NAIZ

Onkologikoa Osakidetzaren parte bilakatzeko prozesuan langileak ere integratzea eskatu dute

Onkologikoa Fundazioko 200 langile inguruk Lakuako Osasun sailari eskatu diote Donostiako Unibertsitate Ospitalea eta Onkologikoa Osakidetzaren sarearen parte bilakatzeko prozesuan «homologazio osoa» ahalbidetzea, hau da, langileak barne hartuko dituena.

Onkologikoko langileen elkarretaratzea maiatzean. (Gorka RUBIO/FOKU)
Onkologikoko langileen elkarretaratzea maiatzean. (Gorka RUBIO/FOKU)

200 langile inguruk, Onkologikoa Fundazioko Langileen Kolektiboaren izenean Lakuako Osasun Sailaren eta Osakidetzaren osasun-politikaren «arriskuei» buruz ohartarazi dute eta kexu dira Onkologikoa Osakidetzan integratzeko prozesuan «nekez jasan daitekeen» «ziurgabetasuna» pairatzen ari direlako.

Ospitalea «gutxiegi» erabiltzea, paziente onkologikoak beste zentro itundu batera bideratzea eta minbiziak jotako pazienteen prozesuetan osasun-baliabideak ez optimizatzea «arduragabekeria larria» iruditzen zaie eta EAEko Osasun Sailari «praktika klinikoa sendotzearen alde» lan egitera dei egin diote.

Donostiako Unibertsitate Ospitalea eta Onkologikoa Osakidetzaren sarearen parte bilakatzeko prozesuan «homologazio osoa» falta dela diote langileek, hau da, «Integrazio Organikoa (pertsonala) eta Integrazio estrukturala (eraikina)».

Baldintza horiek ez badira betetzen, aipatu prozesua «ospitalearen xurgapen» gisa ulertzen dute beharginek, eta «ziurgabetasuna» salatu dute beren lan-etorkizunari dagokionez.

«Beraz, Administrazioak Osakidetzaren Onkologikoa eraikina kudeatzeko benetako interesa badu, langileak bere osasun-sarean sartu beharko ditu, Onkologikoa Fundazioko langileen eskariari erantzunez. Basurtuko Ospitalearen, Arrasateko Ospitalearen, Toraxeko Ospitalearen eta Gipuzkoako Probintzia Ospitalearen aurrekariekin gertatu zen bezala. Aurrekari horiek adierazten dute euskal administrazio publikoak ahalmena duela, agintaritzari dagokionez, aukera edo aitorpen hori antolatzeko; beraz, Onkologikoa Fundazioarekin ere egin nahi izatea falta da», aldarrikatu dute.