Haritz Larrañaga

«Askatasuna» aldarrikatzen zuten bi manifestaziok bat egin dute Santiago zubian

Ehunka lagunez osatutako bi manifestaziok bat egin dute Santiago zubian. Bizitza Plataformak deitutako mobilizazioan «osasuna eta askatasuna banaezinak» direla aldarrikatu dute eta txertatzen ez diren herritarrek pairatzen duten «apartheita» salatu dute.

Irun eta Hendaiatik abiatu diren bi mobilizazioek Santiagoko zubian bat egin dute. (Gorks RUBIO/FOKU)
Irun eta Hendaiatik abiatu diren bi mobilizazioek Santiagoko zubian bat egin dute. (Gorks RUBIO/FOKU)

Arratsaldeko lauetan ezarri zuen hitzordua Bizitza plataformak, Irunen eta Hendaian, «osasuna eta askatasuna banaezinak» direla aldarrikatzen zuten manifestazioak abiatu eta Santiago zubian bat egiteko. Hendaiako manifestazioan presentzia berezia izan dute Estatu frantsesean zenbait eremutan derrigorrezkoa den osasun pasearen kontrako mezuek.

Denera mila lagun baino gehiago bildu dituen mobilizazioa deitu zuen Bizitza plataformak hiru eskaera nagusi egin zituen bere deialdian. Batetik, «eztabaida zientifikoa sustatzea hedabide publikoetan», bestetik, «agintari publikoei legea bete dadila eskatzea eta pertsonen berez-berezko eskubideak bermatzea», eta azkenik, «gizarteari informazio egiaztatua eskaintzea».

Haserre, baina festa giroan

Arratsaldeko lauetan Hendaiako herriko etxearen parean ehunka lagun bilduak ziren Santiago zubira abiatzeko, baina antolatzaileek apur bat atzeratu behar izan dute manifestazioaren hasierako hitzartzea une berean ezkontzen zen bikote baten zeremonia ekitaldia ez oztopatzeko. Edonola ere, manifestariek festa giroan itxaron dute eta ezkonberriek sekulako txalo zaparrada jaso dute atetik irten direnean.

«Gaur Frantzia eta Espainia zubian elkartuko dira», adierazi du Hendaiako herriko etxeko eskaileretatik mikrofono bat eskuan zuela mintzatu den Tom Dubois-Robin bozeramaileak. Hitzartze labur baten ostean, manifestariak ozen hasi dira oihukatzen, «Liberte, liberte, liberte!», eta hizlariak agindu moduan, Liberte karrikan behera abiatu dira.

Manifestarien artean denetariko bandera eta afixak ikus zitezkeen. Ikurrinak, bandera frantsesak, bandera espainolak eta baita Brasilgo bandera bat ere, izan ere, manifestarietako batek azaltzen zuenez, «arazoa mundu mailakoa da».

«Ireki begiak!» zihoen afixa batek, beste batek komunikabideen isiltasuna salatzen zuen, beste askok txertoaren inguruko mezuak zituzten, eta haurren osasunari eta askatasunari erreferentzia egiten zieten esaldiak ere irakur zitezkeen. Denetariko esaldiak eta jendea batu da Hendaian, batzuek dantzan, besteak mozorrotuta, baziren eguzkiari aurre egiteko freskagarriak edaten ari zirenak ere, eta horrela, giro onean egin dute Santiago zubirako ibilbidea ehunka lagunek, «Non au Pass sanitaire» goiburua zuen pankarta baten gibelean.

Irun eta Hendaiatik abiatu diren bi mobilizazioek Santiagoko zubian bat egin dutenean mila pertsona baino gehiagoko multzoa osatu dute manifestariek, eta ekintza sinboliko baten bitartez «askatasuna» idatzita zuten banderolak elkar trukatu dituzte. Horren ostean, Bidasoaren bi aldeetatik iritsi diren manifestariak elkarren artean besarkatzen hasi dira eta pixkanaka Ficoba eraikinaren kanpo aldeko eremua hartu dute.

Hitzartzean gehien errepikatu den hitza «askatasuna» izan da, baina izan dira hitz gogorrak ere. Esaterako, txertatzen ez diren herritarrek «apartheita» pairatzen dutela salatu dute hitzartzean eta Estatu frantsesean zenbait eremutan derrigorrezkoa den osasun pasearen kontrako kritikak ere oso zorrotzak izan dira.