NAIZ

Diru-laguntzak iragarri ditu Lakuak arrantzarentzat, bete beharreko atseden biologikoagatik

Diru-laguntzak iragarri ditu Lakuako Gobernuak atseden biologikoa dela-eta, EAEn aldi baterako geldialdia bete behar duten arrantza sektoreko armadoreentzat eta arrantzaleentzat.

Laguntzak arrantzaleentzta eta armadoreentzat izango dira. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Laguntzak arrantzaleentzta eta armadoreentzat izango dira. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Lakuako Gobernuko Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailak 300.000 euroko aurrekontu bat egokitu du Kantauri itsasoaren ipar-mendebaldean, egoitza-portua EAEn duen arte txikien erroldako flota aldi baterako geldiarazteko. Laguntzak, Arrantza eta Akuikulturako zuzendariaren 2020ko abenduaren 28ko Ebazpenaren bidez ezarritako atseden biologikoaren eraginpean dauden sektoreko eragileei zuzenduta daude.

Ebazpenaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza-portua duten arte txikien erroldako flotaren atseden biologikoa ezartzen da, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko maiatzaren 15eko 508/2014 (EB) Erregelamenduaren (Europako Itsas eta Arrantza Funtsari buruzkoa) 33. artikuluan aurreikusitakoan.

Europa Press agentziak jasotako deialdiaren oinarrietan zehazten denez, diru-laguntzak jasotzeko eskaerak aurkezteko epea irailaren 25era arte dago zabalik. Esleitutako funts guztietatik, 150.000 euro Europako Itsas eta Arrantza Funtsari dagozkio, eta 150.000 euro Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrei, 2020ko ekitaldiko ordainketa-kredituak baitira.

Arrantza-ontzien armadoreen kasuan, Arrantza Flotaren Erregistro Orokorrean aktibo gisa erregistratuta egon eta laguntza-eskaera aurkeztu aurreko bi urteetan itsasoan gutxienez 120 eguneko arrantza-jarduera egin izana eskatzen da.

Laguntza eskaera aurkeztu aurreko bi urteetan itsasoan gutxienez 120 egunez lan egin duten arrantzaleek ere jaso ahal izango dituzte diru-laguntzak, aldi baterako geldialdiak eragindako arrantza-ontzi batean aritu badira.