Haritz Larrañaga

Iazko osasun neurrien antzekoekin hasi da ikasturte berria Ipar Euskal Herrian

Ikasturte berriko lehen eskola eguna osasun neurriekin eta txertatze kanpaina baten erdian hasi da Ipar Euskal Herrian, irailaren 2an. Bardozen Seaskako 38. ikastola estreinatu da eta Baionan bertako eskola publikoak sustatzeko egitasmoa aurkeztu du Udalak.

Baionako Marie Curie ikastetxe publikoko ikasleak ikasturte berriko lehen eskola egunean. Guillaume Fauveau
Baionako Marie Curie ikastetxe publikoko ikasleak ikasturte berriko lehen eskola egunean. Guillaume Fauveau

Ikasturte berria osasun neurri zorrotzekin eta txertatze kanpaina baten ardian hasi da Ipar Euskal Herrian. Uda sasoian hutsak egon diren ikasgelak berriz hartu dituzte Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako 51.000 ikasle eta 6.230 irakaslek, eta haien artean ziren Bardozen estreinatu berri den Xarnegu ikastolako haur eta irakasleak ere.

Jada hirugarren ikasturtea da Covid-19ak eragindako osasun krisiaren ondorioz ikastetxeetan osasun neurri zorrotzak ezartzen direla, baina iazko neurriekin alderatuta ez da aldaketa handirik ikasleentzat, nahiz eta aurrerantzean ikastaroak presentzialak izango diren eta telelana iraganean geratuko den.

Hau da, iaz bezala, ikasleek musukoa eraman beharko dute, elkarren arteko distantziak errespetatu beharko dituzte, eskuak garbitu beharko dituzte eta ikasgelak aireztatu beharko dira. Azken puntu honi garrantzia berezia eman diete adituek eta zenbait ikastetxetan aire sentsoreak ezarriko dira, baita Ipar Euskal Herrian ere, Baionako Marie Curie ikastetxe publikoan hainbat ordezkari publikok eskaini duten prentsaurrekoan jakitera eman dutenez.

Txertaketa ikasle eta irakasleen artean

Ikasturte berriaren hasieran oihartzun handiago izan du indarrean den txertatze kanpainak osasun neurriek baino, izan ere indar berezia egiten ari da frantziar Hezkunde Nazionala ikasle gazteak eta irakasleak txertatu daitezen. Ipar Euskal Herrian 12 eta 17 urte arteko gazteen %74ak gutxienez txerto bat jarria zuen abuztuaren 25ean argitaratutako datuen arabera, eta irakasleen kasuan %73a zen ikasturtea hasi aitzin lehen txertoa jarria zuena.

Herritarrak txertatzera bultzatzeko Gobernu frantsesak ezarri dituen neurriek ikasleei ere eragiten diete, izan ere kolegio eta lizeoetan positibo ematen duten ikasleek eskolara joan ahal izango dute, ez ordea txertatu gabeek, zazpi eguneko epean etxetik lan egin beharko baitute.

Unibertsitatean, ostera, astebeteko isolamendua ezarriko zaio positibo ematen duen ikasleari eta aitzitik, lehen mailan Covid-19 kasu bakar bat agertuz gero, zazpi egunetarako itxiko dute ikasgela, konfinamendua garaian egiten zuten bezala, ikasleek etxetik ikasten jarraitu beharko dutelarik.

Ikastola berri bat

Osasun neurriez harago ospakizun eguna zuten gaurkoan Bardozen, Xarnegu ikastolak lehen aldiz ateak ireki baititu ikasturte berrian bertan izango diren lau ikasle eta bi irakasleentzat. «Lan anitz bada egiteko, baina biziki kontent gira, eta haurrak ere bai, lehen eguna da eta jada lagunak egin dira», jakinarazi du Stephanie Chabayk, Ipar Euskal Herriko 38. ikastola irekitzeko lanean burubelarri aritu den gurasoak.

Baionan berrikuntza lanak

Baionako Udalak ere hezkuntza arloan egiten ari den lana ezagutzera emateko baliatu du ikasturte berriko lehen eguna. Marie Curie ikastetxe publikoan eskaini duten prentsaurrekoan aditzera eman dutenez ama-eskola eta lehen mailako 2.488 ikasle dira Lapurdiko hiriburuan, eta Udalak 22 eskola publiko finantzatzen ditu.

Jean-René Etchegaray auzapezak jakinarazi duenez «eskola publikoak 2026» egitasmoaren baitan hainbat eskola eraiki eta berritzeko asmoa dute eta dagoenekoz lanean ari dira, udan zehar 650.000 euro gastatu dituztelarik.

Aurtengo ikasturterako 10,5 milioi euroko aurrekontua du Baionako Udalak aipatu egitasmoan ezarriak dituzten helburuak betetzeko.

Berrikuntza lanez gain, elikadura ekologikoa, hizkuntza politika, kultura eta kirola, zein ekipamendu numeriko egokia sustatzea dira Bainako Udalaren lehentasunak eta arlo bakoitzean ematen ari diren eta emango diren urrats zehatzak aurkeztu ditu Christine Martin Dolhagaray hautetsiak.