NAIZ

Nantes frantsesa Bidasoa-Irunen gainetik pasa da Egiako finalean (24-37)

Aukerarik ez du izan Irungo taldeak. Aurreneko zatiko azken hamar minutuetan Nantesek aldea zabaldu duenez geroztik, erraz nagusitu zaio Jacobo Cuetarak zuzenduriko mutilei. Hirugarren posturako lehian, berriz, Helvetia Anaitasunak 29-30 galdu du Logroñoren aurka.

Anaitasunaren aurkako finalerdietan ez bezala, Bidasoa-Irunen defentsak eta atezanaik gogotik sufritu behar izan dute Nantesen aurrean. (Gorka RUBIO / FOKU)
Anaitasunaren aurkako finalerdietan ez bezala, Bidasoa-Irunen defentsak eta atezanaik gogotik sufritu behar izan dute Nantesen aurrean. (Gorka RUBIO / FOKU)

Bidasoa-Irunek alde handiaz irabazi bazion Anaitasunari Egiako Torneoko finalerdietan, 32-21, Nantesen aurka alde handiarekin galtzea egokitu zaio finalean: 24-37.

Alberto Entrerrios eta Gregory Cojean bikoteak zuzentzen duen taldeak hasieratik hartu du aurrea eta minutuek aurrera egin ahala, ez diote aukerarik txikiena eman talde irundarrari. Atsedenaldirako Estatu frantseseko taldea 12-19 aurretik jarri da eta handik aurrera aldea handitu baino ez da egin.

Jacobo Cuetararenek nahiko ongi eutsi diote partidari aurreneko 20-25 minutuetan, baina 8-10 galtzetik 9-14ra pasa da finala, eta handik atsedenaldiko 12-19ra. nantesen defentsa gogorragoa bihurtu da eta erasoan barnraldien bidez zazpi metroko jaurtiketak eta bat gehiagorekin pare bat bider jokatzeak mesede egin die frantsesei.

Atsedenaldiaren ostean, normala del moduan, entrenatzaile biek aulkiko jokalari gehiago erabili dituzte. Hasiera batean Bidasoak zazpi goleko desabantaila horri gutxienez austea lortu badu ere, aurreneko erdian jazo zaion moduan, Nantesen kontraerasoko golak eta bere akatsek aldeak handitu egin dituzte. Hala, partidako azken bost minutuko partzialera emaitza 23-33 dela iritsi da eta, besoak jeitsita, Bidasoak hasiera baten espero baino egur handiagoa hartuta amaitu da Egiako Torneoa.

Anaitasuna, laugarren

Ondotxo estuago joan da hirugarren eta laugarren posturako lehia, Helvetia anaitasuna eta Logroñoren artean. Azkenean, partida azken minutura 29na iritsi bada ere, Errioxarrak nagusitu dira 29.30eko markagailuarekin.