Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo

Indartsu dator Txapeldunen Liga: Barça-Bayern, Liverpool-Milan eta Inter-Real Madril

Cristiano Ronaldo eta Leo Messi –biak talde berriekin–, Kylian Mbappe, Robert Lewandowski, Erling Haaland edota Zlatan Ibrahimovic Europan euren ibilbidea handitzeko prest daude astearte honetan hasiko den txapelketa berrian.

Cristiano Ronaldok egundoko debuta izan zuen larunbatean Manchester Unitedekin bi gol sartuta. (Oli SCARFF/AFP)
Cristiano Ronaldok egundoko debuta izan zuen larunbatean Manchester Unitedekin bi gol sartuta. (Oli SCARFF/AFP)

Historiako udararik beroenetarikoa jasan eta gero –uztaila izan omen zen munduan historiako beroena, nahiz eta Euskal Herrian asko ez nabaritu–, hemen da berriro ere sua piztuko duen Txapeldunen Ligako 2021-22 denboraldia. Astearte eta asteazken hauetan hasiko da talde fasea. Eta ez galtzeko moduko arrazoi ugarirekin dator.

Izen bereziekin hasita, Cristiano Ronaldo eta Leo Messi aipa ditzakegu. Portugaldarra Manchester Unitedera itzuli da –eta nola, gainera!–. Larunbatean bi gol sartu zituen Premier Leaguen, Newcastle United taldearen aurkako garaipenean (4-1), eta lider sendoak dira Red Devilsak. Orain, bere ‘bigarren’ etxera bueltatu dela, bigarren garaikurra altxa nahi du Ingalaterrako taldearekin, lehenengoa 2008an lortu eta gero –Real Madrilekin beste lau ditu–.

Bestetik, Messi argentinarrak udaran –sorpresa handiarekin– Barça utzi beharrean aurkitu zen eta PSGrekin fitxatu zuen. Juan Ramon Riquelme bere herrikideak berriki esan duenez, «PSGk aurten ez badu Txapeldunen Liga irabazten, ez du inoiz irabaziko». Eta hala dirudi, gehienbat aurrean dituen jokalariak ikusita: Messi, Neymar eta Mbappe –azken hau azkenean ez da Real Madrilera joan–. Baina taldea da benetan garrantzitsua Europako txapelketa honetan eta ikusi beharko da gauzak nola joaten zaizkion Nasser Al-Khelaifi xekearen taldeari.

Hasiera batean, Mauricio Pochettino PSGko entrenatzaileak atsedena eman dio Messiri Ligako azken partidan, argentinarra bere selekzioarekin aritu baitzen duela aste batzuk, Angel Di Maria eta Leandro Paredes bezalaxe. Gainera, Neymar Brasilekin aritu zen bait ere, eta atsedena hartu du asteburuan.

PSGko hirukote beldurgarria: Neymar, Mbappe eta Messi. (Franck FIFE/AFP)

Barça-Bayern Munich

Manchester Unitedek astearte honetan egingo du debuta, Young Boysen etxean; PSGk, berriz, asteazkenean jokatu beharko du talde faseko lehen partida Brujas taldearen zelaian.

Hasiera batean, ez dira lehen jardunaldiko partidarik deigarrienak. Horretarako, badago, guztien gainetik, Barça eta Bayern Munichen arteko neurketa (asteartea, 21.00etan). Katalanek Messiren ausentzia –eta 2020an apurtu zen klubeko krisia– nola kudeatzen duten ikusi beharko da.

Oraingoz, Liga hasiera ez da txarra izan. Asteburu honetan ez dute Sevillaren aurkako partida jokatu, atzeratu baitzen, baina hiru neurketetan bi garaipen eta berdinketa bat lortu dute. Partida bat gutxiagorekin, hiru puntura dituzte Real Madril, Valentzia eta Atletico liderrak.

Messiren faltan, Ansu Fati, Ousmane Dembele, Sergio 'Kun' Agüero, Memphis Depay, Martin Braithwaite eta Gerard Pique beterano eta kapitainak hartu beharko dute taldearen gidaritza. Aurrean, Txapeldunen Ligako beste protagonista izan daitekeena izango dute: Robert Lewandoski. Poloniarrak Leipzigen aurkako partidan zelaia lehenago utzi behar izan zuen gihar arazo batzuengatik, baina gaur bertan normaltasunez entrenatu da.

Budesligan bigarren sailkatua da Bayern, Wolfsburgo liderrarengandik bi puntura. Azken bi partidetan Municheko taldeak 9 gol sartu ditu eta bakarra jaso –5-0 Hertharen kontra eta 1-4 RB Leipzigen etxean–. Lehenengoan Lewandowskik hat-tricka egin zuen, eta bigarrenean lehenengo gola egin zuen. Lau gol daramatza bi partidetan iazko «urrezko bota» izendatu zuten jokalariak (41 gol sartu zituen Bundesligan).

Liverpool-Milan, 2005eko finala gogoan

Asteazkenean, Europa mailan zeresana ematen ari den eta gehiago eman dezakeen Erling Haaland aurrelaria estrenatuko da Borussia Dortmundekin. Beşiktaş talde turkiarrari bisita egingo diote Budesligako hirugarren sailkatuak.

Baina egun honetan Liverpool-Milan eta Inter-Real Madril partidek eraman dezakete protagonismo guztia. Lehenengo neurketa horrek 2004-05 denboraldiko Txapeldunen Ligako finala ekarriko digu gogora. Atsedenaldira 3-0 irabazten joan zen talde italiarra, baina bigarren zatiko lehenengo ordu laurdenean ingelesek berdinketa lortu zuten, gol horietako bat Xabi Alonso tolosarrarena izanda. Ondoren, penaltietan, Liverpoolek altxa zuen garaikurra.

Erabat aldatu da Liverpool ordutik hona. Jurgen Kloppek gidatzen duen taldeak 2018-19ko Txapeldunen Liga irabazi zuen eta momentu honetan 10 punturekin berdinduta dago Premier Leaguen Manchester United eta Txapeldunen Ligako azken garailea den Chelsearekin –Cesar Azpilicueta eta Kepa Arrizabalagaren lehen aurkaria Zenit izango da, astearte honetan–.

Azken urteetan elkarrekin aritu diren jokalariak mantentzea lortu Jurgen Kloppek. Hala anola, Virgil van Dijk eta Andrew Robertson atzelariak, James Milner eta Jordan Henderson erdilariak, eta Sadio Mane, Roberto Firmino eta Mohamed Salah aurrelariak.

Milanek, aldiz, Zlatan Ibrahimovic ‘gaztea’ du bere taldean. Aurrelari suediarra –urriaren 3an 40 urte beteko ditu– bere maila onena ematen dabil Italian. Bere taldea lidergoan berdinduta dago Roma eta Napolirekin.

Zlatan Ibrahimovicek oraindik ez du azken hitza esan. (Isabella BONOTTO/AFP)

Azkenik, Inter eta Real Madrilek interes handiko beste partida jokatuko dute San Siron. Italiarrak laugarren dira Calcion, liderrengandik bi puntura; eta madrildarrak liderrak dira Espainiako Ligan. Carlo Ancelotti Milanera itzuliko da, baina hiriko beste taldearen aurka aritzeko –Milanen entrenatzailea izan zen 2001etik 2009ra–.

Real Madril gidatzen duen bigarren etapa da honakoa eta badaki zer den Txapeldunen Liga altxatzea. 2013-14an egin zuen, Zinedine Zidane laguntzaile zuela. Talde zuriak garaikur gehien irabazi dituen taldea izaten jarraitzen du: 13.

Txapeldunen Ligarako NAIZek duen orrialde berezira joateko, klikatu hemen.