Idoia Eraso

Maitaldia jaialdi biarriztarrak dantza Ipar Euskal Herrian zehar hedatuko du

Maitaldia festibala ostiral honetan hasi eta irailaren 19an bukatuko da Biarritzeko mugak lehen aldiz zeharkatu ondoren, eta Ipar Euskal Herrian zehar dantza zabalduta. Antolakuntza aldaketaren ondorio da hori, aurten Malandain Ballet Biarritzen Zentro Koreografikoaren eskutik baitator.

Sine Qua Non Art konpainiak ‘Nos désirs font désordre’ estreinatuko du. (NAIZ)
Sine Qua Non Art konpainiak ‘Nos désirs font désordre’ estreinatuko du. (NAIZ)

Dantza Ipar Euskal Herriko hiru lurraldeetan hedatuko da Maitaldia jaialdiaren eskutik. Biarritzeko festibal historikoak lehen aldiz hiriko mugak zeharkatuko ditu ostiral honetatik eta irailaren 19ra arte. Beste aldaketa batzuekin batera, hau ere, antolatzailearen aldaketarengatik izan da, Malandain Ballet Biarritze Zentro Koreografiko Nazionalaren eskutik heldu baita aurten lehen aldiz.

31. edizio honetan Baionan, Angelun, Senperen, Donapaleun eta Maulen ere izanen dira emanaldiak, eta inoiz izan den euskal dantzarien presentziarik handiena izanen du.

Orain arte hitzorduaren antolatzailea zen Biarritz Culture elkarteak Zentro Koreografikoari utzi dio tokia, baina Thierry Malandainek aldaketaren arrazoitzat jo duen bezala, «garai ezegonkor zail hauetan ekimena iraunarazteko egindako aldaketa da».

Aldaketa horren adierazle da aurtengo afixan agertzen den igela, «metamorfosia eta birsortzea» irudikatu nahi duela azaldu du Eloixa Ospital antolatzaileak.

Euskal konpainiak

Pandemia dela eta, aurtengo programazioa Estatu frantsesa eta Euskal Herrian jarri ditu mugak, horregatik euskal presentzia bereziki handia izanen da, hamar dantzari edo konpaniek hartuko dute parte: «Euskal dantzarien erradiografia bat dela esan daiteke. Lucia Lacarra, Jon Maya edo Bilaka, baina bada ere dantza garaikidearen eremuko gazteak Amaia Leizaran…».

Nazioarteko konpaniak Euskal Herrira etortzekoa aukerarik izanen ez badute ere, euskal dantzarien bitartez nazioartea gurera etorri dela nabarmendu du Ospitalek. Lacarra Matthew Goldingekin egindako ‘Fordlandia’ aurkeztuko du, eta koreografiaren osaketan atzerriko beste artista batzuk izan digu lagun: Anna Hop poloniarra, Yuri Possokhov errusiarra, Juango Arques espainola eta Christopher Wheeldon ingelesa.

Kukai dantza taldeak aurkeztuko duen ‘Gauekoak’ obraren sorrerarako Mayak gonbidatu dituen Cesc Galabert, Israel Galvan eta Sharon Fridman ere nabarmendu ditu antolatzaileak.

Bertan izanen dira beste euskal dantzariak ere, Dantzaz konpainia ‘Fossile · Walls · Ballet Mecanique’ obra aurkeztuz, Maritzuli ‘Gauargi’rekin, Led Silhouette ‘Errata natural’ekin, Amaia Leizaran ‘Out’ekin, Organik ‘Irrintzi’rekin, Martin Harriague ‘Itsas laminak’ekin eta Elirale konpainiak ‘O!’ aurkeztuko du 13tik 16ra bi aldiz egunean. Alsaziako frontoian egonen da konpainia senpertarra haurrei harrera egiteko obrak eszenatoki duen oihalezko kupulan.  

Balleta

Zentro Koreografikoarei dagozkion elkarlanen bidetik, ohi baino ballet konpainia gehiago izanen dira, harrera egiten duen Malandain Ballet Biarritzekin batera. Azken honek, bere lan berria aurkeztuko du, ‘L’Oiseau de feu · Le Sacre du printemps’.
 
Ballet Preljocaj konpainiak ‘Le Lac des cygnes’ obra aurkeztuko du, Opéra-Théâtre de Metz-Métropolekoak ‘Indicible Beethoven’, Bordeleko Opera Nazionalekoak ‘Celestial · Spartacus ·Step Lightly’, Rhineko Opera Nazionalekoak ‘Les Ailes du désir’.

Ohi bezala, dantza garaikideak ere toki garrantzitsua du programazioan, besteak beste, Ecrire un mouvement konpainiak ‘Ruin porn body’ aurkeztuko du, Affari Esterik ‘Racconti’ obrarekin hurbilduko da Lapurdira, MazelFreten ‘Untitled · Perception’ lanak dantzatuko ditu eta Sine Qua Non Artek ‘Nos désirs font désordre’ estreinatuko du.

Dantza baino gehiago

Orotara 68 hitzordu bilduko ditu aurtengo programazioak, horietatik 18 dohakoak dira, izan ere jaialdia antzokietako taulen gainean erakusten baditu koreografiak, dantza karriketan zehar ere hedatzen du.

Dantza baino gehiago, baina beti bere inguruan dira antolatuta dauden bestelako ekintzak, hitzaldiak, master classak, tailerrak, entseiu publikoak, erakusketa eta filmeak ere izanen dira. 

Irailaren 19, ingurumenaren eta ozeanoen babeserako eguna izanen da Hondartza Handian, jaialdiak ‘eko-arduradun’ gisara hartu duen engaiamenduarekin bat eginez.