean Euskal Kopan arituko da talde gernikarra Durangoko Landako polikiroldegian. Irailaren 3an Kutxabank Araskiren aurka 18.00tan hasita eta bi egun geroago IDK Euskotrenen kontra, 18.00etatik aurrera orduan ere.

Hurrengo asteburuan Estatu frantsesera bidaiatuko du talde bizkaitarrak Basket Landesek antolaturiko goi mailako txapelketa batera. Irailaren 10ean 19.00etan Mont de Marsanen frantziar ligako txapeldun del Basket Landes berbera izango du aurkari; aurten Euroligan arituko den taldea hain zuzen. Biharamonean, 16.00etan hasita, Tarbes izango da Mario Lopezen taldearen azken aurkaria.

Women Eurocupeko zozketa

Horrez gain, ostegunean egingo da 2021/22 denboraldiko Women Eurocupeko zozketa. Lointek Gernika Bizkaia zuzenean dago sailkatuta multzoen fasera eta beraz, ez du aurrekanporaketarik jokatu beharko.

Bidaia luzeak saiheste aldera, bi Konferentziatan banatzen dira lehiakideak eta gernikarrak bigarren Konferentzia horretako aurreneko multzoan dago; hau da, talderik indartsuenen artean; Asvel, Esb, Castors Brainerekin eta Euroligan aritzeko aurrekanporaketetan kanpoan geratzen diren hiru talde hauetatik birekin batera ere: Schio, Valencia Basket eta Bourges.

Kexatzea alperrik

Ez da, aldiz, Emakumeen Ligak urtero antolatzen duen Superkopan ariko talde bizkaitarra. Joan den denboraldian laugarren amaitu zuen, Perfumerias Avenida, Valentzia Basket eta Gironaren atzetik, baina irailaren 18 eta 19an jokatuko den Superkopan ez du jokatuko Lointek Gernika Bizkaiak.

Lehiaketa aurten Tenerifen izango da eta bertako taldea gonbidatu dute. Hala, Roso Buch kexu azaldu da Twitterreko bere kontuan. «Uste nuen Superkopan lau talderik oneneak jokatzen zutela», idatzi du, baina ez dirudi bere kexuak Espainiako Federazioa erabakia aldatzera eramango duenik.