NAIZ

Hernaniarrek gastatzen duten dirua herrian gelditzea da ekhi monetaren xedea

Ekhi moneta soziala aurkeztu dute ostiral honetan Hernanin. Xabier Lertxundi alkateak azaldu duenez, ordaintzeko sistema digital bat da. Ez dago txanpon fisikorik. Zirkuitu ekonomiko itxiak sortzea da helburua, hernaniarrek gastatzen duten dirua herrian gelditzea eta herriko ekonomia indartzea da.

Ekhi monetaren aurkezpen ekitaldia Hernanin. Bertan izan dira Xabier Lertxundi alkatea, Alex Lopez Ekhilur kooperatibako kidea eta Marta Zulaika Berriak elkarteko ordezkaria. (Andoni CANELLADA / FOKU)
Ekhi monetaren aurkezpen ekitaldia Hernanin. Bertan izan dira Xabier Lertxundi alkatea, Alex Lopez Ekhilur kooperatibako kidea eta Marta Zulaika Berriak elkarteko ordezkaria. (Andoni CANELLADA / FOKU)

Hernaniko Ekhi moneta sozialak herritarrek gastatzen duten dirua herrian bertan gelditzea du xede. Horretaz gain, komunitatea indartzea, jendearen erosketa ohiturak aldatzea eta diruaren gaineko kontrola berreskuratzea ere lortu nahi dute sistema honen bidez. Ekhi moneta digitala da, ez dago txanpon fisikorik.

Hernaniko Udalak eta Ekhilur kooperatibak sustatzen dute proiektua, eta Berriak elkartearekin elkarlanean jarriko da martxan. Hirurak bildu dira ostiral honetako ekitaldian. Esplikatu dutenez, Hernaniko herritar, komertzio eta enpresa guztiek parte har dezakete. «Sarea zenbat eta zabalagoa izan, indartsuagoa izango da sistema eta tokiko ekonomiarentzat onura ere handiagoa», nabarmendu du alkateak.

Hasieran, Udalak sustatuko du sistema honen zabalpena. Horregatik, konpromisoa hartu du erakundeak egiten dituen erosketa batzuk ekhilur sistemaren bidez egiteko. Merkataritzarekin lotutako udal programa eta kanpainak ere ekhia bultzatzeko baliatuko ditu, eta noizean behin ateratzen dituen erosketa-bonuen zati bat ekhitan izango da.

Fidelizazio sistemaren abantailak

Ekhilur sisteman parte hartzeko moduak azaldu ditu Ekhilur kooperatibako kide Alex Lopezek. Ekhilur kooperatibako bazkide egitea da lehen urratsa. Ondoren, clickoin aplikazioa jaitsi eta diru errekarga bat egin behar da, Bizum edo antzeko sistemetan bezala. Dendan bertan ere egin daiteke errekarga.  

Sisteman parte hartzeak mota desberdinetako abantailak dakartza: herriko ekonomia sustatzeaz gain, deskontuak ere jasotzen dira. «Komertzio batean ordainketa bat egiten duzunean, deskontu automatiko bat jasotzen duzu. Deskontu hori zure kontuan pilatzen da eta sareko beste edozein dendetan erabil dezakezu», argitu du Lopezek.

Merkataritza-gune handietan erabili ohi duten fidelizazio sistema bera da. «Normalean denda txikiek ez dute fidelizazio sistema horiek erabiltzeko aukerarik. Ekhilur sisteman, ordea, handiek erabiltzen duten sistemaren abantailak txertatu ditugu».

Teknologiekin arazotxoak dituztenak ez ditu kanpoan utzi nahi ekhilur sistemak. «Pertsona horientzako QR sistema duen txartel fisiko bat atera dugu», esan du Lopezek.

Erabakiak, partaide guztien artean

Kooperatibako kide izateagatik 50 euroko ekarpena egin behar da, eta bazkide izateari utziz gero, bueltan jasotzen da dirua. Kooperatibako bazkide izateak abantailak ditu: sareko partaide guztiek monetaren inguruko erabakiak hartzeko eskubidea dute. «Orain ez daukagu inolako kontrolik gure diruaren gainean. Banketxeek edukitzen dute kontrol guztia. Ekhilurrekin bazkideok dugu sistemaren gaineko kontrola eta erabakitzeko ahalmena», erantsi du Ekhilurreko ordezkariak.

Kontuak mantentze kostua du (urteko 15 euro + beza herritarrentzat eta 24 euro + beza, dendarientzat). Dena dela, urrian promozio kanpaina bat abiatuko du Udalak eta lehenengo 800 herritarrentzat eta 80 dendentzat lehenengo urteko mantentze kostua doakoa izango da.

Aurretik Bilbon, ondotik Euskal Herri osora

Espainiako Bankuaren lizentzia dauka ekhi monetak, beraz, «berme juridiko osoa du», ohartarazi du Lopezek. Momentuz, Bilbon jarri da martxan eta orain, Hernanin. «Gure asmoa da etorkizunean Hego Euskal Herri osora zabaltzea, eta herri bakoitzak bere barne sarea edukitzeaz gain, sare handiago bat sortuko genuke, batez ere enpresek eta dendek sare zabalago horren barruan erosi ahal izateko», azaldu du. «Ipar Euskal Herrian indarrean dagoen euskoaren sustatzaileekin ere hitz egiten ari gara etorkizunean bien arteko harremana nola eratu dezakegun aztertzeko».

Denda guztiak elkartzeko plataforma

Marta Zulaika Berriak elkarteko ordezkariak esan duenez, azken urteotan ikusten ari dira dirua gero eta gehiago Donostiara edo on line dendetara doala. Eta sistema honekin herrian bertan erostera animatu nahi dituzte hernaniarrak. Gainera, gero eta plataforma digital gehiago sortzen ari dira eta Ekhilur sistema denda guztiak elkartzeko plataforma bat izan daitekeela aipatu du Zulaikak.

Berriak elkarteak haren bazkideen artean sistema sustatzeko kanpaina egingo du eta herritarrak ere animatu nahi ditu parte hartzera sarea ahalik eta zabalena izan dadin.