Ramon Sola

Ariketa kolektibo zabala tresna dela, Sorturen Kongresu prozesua hastear da

Birsortu zenetik bost urte pasata, Sorturen Kongresu prozesua abiatzear da: asteazkena arte parte hartzeko izena eman daiteke eta berebiziko garrantzia hartzen du honek, ariketa kolektibo gisa garatzen ari baita dena. Datu adierazgarri gisa, 500 elkarrizketek elikatu dituzte balantzea eta ponentzia.

Oiartzunen abuztuaren azken larunbatean egindako topaketaren irudia. (Aritz LOIOLA | FOKU)
Oiartzunen abuztuaren azken larunbatean egindako topaketaren irudia. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Urtarrilera arte luzatuko den Sorturen Kongresu prozesuko bi mugarri hilabete honetan bertan jarri behar dira. Lehena, hurrengo asteazkenean, irailaren 15ean, orduan amaitzen baita parte hartzeko izen-ematea. Bigarrena, hilaren 29an: orduan aurkeztuko da txosten politiko-organizatiboa, militantziak prozesu zabal batean egindako ekarpenekin eraikia. Hortik aurrera, ia bi hilabete eztabaidarako eta bozketetarako, hautagaitzei bide eman aurretik.

Prozesuan sakondu baino lehen, Sorturen ibilbidea errepasatzea komeni da. Ilegalizazio hamarkada baten ostean, 2011n inskribatu zen ezker abertzaleko alderdia eta 2013ko otsailean egin zuen lehen biltzarra. Motza izan zen fase hori, ezker abertzale osoak egindako Abian prozesuak Sortu birsortzeko agindua ekarri zuelako 2016an, “Zutik Euskal Herria” ebazpenaren osteko bidearen balorazio sakon eta autokritikoa egin ostean. Zohardia txostenak %91eko babesa lortu zuen, Arnaldo Otegi buru zuen hautagaitzaren eskutik. Indar berriaz ekin zion lanari Sortuk, zenbait argipen eginda, gaztetuta eta alderdian sartzeko ateak nabarmen ireki ondoren.

Arkaitz Rodriguez idazkari nagusi dela (Otegiri lekukoa hartu zion 2017an, elgoibartarrak EH Bilduren kargu gorena eskuratu ostean), Kongresu hartan erabilitako parte hartze irizpidea indartu egingo dela esan daiteke. Izan ere, bai jada onartutako balorazioa bai eta irailaren 29an aurkeztuko den txosten politikoa hausnarketa kolektibo baten emaitza izan dira. Batetik, 500 elkarrizketa inguru egin dira, iritziak, ideiak, proposamenak… jasotzeko. Herrietatik heldutako ekarpenak ere batu zaizkie. «Behetik gorako adostasuna» bilatzen dela laburbildu du Kongresuko araudiak berak.

Parte hartzeko aukera ez da soilik «sortzaileetara» (afiliatuetara) mugatzen, gainera. Afiliatuek berezkoa dute Kongresuan eragiteko eskubidea, automatikoki akreditatuta dauden heinean, baina horiekin batera alderdian soilik inskribatuta dauden lagunek ere egin dezakete, partehartu.sortu.eus helbidean aukera hori gauzatuz gero.

Araudiak dioenez, «akreditatutako lagun guztiek izango dute sufragio aktiborako (norbait hautatzeko) eskubidea». Sufragio pasiborako (hautatua izateko alegia) sortzailea izan behar da, jakina.

Balantzea abiapuntu

Kongresu prozesuaren abiapuntua filosofia konpartitu horren bitartez jarrita dago jada. Atarrabian egindako Nazio Batzarrak ekainean onartu zuen azken urteotako balantzea, eta bertan lorpenak nabarmentzen dira, hutsuneak alboratu gabe.

Aurreko ziklo politikoa behin betiko ixtea lortu dela; ezkerreko subiranismoa herri osoan indartu dela; nahi baino geroago eta motelago bada ere presoak, iheslariak eta deportatuak etxera bidean direla; eta azken urteotan borroka eta aldarri eraldatzaile asko suspertu direla gogora ekartzen du Zohardiatik honako balantzeak.

«Zohardian finkatu genuen norabidean aurrera egiten ari gara eta premiazkoak ziren urratsak egin ditugu, baina urrun gaude oraindik bertan zehazten genituen helburu eta eginkizunetatik», aipatzen du idatziak. Testuinguruak dakartzan zailtasunak aipatu ostean, «Euskal Herriak erronka kolosalak ditu eta honek anbizioarekin eta erantzukizunarekin jokatzera eraman behar gaitu. Jauzi bat eman behar dugu, beraz, Euskal Herriak behar duen susperraldia bultzatu eta burujabetzarako bidea azkartzeko», adierazten du balantzeak.

Geroztik hona bi Nazio Topaketa egin ditu Sortuk ariketa kolektibo horren baitan –lehena uztailean Durangon eta bigarrena abuztuan Oiartzunen–, eta egindako lanaren uzta izango da hogei egun barru argitara aterako den txostena. Hortik emango zaio bide eztabaidari. Osoko zuzenketak aurkezteko epea urriaren 24ra arte zabalik egongo da, eta, zuzenketa partzialak egitekoa, abenduaren 5era arte. Urrian zehar herri eta auzoetan batzarrak egingo dira.

Eztabaida aberasgarria espero da oraingoan ere (751 zuzenketa partzial aurkeztu ziren 2016an, eta zuzendaritzarako 373 izen proposatu). Pandemia ez da oztopo izango, zuzenketak era telematikoan edota presentzialean aurkez daitezkeelako. Gauzak horrela, araudiak eztabaidaren «markoak eta tempusa errespetatzeko» betebeharra seinalatu die parte hartzaile guztiei, iritzi trukaketa «finkatutako markoetan eginez, ez komunikabideetan edota sare sozialetan».

Hurrengo bost urteotarako definizioa aterako da Kongresu prozesu honetatik, aurrekoaren oso ezberdina bai barne mailan (birfundazioa zekarrelako aurrekoak) bai eta kanpora begira ere: 2016tik hona Sorturen helburuak ez dira aldatu, baina agendak, aukerak eta zailtasunak biziki mugitu dira.

 

KONGRESU PROZESUAREN KRONOGRAMA

Irailak 29: Eztabaida Ponentzia aurkeztuko du Nazio Kontseiluak, kidegoak orain arte egindako ekarpenekin.

Urriak 24a arte: Ponentziari osoko zuzenketak aurkezteko epea.
Azaroak 19-21: Balizko osoko zuzenketen inguruko bozketa.

Abenduak 5a arte: Zuzenketa partzialak aurkezteko epea.
Abenduak 17-19: Zuzenketa partzialen inguruko bozketa.

Abenduak 22: Nazio Kontseiluaren hautagaitzaren aurkezpena.
Abenduak 23-5: Hautagaitza alternatiboak aurkezteko epea.
2022ko urtarrilak 19-21: Hautagaitzen inguruko bozketak.

Urtarrilak 22: Kongresu eguna.