NAIZ

Trafiko eta SOS Deiak zerbitzuetako langileek baldintza duinak eskatu dizkiote Erkorekari

Sindikatuek deituta, Trafiko eta SOS Deiak zerbituzetako langileak euren lan zentroaren aurrean elkartu dira Josu Erkoreka lehendakariordearen bisita dela eta, lan baldintza duinak eskatzeko.

Trafiko eta SOS Deiak langileek Txurdinagako zentroaren aurrean egindako kontzentrazioa. (ELA)
Trafiko eta SOS Deiak zerbitzuetako langileek Txurdinagako zentroaren aurrean egindako kontzentrazioa. (ELA)

Josu Erkoreka Lakuako Gobernuko lehendakariorde eta Segurtasun sailburuak Bilboko Txurdinaga auzoan Ertzaintzak dituen instalazioetara egin duen bisitarekin batera, Trafiko (011) eta Sos Deiak (112) zerbitzuetako langileak eraikinaren aurrean bildu dira lan baldintza duinen eske.

ELA, LAB, CCOO, ESK eta UGT sindikatuek deituta, elkarretaratzea hain justu beren lantoki aurrean izan da; «han oinarrizko zerbitzua eskaintzen dute, lehendakariak berak aitortu izan duen legez», gogoratu du ELAk. 011ko eta 112ko lantaldeak urtean 365 egunez eta egunean 24 orduz lan egiten du, eta Contact Centerren hitzarmena aplikatzen zaie (telemarketingekoa).

«Honek artikulu batean ere ez ditu aipatzen kolektibo honen eginkizunak, ez du subrogaziorik aitortzen, ez eta langile bakoitzarentzako egutegirik aurreikusten...», salatu dute sindikatuek.

Azaldu dutenez, «kontua da Eusko Jaurlaritza ez dela negoziatzera eseritzen; langile kolektibo honentzako hobekuntzak eskatzen dituzten sindikatuen eskariei entzungor egiten die». Horregatik eskatzen diete Lakuari eta Larrialdi eta Trafikoko zuzendariari eser daitezela euren aldarrikapenak entzutera, hurrengo baldintza-agiria argitaratu baino lehenago.

«Gaur, Josu Erkoreka lehendakariorde eta segurtasun sailburua Larrialdien Koordinazio Zentrora etorriko da prentsaurreko batera. Gu aurrean egongo gara, ondo legoke gure lan-baldintzei buruz hitz egitera hurbiltzea», eskatu du Twiterren lan baldintza duinen aldeko langileen taldeak.