NAIZ

Aspalditik hutsik zegoen etxe bat okupatu dute gaztetxe gisa erabiltzeko Hazparnen

Hazparneko gazte asanbladako kideek hiri barneko etxe bat okupatu dute, larunbat goizean, gaztetxe gisa erabiltzeko. Hurrengo egunetan, auzolan hitzorduak eta egitaraua zabalduko dituztela iragarri dute.

Azken hamar urteetan hutsik izan den etxea okupatu dute Hazparnen herriak gaztetxe behar dutela aldarrikatzeko. (Bob EDME)
Azken hamar urteetan hutsik izan den etxea okupatu dute Hazparnen herriak gaztetxe behar dutela aldarrikatzeko. (Bob EDME)

Hazparneko gazte asanbladako kideek herriko erdigunean etxe bat okupatu dute larunbat goizean gaztetxe gisa erabiltzeko asmoz. Hurrengo egunetan, auzolan hitzorduak eta egitarau bat zabalduko dituztela jakitera eman dute. Anartean, jendeari okupatutako eraikinera hurbiltzeko gomita luzatu diote, baita gaztetxearen defentsa hartzekoa ere.

Hain zuzen 2020ko urtarrilaren 30ean bere ateak itxi zituen Ttattola gaztetxeari aipamena egin diote larunbateko ekintza azaltzeko plazaratu duten oharrean.

«Urte bat eta erdi pasatu da gure Ttattola utzi behar izan genuenetik. Urte bat eta erdi Hazparne 18 urtez inarrosi zituzten lau murru horiek isildu direnetik», oroitu dute.

Ttattola gaztetxea itxi zenetik ez direla «isilik egon» azaldu dute gazteek jarraian.

Covid-19ak ezarritako oztopo eta murrizketen gainetik gaztetxearen izpiritua bizirik atxikitzeko xedez eginiko ekintza parrasta gogora ekarri dute.

«Pandemia erdian, kultura urkatzen zelarik, Hazparneko gazte asanbladak biltzen segitu du. Ekimen kulturalak biderkatu ditugu. Libertimendu bat muntatu dugu, kontzertuak antolatu ditugu, elkarteak lagundu eta sustengatu ditugu», aletu dute.

Era berean, Ttattola Kinki karabana eraiki dute, gaztetxe nomada bat sortuz, «gure ametsak bi erroten gainean pausatzeko lau murru lortzen ez genituen artean».

Herriko Etxearekin elkarlanean

Herriko Etxeak gazteendako lokal bat aurkitzeko engaiamendua hartu bazuen ere, geroztik gauzak ez direla behar behara aitzineratu deitoratu dute gazte asanbladako kideek. Besteak beste, hiribarnean arazo franko dagoelako lokal bat atzemateko.

«Herriko Etxea lokal berri bat xekatzera engaiatu zen, iaz, eta xekatu du, guk ere xekatu dugu, elkarlanean ari izan girelako auzapeza eta bere ordezkariekin», azaldu dute gazteek. Zehaztu dutenez, «txosten sakon eta oso bat idatzi dugu gaztetxe bat zer den zehazteko eta Hazparnen hainbat urtez ukan duen garrantzia azpimarratzeko».

Izan ere, udalarekin izan dituzten bilkuretan beti arazo berarekin egin dutela topo jakitera eman dute. Gune publiko gutxi badira herrian. Alta, etxe pribatu anitz, baita batzuk hutsik direla.

Horrendako, eta Hazparneko gazteriak gaztetxe bat behar duela sinetsita, «zailtasun horiek kondutan hartuz eta gaur egungo kontestua ikusirik, zilegitasun guziz erabaki dugu azken 10 urteetan hutsik egon den etxea okupatzea».

Esan eta egin, gaurdanik erdigunean hutsik zen etxe bat okupatu dute gazte hazpandarrek. «Determinatuak gira ahal bezain luzaz hemen egoteko, beste aukera egokorrago bat atzeman arte, Herriko Etxearekin elkarlanean», amaitu dute ekintzaren berri emanez plazaraturiko oharra.