NAIZ

Jorajuria: «Tokiko hizkuntzak babesteko engaiamendu aski azkarra ukan dugu Castexen partetik»

Peio Jorajuriak konfiantza azaldu du Jean Castex frantziar lehen ministroarekin eta Jean-Michel Blanquer Hezkuntza ministroarekin irailaren 15ean izandako bilkuraren ondotik. «Lehen bilana baikorra da, nahiz eta erantzun guztiak ez ditugun», nabarmendu du Seaskako presidenteak.

Ipar Euskal Herria, Korsika, Ipar Katalunia edo Bretainiako ordezkariek, besteak beste, parte hartu zuten bilkura telematikoan. (NAIZ)
Ipar Euskal Herria, Korsika, Ipar Katalunia edo Bretainiako ordezkariek, besteak beste, parte hartu zuten bilkura telematikoan. (NAIZ)

Frantziar Hezkuntza ministroa, Michel Blanquer, hizkuntzen erakunde publikoetako ordezkariek, hizkuntz gutxietuetan jarduten duten ikastetxetako Eskolim sareko ordezkariek eta baita Christophe Euzet eta Yannick Kerlogot diputatuek ere Jean Castex frantziar lehen ministroarekin antolatutako bilkura batean parte hartu zuten irailaren 15ean.

Hala, frantziar Gobernuko bi ordezkariez gain, Ipar Euskal Herriko, Bretainiako, Korsikako, okzitanierari eta katalanari loturiko erakunde publikoetako ordezkariek ere hitza hartu zuten modu telematikoan eginiko bilera horretan.

Peio Jorajuria Seaska elkarteko presidenteak konfiantza azaldu nahi izan du bilkuraren ondotik.

«Lehen bilana baikorra da, nahiz eta, maleruski, erantzun guztiak ez ditugun. Orokorrean, tokiko hizkuntzak babesteko, engaiamendu aski azkarra ukan dugu lehen ministroaren partetik. Eta nahiz eta bilera hori murgiltze ereduari buruzkoa izan soilik, tokiko hizkuntzen irakaskuntzaren inguruan adostasun zabal bat abiatzeko engaiamendua hartu du», azaldu dio Mediabask hedabideari Seaskako presidenteak.

Bere hitzetan, bilkuraren helburua argibideak jasotzea zen. «Argiki erran digu bere intentzioa gaur egungo ereduak mantentzea dela eta orain arte bezala lanean jarraitu ahal izatea zela asmoa», azaldu du Jorajuriak.

Lehen ministroak heldu diren asteetan zirkular bat argitaratu beharko lukeela iragarri du. «Badakigu ariketa delikatua dela Kontseilu Konstituzionala eta gure jardunbideak aldi berean asetzea», adierazi du Seaskako presidenteak.

Jorajuriaren erranetan, «Gobernuaren nahia da aterabide bat atzematea murgiltze eredua arautuz, gaur egun praktikatzen den murgiltze eredua bera atxikiz». 

«Hurbiletik segituko ditugu heldu diren hitzorduak, baina, hala ere, gure lehen erreakzioa oso baikorra da, kontuan izanik lehen ministroak berak bere eskuetan hartzen duela txostena, eta epe laburrean aipatu delako tokiko hizkuntzei buruz ministerioen arteko elkar aditze organo baten sorrera. Hori ez litzateke egongo bakarrik Hezkuntza ministroaren esku. Berri ona da», goraipatu du Seaskako presidenteak.