NAIZ

Brexitak eta izurriteak hornidura falta areagotu dute Britainia Handian

Enpresari britainiarrak kezkatuta daude Brexitak eta pandemiak hornidura falta handitu dutelako. Supermerkatu, jatetxe nahiz fabriketan sumatzen dira hornidura katean gertatzen ari diren arazoak, eta enpresariek zerbait egiteko eskatu diote Gobernuari.

Londreseko supermerkatu honetan pazientzia eskatzen diete erosleei. (Justin TALLIS / AFP)
Londreseko supermerkatu honetan pazientzia eskatzen diete erosleei. (Justin TALLIS / AFP)

Britainia Handian hornidura arazoak izaten ari dira azkenaldian jatetxe, supermerkatu eta fabriketan. 24matins.es-ek jasotzen duenez, hanburgesen erregeak, McDonald's-ek, iragarri du momentuz ezingo duela edari edo irabiaturik botilan eskaini Britainia Handian dituen 1.250 establezimenduetan. Nando's jatetxe kateak, aldiz, 50 establezimendu itxi behar izan zituen joan den astean oilaskoak falta zituelako. Enpresa hornitzaileek langile gutxi izateak ekarri zuen gabezia hori.

KFC kate estatubatuarrak ere logistika arazoak dituela aitortu du berriki. Horrek menuan produktu batzuk falta izatea ekarri du. Novikov gama altuko jatetxeak, berriz, Wagyu haragirik gabe gelditzen ari dira.

Supermerkatuei dagokienez, Iceland katea eta Co-Op bere lehiakidea ere kexatu dira produktuak agortzen ari zaizkielako.

Eta industrian, automobil fabrikek produkzioa eten behar izan zuten osagarri eskasiagatik. Horrek salmentak %30 jaistea ekarri zuen uztailean. Eta ekoizpena 1950tik hona ezagututako mailarik baxuenera iritsi zen.

Enpresa txiki eta ertainak ere kaltetuak dira, bereziki eraikuntzakoak, non batzuk material eta langilerik gabe gelditzen ari diren.

CBI Britainia Handiko patronalaren antolakunderik handienak jakinarazi du txikizkakoen hornidura duela 40 urteko mailarik baxuenean dagoela.

Langile atzerritarren exodoa

Hornidura arazoak duela hilabete batzuetatik dira enpresari britainiarren kezka iturri. Izurritearen ondotik, berraktibatze ekonomikoarentzako mehatxu dira.

Brexitak zerikusi handia du horretan, Europar Batasunetik joandako langileak Britainia Handian sartzea zailtzen duelako. Logistikako langileriaren zati inportantea dira, britainiarrek lanaldi luzeak eta soldata murritzak eskaintzen dituzten ofizioak ekiditen dituztelako.

Covid-19ak atzerriko langileen exodoa handitu zuen. Beste batzuek, langabezian gelditu zirenek, beste sektore batzuetan bilatu zuten lana.

Jonathan Portes Londreseko King's Collegeko irakasleak dioenez, koronabirusarekin lotutako arazoak Europa osoan ikusten direla, baina Britainia Handian «Brexitaren eraginak egoera larriagotu duela, EBko langile asko ez direlako itzuli eta balitekeelako bueltatu nahi ez izatea ere».

«Brexitaren ondoko migrazio sistemak ere enpresen kontratatzeko irizpideak alda ditzake», erantsi du.

Txikizkakoen federazio britainiarrak ohartarazi du litekeena dela urritik aitzinera egoera okertzea, Gobernu britainiarrak Brexitaren ondoko kontrol gehiago ezarriko baititu, kasu horretan EBtik inportatutako animalia jatorriko produktuen gainean.

«Eguberrietarako horniketak bidean dira jada eta enpresa aunitzi itsasontzietan lekua topatzea kostatzen ari zaie», batez ere Txinatik datozenei. Bertatik datoz eskuz egindako produktu gehienak, Jonathan Owens Salford Unibertsitateko adituak adierazi duenez.

Soldata igotzeko promesak

Enpresak egokitzen saiatzen ari dira. Tesco supermerkatu kateak edota Amazon erraldoi estatubatuarrak sariak agindu dituzte Britainia Handian behar diren gidari eta biltegi langileak kontratatzeko.

Haragi industriak, berriz, kartzelekin harremanetan jartzea aztertzen ari dira berrintegrazio prozesuan dauden preso batzuei lana emateko.

Industriako ordezkariek gero eta gehiago presionatzen dute Boris Johnsonen Gobernua postbrexiteko migrazio arautegia alda dezan eta kamioilari europarrei Britainia Handian egoten utz diezaien. Batzuek eskatzen dute langile kualifikatuei ematen zaizkien erraztasunez gozatu ahal izatea haiek ere.

«Kamioilari britainiarrek europarrak ordezkatzeak denbora eskatzen du, eta hori gertatu baino lehen produktu pila bat lortu behar ditugu Gabonetarako», abisatu du Richard Walker Iceland supermerkatuetako nagusiak.

«Inork ez du nahi bigarrenez Eguberri txarrik», baieztatu du. Esan duenez, 2020ko konfinamenduaren ondotik, aurten mahaiak erdi hutsak egon daitezke pinuaren ondoan.