Arnaitz Gorriti

Eguraldi aldaketak baldintzatuko du emakumeen Kontxarako sailkapen estropada

Sekula baino partehartzaile gehiago izango ditu emakumeen probak, 20 traineru itsasoratuko baitira 17.30etatik aurrera. Donostiarraz gain, Euskotren Ligako hiru taldeak, ETE Ligako aurrenak eta Galiziako Cabo eta Chapela dira aurreneko zazpiretan sailkatzeko hautagai nagusienak.

Arraun Lagunak eta Orio, Euskotren Ligan bezala, Kontxako Banderaren borrokan aritzeko hautagai nagusienak dira. (Jon URBE / FOKU)
Arraun Lagunak eta Orio, Euskotren Ligan bezala, Kontxako Banderaren borrokan aritzeko hautagai nagusienak dira. (Jon URBE / FOKU)

Bazen garaia! Kontxako Banderaren 2021eko ekitaldia iritsi da azkenean. Ohikoa den moduan, aste erdian sailkapen estropada jokatuko da eta iazko ereduari segituz, bi egunetan banatuko da. Asteazkenean emakumeek ekingo diote lanari 17.30etan hasita, gizonen lanak biharamonerako lagata. Sekula baino emakumeen traineru gehiagok hartuko dute parte «beldurraren estropada» deritzon honetan, 20 aterako baitira uretara, Donostiarrarekin batera Emakumeen XIV. Kontxako Banderaren lehian zeintzuk ariko diren jakiteko. Gogan izan behar da sailkapen estropada honetan –ezta ostegunean ere– ez dela ikuslerik izango, igandean ez bezala, zeinetan 1.200 lagun inguru onartuko diren harmailetan.

Dena dela, sailkapen estropadara iritsi aurrean, ohiko kinielek badute gonbidatu berezi bat: eguraldia, alerta horia izango baita. Orain arte eguzkitsu eta ateri eutsi baldin badio, asteazkenetik aurrera eguraldi aldaketa omen dator Euskalmet zerbitzuak dioenez. Orduek aurrera egin ahala eguraldia gero eta ezegonkorrago bihurtuko da eta lainoek «trumoi ekaitzak, euria eta txingorra» uzteko arriskua iragartzen da.

Euriak baino, itsasoari begira jarriz gero, haizea da kezka iturri nagusiena eta Euskalmeten arabera, «ekialdeko haizea ibiliko da 2 eta 3ko indarrarekin; arratsaldean iparrekialdekoa nagusituko da 3ko indarraz. Itsaso kizkurra edo itsaskirria eragingo du. Iparmendebaldeko hondoko itsasoak metro erdi edo metro bateko olatuak altxatuko ditu».

«Estropada bakoitzean itsasoak gauza ezberdinak eskatzen dizkizu. Gu hortara joan behar gara, bestetan erreparatu gabe», azaldu du aldaketa horren harira Arraun Lagunak traineruko Xubane Uribarrena arraunlariak.

«Nik uste baduela bere garrantzia sailkapen estropadan aritzeak», gaineratu zion, berriz, hedabide honi Andrea Astudillo Arraun Lagunak traineruko patroiak.

«Urduritasunak kentzeko balio dizu sailkapen estropadan aritzeak eta bide batez eremua hobeto ezagutzen duzu. Horrez gain, haizea oso garrantzitsua da, eta itsasgora edo itsasbehera zer den estropadaren unean», gaineratu zuen. Bide batez, asteazken eguerdiko 13.09etan izango da itsasgora eta arratsaldeko 19.36etan itsasbehera.

Albokoei zeharka begira

Aldaketa horrek eragin lezake akaso sorpresaren bat, osterantzean faboritoen zerrenda nahikoa garbi dagoelako Donostiarrarekin batera trapuaren bila aritzeko: Arraun Lagunak, Euskotren Ligako irabazle berria, Orio eta Hondarribia, hirurek Kontxako Banderaren bila beharko lukete. Galiziako txapeldun den Cabo eta bere atzetik amaitu duen Chapela –biek ere datorren urtean Euskotren Ligan aritzeko play-offetan parte hartuko dute– ere ez dira aparte izango, eta horrez gain ETE Ligako Tolosaldea, Deusto eta Hibaika, Zumaia eta Pasai Donibane ahaztu gabe, zazpi onenen borrokan arituko dira.

Aurreko urteetan egin den moduan, aurten ere bi multzotan banatu dituzte partehartzaileak: Cabo, Perillo, Chapela, Zumaia, Deusto, Arraun Lagunak, Hibaika, Hondarribia, Orio eta Tolosaldea A multzoan ariko dira eta, berriz, Castro, Mugardos, Isuntza, Lapurdi, Lutxana, Nautico de Riveira, Ondarroa, San Juan, Tiran eta Zarautz B multzoan izango dira arraunean.

«Irailean gaude eta badakigu zer dakarren horrek», adierazi du Xubane Uribarrenak. «Zarauzko Ikurrinaren ondoren, Hondarribiako estropadan oso gustora aritu ginen batere presiorik gabe, eta asko gozatu genuen. Nik uste orain arteko entrenamenduetan sentsazio horiek mantendu ditugula. Energia asko denok xahutu dugu uda honetan, baina nik uste Arraun Lagunakek baduela saltotxo bat emateko modua falta zaigunari begira: lehenengo sailkapena lortu eta gero, ahal bada, Banderaren bila arraun egiteko», azpimarratu du.