Dabid Lazkanoiturburu
Nazioartean espezializatutako erredaktorea / Redactor especializado en internacional

Txinak eta Errusiak gero eta gehiago dute esateko Afganistanen

Alemaniak onartu duen bezala, Txinak eta Errusiak gero eta gehiago izango dute esateko Afganistango etorkizunean, gaur bertan NBEren Segurtasun Kontseiluan begibistan dagoenez. Moskuk dei egin die AEBei gordeta dituzten Afganistango urrea eta diru-erreserbak itzul ditzaten.

Errusia eta Txina garaiz eta ondo berkokatu ziren talibanak itzulera begira. (Wakil KOHSAR/AFP)
Errusia eta Txina garaiz eta ondo berkokatu ziren talibanak itzulera begira. (Wakil KOHSAR/AFP)

Heiko Maas Alemaniako Kanpo Arazoetarako ministroa Afganistango etorkizunaren inguruko eztabaidara Txina eta Errusia gonbidatzearen alde azaldu da, baita ere Ameriketako Estatu Batuek (AEBek) okupazioa bihar amaitutzat eman ondoren alde egin nahi duen jendea ateratzen jarraitu ahal izateko.

Maas Uzbekistanen da eta «nazioarteko aktore garrantzitsuak» eztabaida mahaian egon behar dutela azpimarratu du ministro germaniarrak.

Egiari zor, Txinaren eta Errusiaren parte-hartzea ekidiezina da, Kabulen enbaxadak mantendu dituzten bakarrenetarikoak direlako eta, batez ere, talibanak Kabulera iritsi baino lehen garaiz eta ondo berkokatuta zeudelako.

Gainera, bi herrialdeok NBEko Segurtasun Kontseiluan ere badute zer esana, kide finkoak baitira potentzia nuklearrak diren heinean. Gaur bertan biltzen da aipatu kontseilua Afganistango auzia aztertzeko.

Urre afganiarra, Washingtonen

Aurrez, Errusiak dei egin die AEBei «izoztuta» dituzten Afganistango Banku Zentralaren diru-erreserbak itzul ditzaten.

Washingtonek ondasun hori guztia droga eta arma trafikoa berpizteko erabili daitekeela aipatzen du aitzaki moduan. Baina azken finean talibanei presio egiteko neurria baino ez da.

Zamir Kaboulov Kremlinek Afganistanen duen ordezkariak ohartarazi duenez,  «mendebaldeko gure kideak hain larrituta baldin badaude  afganiar herriaren etorkizunarekin, ez dago zertan arazo gehiago sortu behar, urrea eta dibisak izoztuz».

Are gehiago, ondasun hori gabe, botere berriak «drogen trafikoa eta armen merkatu beltza suspertzeko tentazioa izango du», azaldu du Kaboulovek, arma horiek AEBek eta beraiek osatu zuten «Armada» afganiarrak utzi dutela gogora ekarriz