Idoia Eraso

Larrainen borrokak darrai, beste hiru eskoletan murgiltzea konfirmatu delarik

Astelehen honetan egin den ikasturteko irakasle postuen azken banaketarako bilkuran, aurrikusia zen bezala Idauze-Mendi, Ortzaize eta Aiherrako eskoletan murgiltzea ezartzeko postuak izendatu dira. Larrainerako posturik ez da izan, eta heldu den orenetan erabakiko dute kanpainaren jarraipena.

Murgiltzea hiru eskoletan emanen zela baina Larrainen ez ezagutzera eman zen prentsaurrekoan bost herritako auzapezak bildu ziren. (GUILLAUME FAUVEAU)
Murgiltzea hiru eskoletan emanen zela baina Larrainen ez ezagutzera eman zen prentsaurrekoan bost herritako auzapezak bildu ziren. (GUILLAUME FAUVEAU)

Astelehen arratsalde honetan ikasturterako irakasle postuen banaketa bilkura egin da. Murgiltze eredua ezartzeko asmoa zegoen Aiherra, Idauze-Mendi eta Ortzaizeko eskoletako lanpostuak konfirmatu dira. Larrainen aurrikusi bezala, ez da murgiltzea ezartzeko lanposturik banatu. Bitartean, herritar eta hautetsien artean presio kanpainari zein jarraipen emanen dieten erabakitzen ari dira.

Ikasturte hasiera oro izaten den azken momentuko lanpostuen banaketak aurten murgiltze ereduaren aldeko borrokaren aldarrikapenarekin egin du bat. Abuztu bukaeran Hezkuntza Akademiak bi eskola publikotan eta pribatu konfesional batean, antikonstituzionaltzat joa den murgiltze eredua ezartzea onartu zuela jakinarazi zuten, herriotako auzapez eta gurasoek.

Hitz emandako hori gaurko bilkuran konfirmatu da, hiru herrietako postuak izendatuak izan direlako.

Larrainen mobilizazioaren norabidea erabakitzeke

Larraineko egoera ere konfirmatu da, murgiltzea eskatu zuen laugarren herriarentzako lanposturik ez baita izendatua izan. Zuberoako herriko eskola publikoko eskaera ez zegoen gaurko bilkuran jorratzeko gaien zerrendan, baina gaia atera izan da, eta bertan Hezkuntza Akademiako Ikuskariak eman dituen arrazoiak «faltsuak» direla baieztatu du Jean-Dominique Idiart herriko auzapezak.

Murgiltzea hiru herritan ezarriko zela jakitera eman zenean Larraineko kasua zehatzago aztertu nahi zuela esan zuen Ikuskariak, baina horren berririk ez dute, ezta erantzuna jasotzeko aukera dagoen datarik ere ez.

Borroka gisara ikasturte hasieran irakasle erretretadun euskaldun bat hasi zen klaseak ematen, orain borroka bide horretan jarraituko duten deliberatu behar dute herritar eta hautetsien artean.

Larraindarrek bide lagun dituzten Frederique Espagnac eta Max Brisson senatariak, Euskararen Erakunde Publikoko lehendakari den Antton Curutcharryrekin batera heldu den orduetan jarraipenari buruzko iritzia helaraziko diete Zuberoako eskolako kideei.

«Batzuk egozten digute negoziaketak ezin direla aitzinatu gure posizioarengatik, erabaki behar dugu horrekin jarraitzen dugun, ala tregua bat ematen dugun eta beste bide batez egiten dugun borroka», azaldu du alkate zuberotarrak.

Hautetsien iritzia behin jakinda erabakiko dutela jakinarazi du Idiartek, eta delibero horretan bidelagun izan dituzten beste hiru eskoletako kideen iritzia ere bilduko dutela azaldu du.