Arnaitz Gorriti

Eusko Label Ligako onenak Kontxara bidean nagusi, Ares eta Caboren irribarrea lagun hartuta

Ipar ekialdeko haizeak eraginda, itsaso petral eta zikin askoaaurkitu dute arraunlariek, eta «Sotera» izan da nagusi itsaso horretan, Hondarribia eta Zierbenaren aurretik hurrenez hurren. Gero iritsi dira sorpresak, Cabo Orio eta Urdaibairen aurretik, eta Ares zazpigarren, aurrenekoz Kontxa jokatuz.

Inor poztu bada sailkatu izanaz, hori Ares izan da, bere historian aurrenekoz ariko baita Kontxako Banderan. (Andoni CANELLADA / FOKU)
Inor poztu bada sailkatu izanaz, hori Ares izan da, bere historian aurrenekoz ariko baita Kontxako Banderan. (Andoni CANELLADA / FOKU)

«Boga! Boga! / Horrela da bizitza. / Noizean behin gorrotoa diozu, / baina zure barnean maite duzu», kantatzen zuen «Delirium Tremens» taldeak. Ipar ekialdeko haizeak arraunlariak kirolari bainio marinel bihurtu ditu Kontxako Banderaren sailkapen estropadan. Euria, txingorra... «egin izan balitu!» pentsatuko zuen hainbatek, olatu handiegiak ez, baina petral askoak izan dituzte-eta arraunlariek.

«Deriba handia zuen olatuak eta bide galtzerik ez izaten nahikoa lan izan dugu. Olatua albotik gainera zetorren eta zaila zegoen ontzia gobernatzen. Lehenengo postuan ateratzeak mesede egin digu, beste inoren erreferentziak begiratu beharrean gure arraunketa bilatuta, eta lan ona egin dugu. Mutilek arraunean bikain egin dute», adierazi du horren harira Gorka Aranberri Santurtziko patroiak.

Izan ere, «Soterak», Eusko Label Ligan lider den taldeak berak irabazi du sailkapen estropada, Hondarribia eta Zierbenaren aurretik. Alegia, Donostiarra aparte utzita, lehiatu gabe baitauka lekua Kontxako estropadan, Eusko Label Ligako aurreneko hirurak izan dira aurreneko hiru sailkatuak «Beldurraren estropada» honetan.

Baina benetako irabazleak laugarrena eta zazpigarrena izan dira. Hau da, Cabo eta Ares, hurrenez hurren. Cabok inor uste baino estropada hobea egin du eta Orio edo Urdaibairen denborak hobetu ditu, galiziarren festaren aurreneko leherketa eraginez.

«Lan bikaina egin dugu. Urte zaila bizi izan dugu, baina lan aparta eginda sartu gara zazpi onenen artean», adierazi du Oscar Hermo Caboren patroiak.

Hermo pozarren egon bada, zer esan Hugo Rascado, Aresekoen patroi gazteari buruz, Aresek aurrenekoz bere historian Kontxako banderan lehiatzeko txartela lortu ostean! «Sekula gehiago sartuko garen ez dakigu eta hau sekulakoa da, amets bat! Itsasoa oso zikina zegoen, nik sekula ez dut horrela ikusi. Oso gogorra joateko zein etortzeko, baina gure aukerak baliatu ditugu. Bagenekien gauza oso ondo eginez gero, eta akaso baten batk huts egin, aukeraren bat izan genezakeela, eta hala suertatu da. Ezin gehiago eskatu: Eusko Label Ligan maila mantentzea bermatu dugu, orain hau... ikaragarria!»

Edota 52 urteko Luis Pazos beteranoa, Aresen eman duen aurreneko urtea Kontxako Banderara hamar urteren ostean sailkatu ondoren. «Duela hamar urte sailkatu nintzen azkenengo aldiz, Urdaibairekin, eta orduan bandera irabazi genuen. Ez dirudi halakorik egingo dugunik, baina zoragarria izan da berriro Kontxako Banderara sailkapena lortzea».

Ondarroa, ifrentzua

Txanponak aurkia duen bezala, ifrentzua ere badu, ordea, eta Ondarroari egokitu zaio inork ere nahi ez duen zortzigarren postua, hirugarren aldiz azken lau urteetan.

«Ziaboga sasoian barruan ginen, baina bistan da Ares hobea izan dela itzulerako luzean eta zorionak eman beharko», onartu du, besterik ezin egin eta, Iñaki Errasti ondarroaren entrenatzaileak. Izan ere, bi traineruren aldea atzetik amaitu dute ondarroarrek, poparian Aresek baino ondotxo luze eskasagoa egin ondoren.

Izan ere, Galiziako ontzi biek poparian eman dute beren bertsiorik onena, Santurtzirekin batera. Azken metro horietan, irlatik aurrera, ikusi dira. Baita ziabogan ere, bestetik. Esaterako, Orioko Ugaitz Mendizabal patroiak gorriak eta beltzak ikusi ditu ziaboga emateko sasoian, haizeak eta olatuek sekulako kaltea eraginda.

Egunik lasaiena, beraz, Santurtzik berak izan du. Lehenengo postuan atera eta denborarik onena ezarri du, besteren erreferentziarik begiratzeke eta itsasoak eskaini dituen zailtasunen artean ahal bezain ondoen konponduz. Hondarribia eta Zierbena ere antzera moldatu dira, eta handik aurrera, Babeko Dorrea bailitzan, bakoitza ahal izan duen moduan konpondu da.

Eusko Label Ligara igotzeko play-offetarako erreferentzia gisa, berriz, Getaria moldatu da ondoen. KAE-1 Ligako txapeldunak, Kaiku, Tiran eta abarren oso aurretik eta Ondarroarengandik zazpi segundo eskasera.

Bestalde, 24traineruk arraun egin beharrean 23k egin dute bakarrik; izan ere, Castro arraun egin ezinik geratu da covid-19 kasu positibo bat izan duelako bere eskifaian.

Santurzi eta Hondarribia, banaturik

Sailkapenak amaitu ostean, ohiko zozketarekin amaitu da sailkapen estropaden bigarren jardunaldia. Ondorioz, Santurtzi eta Hondarribia banandurik ariko dira datorren igandean.

Hala aurreneko txandan «Ama Guadalupekoa» Zierbena, Urdaibai eta Donostiarrarekin batera ariko da, bigarren txandarako lagara Santurtzi eta Orio, Ares eta Caborekin batera.

CXXVI. Gizonezkoen Kontxako Bandera. Sailkapen estropada:

1- Santurtzi 20:23.68

2- Hondarribia 20:29.54

3- Zierbena 20:31.98

4- Cabo 20:43.22

5- Orio 20:44.38

6- Urdaibai 20:45.20

7- Ares 20:47.34

8- Ondarroa 20:54.74

9- Lekittarra 20:56.88

10- Getaria 21:01.08

11- San Juan 21:06.02

12- Kaiku 21:14.14

13- Zarautz 21:16.30

14- Tiran 21:22.00

15- Pedreña 21:26.40

16- San Pedro 21:26.66

17- Arkote 21:31.08

18- Zumaia 21:50.44

19- Deusto 21:54.02

20- Lapurdi 22:17.06

21- Camargo 22:29.04

22- Mutriku 22:41.16

23- Hibaika 23:21.06

24- Castrok ez du parte hartu