Santurtzik kolpe latza eman du Moañan, bandera irabaziz eta lidergoan aldea handituz

Sei puntuko aldea dago sailkapenean Santurtzi eta hondarribiaren artean. Oso ehun gutxirengatik mantendu dute gipuzkoarrek bigarren postua bigarren txandan aritu den Oriorekiko. Tiranek play offa jokatu behar du; Aresek maila mantendu du. Bi estropada falta dira eta tartean Kontxako Bandera dator. 

Gorka Aranberri Santurtziko patroiak bi besoak altxatzen ditu garaipena ospatzeko, ondoan Hondarribiko eskifaia etsituta ageri dela. (EUSKO LABEL LIGA)
Gorka Aranberri Santurtziko patroiak bi besoak altxatzen ditu garaipena ospatzeko, ondoan Hondarribiko eskifaia etsituta ageri dela. (EUSKO LABEL LIGA)

Galizian asteburu borobila egitetik bueltatuko da Santurtzi etxera. Bi bandera irabazi ditu “Soterak” –atzo, Areseko estropadan; eta gaur, Moañan– eta bi puntutan handitu du Hondarribiarekiko zuen aldea Eusko Label Ligako sailkapen nagusian. Gipuzkoarrek eskerrak eman behar dute, igande honetan, Moañako uretan, bigarren postua oso ehun gutxirengatik mantendu baitute bigarren txandan aritu den Oriorekiko. Sei puntuko aldea dago orain “Sotera” eta “Ama Guadalupekoaren” artean Liga amaitzeko bi estropada falta direnean. Tartean, ‘atseden’ bat hartuko dute Kontxako Banderari aurre egiteko. Bestalde, Tiranek maila mantentzeko play offak jokatu behark ditu eta Aresek maila mantendu du.

Azken unerarte mantendu da emozioa Moañako uretan. Ohorezko txanda hasi aurretik, estropadako denborarik onena Oriok markatu du bigarren txandan. Eta aurretik joan da ohorezko txandako momentu askotan. Santurtzik aurre hartu die Hondarribia, Donostiarra eta Zierbenari, baina Orioren denbora hobetzea asko kostatu zaie bizkaitarrei –eta are gehiago hondarribiarrei–.

Pentsa, lehenengo ziabogan oriotarrek 4 segundo hobeto egin dute biraketa Santurtzirekiko, bigarren luzean 2 segundoko aldea atera dute bizkaitarrek, bigarren ziabogan Oriok mantendu du errenta baina hurrengo luzean berriro galdu dute bizkaitarrek alde hori. Hirugarren biraketan 3 segundo galdu du “Soterak” ontzi horiarekiko eta kostatu zaio azken luzean, baina azkenean buelta eman eta garaipen itzela lortu dute santurtziarrek.

Atzetik, Hondarribia Santurtzirengandik oso gertu jarri da, bere kaletik oso gertu, eta aurkaria Orio zen; ez “Sotera”. Ioseba Amunarrizek bere arraunlariak astindu ditu eta tentisoa azken unerarte mantendu da. Azkenean oso ehunen gutxirengatik mantendu dute bigarren postua.

Bigarren txanda: Orio, hasieratik bukaera arte

Oriok oso adi jarraitu du ohorezko txanda bere lanak egin ondoren, baina azken luzean Santurtzik bere denbora hobetu duenean kai barrura sartu dira oriotarrak.

Misterio handiegirik gabeko txanda izan da honakoa. Oriok hasiera-hasieratik hartu die aurre bere aurkariei eta pixkanaka abantaila handituz joan da Jon Salsamendiren taldea. Ondarroa izan da erritmoa zertxobait mantendu dion trainerua. Lehenengo ziabogan, 3 segundoko aldea zegoen bien artean; bigarrenean, bostekoa zen; eta hirugarren biraketan 9koa.

Azken luzean ez dira asko aldatu gauzak, eta Oriok 8.92 segundoko abantaila atera dio “Itsasoko Ama” ontziari. Hirugarren Urdaibai izan da, 13.38ra; eta laugarren Cabok amaitu du, 26.53ra. Galiziarrek 3 segundo galdu dituzte hasiera eman eta oso metro gutxitara. Ondoren, denbora galtzen joan dira eta, pentsa, lehen txandan aritu diren Ares, Zarautz eta Tiranen atzetik amaitu dute estropada.

Lehenengo txanda: Zarautz, aldarrikapen bila

Moañako estropada ireki duen txandan, Zarautzek aldarripakenez gose zen. Larunbatean kategoria galdu zuen matematikoki eta ‘garaipen’ bat nahi zuen, edo behintzat sentsazio onekin amaitu Kontxako Bandera aurretik. Estropada amaieran ikusi denez, bere saria lortu du ontzi zarauztarrak, bigarren txandan aritu den Caboren eta ohorezko txandako Zierbenaren aurretik amaitu baitu, Moañako probako sailkapen nagusian zortzigarren postuan hain zuzen ere.

“Enbatak” oso estropada ona egin du hasieratik, lehen metroetan aurre hartuta. Lehenengo pasa da hiru ziabogetatik, baina azken luzean esfortzua ordaindu du eta Aresek aurre hartu dio. Hasiera batean bazirudien txandako garaipena lehiatzeko prest ager zitekeela traineru gipuzkoarra, baina galiziarrak indartsu zeuden eta 2.81 segundorengatik gailendu dira helmugan.

Tiran sartu da txandako hirugarren, 6 segundora, eta Lekittarra, azkena, 14 segundora. Tiraneko traineruak play offak jokatu beharko ditu maila mantentzeko.

Gauzak hala, Eusko Label Ligak atsedena hartuko du Kontxako Banderari pauso emateko. Asteazkenean emakumezkoek sailkapen estropada izango dute, eta gizonezkoen txanda ostegunean izango da. Irailaren 5a eta 12ko igandeetan jokatuko dira Kontxako Banderako bi estropadak.

XXXIX Bandeira Concello Moaña

1. Santurtzi          19:31.00
2. Hondarribia      19:35.64
3. Orio                 19:36.96
4. Ondarroa         19:45.92
5. Urdaibai          19:50.32
6. Donostiarra     19:50.64
7. Ares               19:54.52
8. Zarautz          19:57.50
9. Tiran              20:00.62
10. Zierbena       20:01.26
11. Cabo            20:03.62
12. Lekittarra      20:08.82

Sailkapen nagusia

1. Santurtzi          193 puntu
2. Hondarribia      187
3. Donostiarra      162
4. Orio                158
5. Zierbena         151
6. Urdaibai          136
7. Ondarroa        101
8. Cabo              92
9. Ares               82
10. Lekittarra     73
11. Tiran           55
12. Zarautz        44

Castroko traineruak KAE1 Ligan jarraituko du play offetan irabazi eta gero. (Idoia ZABALETA/FOKU)

KAEko play offak

Castrok play offa irabazi du asteburu honetan. Larunbatean Colindresen azkarrena izan zen eta igande honetan, etxeko uretan, gauza bera egin du. Hala, KAE1 Ligan mantenduko da traineru kantabriarra. “La Marinera” ontziak bi segundoko alde atera dio Hondarribia B-ri, sei Camargori eta 41 Portugaleteri.

Gauzak hala, Zarautz ere KAE1 Ligan lehiatuko da datorren denboraldian Eusko Label Ligan maila galdu ostean, eta Busturialdea KAE2 Ligatik zuzenean igoko da. Camargo eta Hondarribia B-k ez dute ziurtatuta KAE1 Ligako mantentzea. Eusko label Ligara igotzeko play offetara itxoin beharko dute, bertan arituko baitira Getaria eta Kaiku.