NAIZ

Inquilinos de Azorak eta Kaleratzeak Stop-ek alokairuen igoera salatuko dute mozio baten bidez

Inquilinos de Azora eta Kaleratzeak Stop Donostiako plataformek zentsura mozio bat aurkeztuko dute Gipuzkoako hiriburuko Udalean, Azora Capital funtsak etxebizitzen alorairuaren «%33ko gehiegizko igoera» gaitzetsi asmoz. Baikor dira udal taldeekin bildu ostean: «Uste dugu onartuko dela».

Ategorrieta etorbideko 35. zenbakitik 45. zenbakira dauden etxebizitzak Azora putre funtsarenak dira. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Ategorrieta etorbideko 35. zenbakitik 45. zenbakira dauden etxebizitzak Azora putre funtsarenak dira. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Inquilinos de Azora eta Kaleratzeak Stop Donostiako plataformek zentsura mozio bat aurkeztuko dute Gipuzkoako hiriburuko Udalean, Azora «funts putrearen» etxebizitzen alorairuaren «%33ko gehiegizko igoera» gaitzetsi asmoz.

Horrekin batera, bi plataforma hauek EAJ, PSE-EE, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-IU udal taldeekin ostegunean egindako bileran alderdiei jakinarazi zieten alokairurako kontratuak KPIaren arabera berritzea defendatuko dutela baita ere mozio bidez, iraileko osoko bilkuran eztabaidatzeko. «Uste dugu onartuko dela», esan dute, baikor, prentsara igorritako ohar baten bitartez.

Prentsa-ohar horretan, Inquilinos de Azorak eta Kaleratzeak Stop-ek aipatu udal taldeen jarrera ona eskertu dute, prest agertu baitira amaituko diren alokairuko kontratuen jarraikortasuna KPIaren araberako berrikuntzaren bidez izan dadin bermatzera eta, horretarako, Azorarekin bitartekaritza lana egitera.

Donostiako Inquilinos Azora, Kaleratzeak Stop eta Alokairu Benta-Berri plataformek abuztuan salatu zutenez Azora Capital Funtsak alokairuaren prezioa %33 baino gehiago igo nahi diela Ategorrietako mazterrei. Hau gerta ez dadin bermatzea eta kontratuen luzapenak zazpi urtekoak izatea galdegin dute herri-elkarteek.