Asier Aiestaran

Santurtzi, denboraldi ezin hobea biribiltzera

Kontxako Bandera irabazi ostean, bizkaitarrek oso ongi bideratuta duten Eusko Label Liga ere bereganatu nahi dute datorren asteburuan. Sei puntuko aldea defendatuko dute Bermeo eta Portugaleteko azken estropadetan.

Santurtzi, igandean lortutako garaipena ospatzen (Andoni CANELLADA / FOKU)
Santurtzi, igandean lortutako garaipena ospatzen (Andoni CANELLADA/FOKU)

Ahal zen moduan, eta pandemiak baldintzatuta, festak luze jo zuen igande arratsean Santurtzin, 36 urteren ostean “Sotera” berriz ere Kontxako Bandera irabazten ikusteak halaxe merezi zuelako. Baina norbaitek ospakizuna galdu baldin bazuen, beste aukera bat izango du laster; izan ere, deskalabru handirik ezean, datorren asteburuan Eusko Label Ligako garaipena ospatu ahal izango du.

Moreek sei puntuko abantaila dute bigarren dagoen Hondarribiarekiko (193 eta 187) azken bi estropaden faltan: larunbatean Bermeon eta igandean Portugaleten. Eta iaz irabazitako liga titulua errepikatzen badute, gauzatzen oso zaila den lorpena sinatuko dute bizkaitarrek: urte berean Kontxa eta Liga irabaztea, hain zuzen ere.

Gizonezkoen mailari dagokionez, eta berez logikak esango lukeenaren kontra, TKE Liga martxan ipini zenetik pasatu diren 18 urteetatik lautan bakarrik gertatu da hori: Astillerok 2003an, Urdaibaik 2010ean eta 2016an eta Kaikuk 2012an. Aldiz, egia da emakumezkoen mailan azken urte luzeetan ontzi berak irabazi dituela Kontxa eta Liga: 2013an Kontxa taldeka jokatzera pasatu zenetik urtero gertatu da, azken bederatzi urteetan bi lehiaketetan garailea errepikatuz.

Bermeoko lanaren jarraipena

Esan dugu lorpen hori sinatu duten taldeen artean Urdaibai dagoela, birritan gainera, eta ezinezkoa da garaipen handi haiek lortu zituen ontzi bermeotarraren eta aurten hori lortzear dagoen Santurtziko taldearen artean antzekotasunak ez aurkitzea. Asko dira eta alde batean zein bestean egindako lanaren berri ematen dute, Bizkaiko traineruak gorenera eramaten lagundu dutelako.

Lehen izena aipatzekotan Iker Zabalarena nabarmendu beharko litzateke. Bermeotarra oso pieza garrantzitsua izan zen Urdaibairen urrezko aroan, arraunlari gisa etxeko taldearekin bost Kontxa irabaziz. 2016ko denboraldi bikaina amaitutakoan Santurtzira joatea erabaki zuen entrenatzaile gisa, eta bost urtean “Sotera” goren-gorenera eramatea lortu du, urtez urte urrats handiak eginez: lehen urtean mailaz igo, ligan bosgarren eta hirugarren egin, iaz liga irabazi...

«Horrelako makina daukazunean, horrelako mutilak, horrelako maila... gauzak zuzendu behar dira eta horretan saiatu naiz, baina meritu osoa beraiena da. Jende askok gogorarazi  dit egun hauetan entrenatzaile moduan Kontxarik ez neukala oraindik, eta hori ere iritsi da azkenean. Baina hau ez da amaitu. Gaur hau ospatu, baina bihar bertan berriz ere trainerua uretan nahi dut, larunbatean nire herrian da estropada eta irabazi egin nahi dut», zioen Zabalak igandean, bere irabazle sena argi eta garbi utziz.

Eta beste izen propioa Gorka Aranberri patroiarena litzateke. Zarauztarra ere protagonista handia izan zen Urdaibaik irabazitako Kontxa haietan, eta 2017an Oriorekin ere lortu zuen garaipena. Aurten Santurtzira joan da eta lehen urtean berriz ere Kontxa irabaztea lortu du. «Zarautzen arraunean hasi nintzenean esan izan balidate... Zorte handia izan dut talde handietan eta arraunlari oso onekin egoteko aukera izan dudalako», aipatu zuen patroiak.
Eta arraunlariak aipatzekotan, Bermeon goia jo zuten Fernando Rua, David Iglesias edota Oscar Viudez ere aurten “Soteran” izan ditugu, goi mailako beste hainbat kirolariren artean talde aparta osatuz.

Parekotasuna bai, baina agintari bakarra

Emakumezkoei dagokienez, Donostia Arraun Lagunak izan da jada amaitu den denboraldi honetan jaun eta jabe. Parekotasun handia espero genuen aurten, eta egia da Arraun Lagunak eta Orioren arteko lehia oso estua izan dela, Kontxako bandera horren erakusgarri, baina azkenean udako hitzordu nagusi guztiak donostiarrentzat izan dira: Gipuzkoako Txapelketa, Euskadikoa, Euskotren Liga eta Kontxa.

«Oriok eman duen maila bikainak guri hobetzen lagundu digu, eta guk eman dugun mailak Orio bere onena ematera derrigortu du. Exijentzia horrek estropada bakoitzean onena ematera eraman gaitu biok», nabarmendu zuen igandean Xubane Uribarrena Arraun Lagunakeko arraunlariak. «Orain gozatzeko unea da. Uda hasi aurretik denetik entzun behar izan genuen, play-off talde bat ginela ere bai. Baina isil-isilik, lana eginda, hitzordu garrantzitsu guztietan irabaztea lortu dugu», gaineratu zuen.