NAIZ

Genero berdintasuna eta pandemia, aztergai Zinemaldian

James Mockoskirekin, Céline Sciammarekin eta Bob Popekin topaketak eta genero identitateei buruzko eztabaidak egongo dira Zinemaldiaren 69. edizioko elkarrizketen artean. Aipagarriena, (H)emen ikus-entzunezkoen sektoreko eta arte eszenikoetako emakumeen elkartearekin lotutako lan jardunaldia.

Beloki eta Rebordinos, aurtengo edizioaren aurkezpenean. (Andoni CANELLADA / FOKU)
Beloki eta Rebordinos, aurtengo edizioaren aurkezpenean. (Andoni CANELLADA / FOKU)

Pentsamendua eta Eztabaida Donostia Zinemaldiaren arlo tranbertsalak, nazioarteko jaialdiek eta egungo zinema kulturak dituzten erronkei erantzun nahi dienak, urte osoan zehar luzatzen diren proposamenen bidez, master classez (iazko parentesiaren ondoren aurten aurrez aurreko formatura itzuliko direnak), mahai-inguruz eta aurkezpenez osaturiko programa bat antolatu eta iragarri du 69. edizio honetan, sorkuntza zinematografikoaren, genero berdintasunaren edo jasangarritasunaren inguruan betiere.

James Mockoski zinema artxibozain eta American Zoetrope konpainiako zaharberritze arduradunak Francis Ford Coppola zinemagilearen filmekin egin duen lana azalduko digu, hala nola ‘Apocalypse Now’ pelikulan eta Klasikoak sailean proiektatuko diren filmean: ‘The Rain People’ eta ‘The Outsiders’. Mockoskik Tabakalerako Z aretoan emango du hitzaldia, asteartean, 18.30ean.

Lan-jardunaldia etabar

Zinemaldiak eta (H)emen ikus-entzunezkoen sektoreko eta arte eszenikoetako emakume profesionalen elkarteak, barneko lan jardunaldi bat antolatuko dutela iragarri da gaur. Genero berdintasunarekin zerikusia duten gaiei buruz hausnartuko da, eztabaidatzeko eta akordioak lortzen saiatzeko.

Eztabaidak elkarrekin lotutako hainbat alderdi hartuko ditu barne, besteak beste, hauek: profesionalak zinema industrian eta, bereziki, zinema jaialdietan sartzea, nola zinema sailetan, hala eztabaida foroetan; jaialdien kode etikoak, bereziki emakumeen aurkako delituei dagokienez; eta sexu eta genero edo nortasun desberdinen aitorpen eta berdintasuna.

Horrez gain, ‘Identitateak eta aniztasuna. Egiturak aldatzen dituzten istorioak’ telesail jardunaldiak, Europa Creativa MEDIA Desk Euskadirekin elkarlanean antolatuak, askotariko identitateen isla jorratuko du; Valeria Vegas kazetari eta idazleak moderatuko du jardunaldia eta Bob Pop idazle eta gidoilariak parte hartuko du. Halaber, Rolando Salazar Zinema Gay, Lesbiko eta Transaren Limako Jaialdiaren (Peru) zuzendariak moderatutako mahai-inguru batean LGTBIQ+ zinemak Latinoamerikan dituen erronkak aztertuko dira.

Zinemagile gazteak

Gainera, Nest sailaren 20. urteurrenarekin lotutako bi topaketa egongo dira. Batetik, hilaren 20an (astelehena), 11.00etan, Tabakalerako zinema aretoan, Céline Sciamma zinemagile frantziarrak hartuko du parte solasaldi batean zinema ikasleekin (‘Petite maman’ bere filma Perlan sailean emango da).

Agertoki berean, asteazkenean, 15.30ean, Laura Wandel belgikarraren txanda izango da, 2007an Murs film laburrarekin zinema ikasleen topaketan parte hartu ondoren Zinemaldira itzuliko baita. Wandelek bere lehen film luzea aurkeztuko du Zabaltegi Tabakaleran, ‘Un monde / Playground’, Cannesko Un Certain Regarden estreinatu eta FIPRESCI saria lortu eta gero.

Gainera, hilaren 21ean (asteartean), zuzeneko podcast bat grabatuko da Tabakalerako zinema aretoan, eta akreditaziodunez ez ezik, edozein ikus-entzulek sartu ahalko da bertara, duela urte batzuk topaketan parte hartu zuten eta orain euren zinema ibilbidea garatzen ari diren Nesteko ikasle ohiekin: Kiro Russo (‘Nueva vida’, Nest 2015), Inês de Lima (‘De madrugada / At Dawn’, Nest 2017), Mina Fitzpatrick (‘Wandervogel’, Nest 2017) eta Óscar Vincentelli (‘Guillermo + Violeta’, Nest 2018).

Pandemia, aztergai

Pentsamendua eta Eztabaida ekimeneko jardueren beste zati batean, pandemiaren edo kontzientzia ekologikoaren ondorioz industria zinematografikoan gertatzen ari diren eraldaketak detektatuko dira. Batetik, Europa Distributionek bultzatutako mahai-inguru batean pandemiak industria zinematografikoan izan dituen ondorioak aztertuko dira, baita horiek pelikulen banaketa eta hedapena aldatu duten modua ere.

Bestetik, Creative Europe MEDIArekin batera antolatutako ohiko European Film Forum mahai-ingurua egingo da, non sektorea industria iraunkorrago eta digitalago baterantz nola eraldatu den aztertuko baita. Zehazki, panel batek industria zinematografikoaren konpromiso ekologikoari buruz hausnartuko du, Europako Green Deal delakoaren parte gisa, eta beste batek, berriz, Europako ikus-entzunezko industriaren jardueren eta negozio ereduen garapenean Big Dataren eta teknologia digitalen erabilera izango du ardatz.

Tresnen berrikuntzari lotuta, Zinemaldia & Technology Tabakalerako Z aretoan izango da ostegunean, 12.30ean. Jarduera horrek teknologiaren eta ikus-entzunezkoen arteko loturari buruzko hausnarketa egiten du, eta ekoizpen birtualari eskainiko dio laugarren edizioa, AC Coppens moderatzaile izango duen mahai batean. Horrez gain, Industria sailaren mahai-inguruen barruan, ProFicció, PROA, Catalan Films eta EFAren eskutik, koprodukzio europarrak egiteko aukerak aztertuko dituzte.

Azkenik, ikus-entzunezkoen gaitasun pedagogikoari buruz hitz egingo da Irakaskuntza ikus-entzunezkoetan mahaia-inguruan. Egedak bultzatutako saio horretan Fernando Rodríguez Lafuente kultura kritikari eta kudeatzailea izango da moderatzailea.

Elkarrizketa horiei Paolo Sorrentino zuzendari eta gidoilari italiarraren master classa gehituko zaie. Sorrentinok ‘È Stata La Mano di Dio / The Hand of God’ aurkeztuko du, Veneziako Mostrako lehiaketa ofizialean izan ostean. ‘La grande bellezza / The Great Beauty’ filmaren egileak bere azken filmari eta zazpigarren artearekin duen loturari buruz hitz egingo du Tabakalerako zinema-aretoan hilaren 22an (asteazkena), 19.00etatik 20.30era.