Maite Ubiria

Okupazioa luzatu eta Lurrama Arbonara eramanen dute laborariek

Maryse Cachenaut ELB sindikatua eta Lurzaindia elkartearen izenean eman du albistea. Berrueta eremuko okupazioa urriaren 24 arte atxikiko dute. Hori gutxi balitz aurtengo Lurrama azoka Arbonan eginen dute.

Arbonako lur sailaren erosketa hautsi zutela iragarri zuten iragan astean laborariek. (Guillaume FAUVEAU)
Arbonako lur sailaren erosketa hautsi zutela iragarri zuten iragan astean laborariek. (Guillaume FAUVEAU)

Joan zen ostegunean iragarri zuten ELB sindikatuak eta Lurzaindia elkarteak «lehengo garaipena». 79 eguneko okupazioari esker 15 hektareako lur sailaren salmenta bertan behera gelditzea lortu zuten.

Atzo arratsaldean bilera egin zuten aipaturiko eragileek Arbonako okupazioari zer segida eman erabakitzeko.

Maryse Cachenaut gaur goizean Eskal Irratiak-en aurreratu duenez, protesta ekimenean parte hartu duten herritar anitzekin hitz egin ondoren, heldu den urriaren 24 arte okupazioarekin jarraitzea erabaki dute.

Gauzak horrela 120. egun arte luzatuko dute protesta ekimena Berruetako lur eremuan.

Horrekin batera, beste albistea eman du laborari itsasuarrak aurtengo Lurrama herri laborantzatzaren azoka Arbonara eramanen dute.

Osasun krisia gertatu aitzin Biarritzen egin zituzten Lurramako azkeneko edizioak baina azoka Arbonara eramateak logika osoa duela uste du Cachenautek, finean Arbonako ekimenak laborantza babesteko gogoa, «baita kostaldean ere» erakutsi duelako.

Lurrama elkarteak baieztatu du albistea, ohar baten bidez, arratsaldean. Agiri horretan nabarmendu duenez, «Arbonako borroka horretan eraman diren gogoetak Miarritzen udazken guztiz plazaratzen diren eztabaidak eta funtsezko galderak dira».

Horiek aletuta, «ama lurraren defenditzeko beharra, elikadura burujabetza, klimaren desafioei aurre egiteko hurbileko laborantza elikatzaile baten mantentzea, eta tokiko politika iraunkor eta eraginkorren bultzatzea» aipatu ditu Lurramak.

Salmenta espekulatiboa bertan behera

Okupazioak 79 egun bete zuen egunean, irailaren 9an, protesta horri esker salmenta espekulatiboa oztopatzea lortu zutela iragarri zuten ELB eta Lurzaindiako kideek Arbonan.

Agerraldi horretan Dominique Amestoy erretretan den laborariak zehaztu zuenez 3,2 milio euroan itxi zen salmenta operazioa bertan behera gelditu zen «eroslea, Diane de l'Espee, erretiratu delako, betirako».

Aurrera begira negoziazio prozesu berria abiatuko da, baina dagoeneko laborariak ez direla bakarrik nabarmendu zuten ELBk eta Lurzaindiak, «gure borroka Ipa Euskal Herriko gizarte osoarena bilakatu baita».

Cachanautek gaur azaldu duenez ez dakite noiz eta nola salduko den lur saila, baina laborantzako lurrak Saferrek eskuratzea litzatekeela irtenbiderik egokiena defendatu du.

Ezin dutela jakin nola iraganen den negoziaketa aitortu du. Izan ere Safer eta EPLF egiturak eta Euskal Elkargoa ondoan dituztenez, bertze baldintzak eskuratu dituztela M. Borotra lur eremuaren eroslearekin eztabaidatzeko uste du laborariak.

Borrokak ahalbideratu duela lehengo garaipen bat lortzea argi du. Horrendako urriaren 24 arte lur eremu okupatuan tinko segituko dutela baieztatu du.

Lurra espekulazioaz babesten

Iragan ekainaren 23an ELB sindikatuak eta Lurzaindia elkarteak laborantzarako egokia den 15 hektareako lursaila hiru milioi euroan saldua izan zela salatzeko okupazioa martxan jarri zuten Arbonan.

Gisa horretara, espekulazioaren erruz laborantza lurrak etengabe gutxitzen ari direla salatu eta botere publikoei arazoa aintzat har zezatela eskatu zieten.

Ekintza azaltzeko plazaraturiko oharrean adierazi zutenez «laborariek laborantza lurrak prezio zuzen batean erosteko zailtasunak dituzten garai huntan, prezio ikaragarrietan egiten diren salmentak ez gaituzte axolagabe utzi behar».

Laborariek oroitarazi zutenez, Arbonakoa ez da kasu isolatu bat. Datuak eskutan 2000 eta 2015 urteen artean laborantzako 7.200 hektarea lur galdu zirela Ipar Euskal Herria barne den Pirinio Atlantikoetako Departamenduan azaldu zuten.

Lur horietako asko Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdin zeuden. Hain zuzen, Safer egituraren arabera, hiru lurraldetan 2.450 hektarea lur galdu ziren 2015 eta 2018 urteen artean.