Asier Robles

Ezker subiranistaren indarra aldarrikatuz hasi dute EH Baik eta EH Bilduk ikasturte politikoa

Euskal Herriak eta Europak dituzten erronkei buruz aritu dira Arnaldo Otegi (EH Bildu) eta Anita Lopepe (EH Bai), eta ezker subiranistak gero eta babes sozial eta pisu politiko handiagoa duela gogorarazi dute ikasturte politikoari hasiera eman dion ekitaldian.

Arnaldo Otegi (EH Bildu) eta Anita Lopepe (EH Bai) iksturte politikoa abiatu dute. (Idoia ZABALETA/FOKU)
Arnaldo Otegi (EH Bildu) eta Anita Lopepe (EH Bai) iksturte politikoa abiatu dute. (Idoia ZABALETA/FOKU)

EH Bilduk eta EH Baik ikasturte politikoa abiatu dute larunbat honetan Iruñeko Baluarten egindako ekitaldian. Arnaldo Otegik (EH Bildu) eta Anita Lopepek (EH Bai) erronkei buruz hitz egin dute.

Bi indar politikoak senidetuak daudela eta urteetan zehar harreman «jarraitua eta egonkortua» izan dutela nabarmendu du aurkezleak. «Euskal Herria bere osotasunean artuta eta bakoitzak bere eremutik ikuspegiak eta helburuak partekatu dituzte. Ezkerreko subiranismoa ordezkatzen dute bien artean Euskal Herria osoan», gogoratu du.

Hasteko, Anita Lopepe EH Baiko zuzendaritzako kideak hartu du hitza. Gaur egungo Europa finantza eliteak eta nazio arteko enpresa nagusien beharren arabera egituratua dagoela gogoratu du eta EH Bilduk eta EH Baik «herrien eskubideak eta herrien burujabetza aldarrikatu eta bideratuko duen Europa sozialaren hautua» berrezten dutela nabarmendu du.

Europan burujabetza aldarrikapenak eta eredu sozial aurrerakoienak «eskutik doazela» nabarmenagoa bilakatzen ari dela adierazi dute Lopepek eta Otegik: «Burujabetza eta eraldaketa soziala, demokrazia eta justizia soziala, askatasuna eta berdintasuna», esan du Lopepek.

«Gero eta indar handiagoa»

Gainera, Europako ezker subiranistako indarrek gero eta indar handiagoa dutela azpimarratu dute. Sinn Feineko indartze elektorala eta Irlanda osoan «irekitzen ari diren aukerak»; SNP eta berdeen arteko ituna Eskozian autodeterminazio erreferendum berria zerumugan dagoela; Katalunian abiatutako prozesua «eta gorabehera guztien gainetik independentziaren aldeko posizioaren indartzea»; Galizan «antzematen den berpiztea»; edota Feroe irletan dauden «espektatibak» aipatu dituzte.

Ezker subiranista Euskal Herriko bigarren indar politikoa dela azpimarratu dute biek. «Ardura bat dugu, eta gustura hartzen dugu, militante politikoak garelako, eta uste dugu gure herrialdearekin konpromisoa dugula mundu osoan indarra hartzen ari den autoritarismoari aurre egiteko, horrek gure eredu sozial, kultural eta demokratikoa kolokan jar baitezake», adierazi du Otegik.

Ipar Euskal Herriri dagokionez, Hirigune elkargoa martxan jarri dela gogoratu du Lopepek. «Gure ustetan ez da nahiko urratsa, baina lehen aldiz Ipar Euskal Herriaren ezagutza politiko-instituzionala suposatzen du, horrek berebiziko garrantzia du, eta beste urrats batzuk bultzatu behar ditugu, hala nola, estatus bereziko lurralde kolektibitatea», hausnartu du EH Baiko zuzendaritzako kideak.

«Agenda propioa»

Ezkertiarrak eta subiranistak direnek «agenda propioa» behar dutela nabarmendu dute, «digitalizazio eta robotizazio prozesua langileen bizi baldintzak hobetzeko baliatuz, lan-ordutegiak murriztuz, fiskalitate eraldatzaile eta justua bultzatuz, zaintza lanak partekatuz, zerbitzu publikoak hobetuz, aldaketa klimatikoaren aurrean energia berriztagarriak modu orekatuan bultzatuz, oligopolioak baztertuz, gure kontsumoa berrikusiz eta ezinbestez sistema bera eraldatuz».

«Arduraz jokatu dugu azken urteetan, erabaki zailak hartu eta kontraesan batzuei heldu eta gainditu, betiere herritarren ongizate integrala lehenetsiz eta Euskal Herriaren burujabetza ipar. Hurrengo hilabete eta urteetan ere horrela segituko dugu», adierazi du Lopepek.

«Aldaketa posiblea da»

Aurreko legealdian Iruñean aldaketa lortu zela gogoratu du Joseba Asiron Nafarroako hiriburuko alkate ohiak, eta aldaketa horretan gauzak egiteko beste modu bat badagoela erakutsi zela nabarmendu du. «Modu jatorra, zintzoa eta gardena da. Emakumeen aldeko borrokan, hirigintzan, kulturan, memoria historikoan, mugikortasun jasangarrian... beste Iruñea bat posiblea dela erakutsi genuen, eta horrek esan nahi du ere beste Euskal Herria bat posiblea dela», aldarrikatu du.