Asier Aiestaran

Bermeon eta Portugaleten amaituko da erabakitzeko asko duen traineru denboraldia

Eusko Label Ligari dagokionez, Santurtzik sei puntuko aldea defendatuko du Hondarribiarekiko azken bi estropadetan. Igoera play-offak ere emozioz beteta datoz: emakumezkoetan Hondarribia eta Tolosaldearen arteko lehia gogorra espero da, eta gizonezkoetan badirudi bost taldeek dituztela aukerak.

Tolosaldeak bost segundo sartu zizkion Hondarribiari Kontxako bigarren jardunaldian (Gorka RUBIO / FOKU)
Tolosaldeak bost segundo sartu zizkion Hondarribiari Kontxako bigarren jardunaldian (Gorka RUBIO / FOKU)

Traineru denboraldia asteburu honetan amaituko da Eusko Label Ligako azken bi estropadekin eta TKE Ligara igotzeko play-offarekin, gizonezko nahiz emakumezkoen mailan. Santurtzik oso ongi bideratuta du Eusko Label Ligako titulua, baina garaipenak lortu arte ezin dira ospatu eta ziur Hondarribia lehiaketari emozioa jartzen saiatuko dela. Play-offean ziurtatuta egoten den emozio hori, hain zuzen ere.

Larunbateko hitzordua Bermeon izango da, urtero legez, eta lanari ekiten lehenak emakumezkoen igoera play-offean parte hartuko duten lau ontziak izango dira, 17.40etan. Hondarribia –Euskotren Ligan laugarren izan den trainerua–, Tolosaldea –ETE Liga irabazi duena–, Deustu –ETE Ligan bigarrena– eta Cabo –Galizako Ligako garailea– neurtuko dira jokoan ipiniko den txartel bakarraren bila, Galizan bigarren amaitu zuen Chapelak uko egin baitio play-offean parte hartzeari.

Hondarribiak gorengo mailan jarraitu nahiko du, iaz bezala play-offean nagusituz, baina Tolosaldeak argi utzi zuen aurreko asteburuan, Kontxan, sekulako mailan dabilela –bost segundo sartu zizkion Hondarribiari– eta denboraldi osoan egin duen lan bikainari errematea jarri nahiko dio.

Ondoren gizonezkoen txanda izango da, eta bost traineruk hartuko dute parte igoera emango duten bi txartelen bila: Tiran –Eusko Label Ligako hamaikagarrena–, Getaria –KAE Ligako irabazlea–, Kaiku –KAE Ligako bigarrena–, Samertolameu –Galizako Ligan garailea– eta Bueu –Galizako bigarrena–.

Jardunaldi bakoitzean puntu berdinak banatzen dira, baina berdinketak hausteko denbora kontuan hartzen denez, larunbateko estropada askoz garrantzitsuagoa izaten da, itsaso zabalean aldeak handiagoak izaten direlako. Eta aurten ere ez da salbuespena izango, larunbat arratsalderako eguraldi aurreikuspenek haize bolada indartsuak eta itsaso nahiko mugitua markatzen dituztelako, bestela ere oso exigentea den estropada eremu batean.

Bigarren jardunaldia igandean jokatuko da Portugaleten, 11.20etan hasita.

Santurtzi, denboraldia biribiltzera

Play-offeko ontziek lana amaitzean, oraindik lehian jarraitzen duten Eusko Label Ligako zortzi ontzien txanda izango da. Larunbatean Bermeo Hiriko XXXIX Ikurrina - Avia Sari Nagusia ipiniko da jokoan, eta igandean XLVII. El Corte Ingles Bandera, denboraldiari amaiera ipintzeko.

Santurtzi dago lehen postuan 193 punturekin, bigarren dagoen Hondarribia baino sei gehiago (187). Aurreko asteburuan Kontxako Bandera irabazi ostean, animoz gainezka iritsiko da “Sotera” urteko azken bi estropadetara eta deskalabru handirik ezean beraientzat izango da TKE Ligako koroa ere.

Hala ere, Hondarribia gogotik saiatuko da ligari emozioa ipintzen, eta alde horretatik, aurtengo neguan egin zen araudi aldaketa gogoratu behar da: azken estropadara iritsita lehen bi sailkatuen artean aldea hiru puntukoa edo txikiagoa balitz, El Corte Ingles Bandera erlojupeko formatuan erabakiko litzateke, kaleen artean egon ohi den alde nabarmenak emaitza ez baldintzatzeko.