Amaia Ereñaga

Ikus-entzunezkoen emakumeen eta Zinemaldiaren arteko bilera, hilaren 24an

30 bat inguru profesional elkartu dira larunbatean Tabakalerako eskaileratan, bigarren urtez sinbolismoz beteriko argazkia ateratzeko, (H)emen elkarteak deiturik. Zinemaldiarekin genero-berdintasunaren inguruan egingo den lehen barne-bilerak badu data zehatza: hilaren 24an.

Tabakalereko eskaileratan, sinbolismoz beteriko irudia. (Gotzon ARANBURU / FOKU)
Tabakalereko eskaileratan, sinbolismoz beteriko irudia. (Gotzon ARANBURU / FOKU)

(H)emen Euskal Herriko ikus-entzunezkoen eta arte eszenikoen sektoreko emakumeen elkarteak deiturik, bigarren urtez egin da Tabakalerako barneko eskaileratan zinemako emakume profesionalen argazkia. 30 bat elkartu dira, eta, noski, zinemaren munduan lanean ari diren guztiak ez zeuden baina irudiak badu bere garrantzia, emakumeen indarra ikusaraztea baitu xede.

Izaskun Arandia zinemagilea eta Olatz Beobide aktore eta zuzendariak irakurri duten komunikatuan, edizioa «ez dela erraza» aipatzeaz gainean, «itxaropentsu» daudela onartu da «sortu dugun berdintasun eraginkorraren aldeko lan mailak eskainiko dizkigun aukera eraldatzailearekin». Zeren, «makumerik gabe ez dago zinemarik, elkarrekin indartsuagoak gara».

Hau da, ostirala 25an, Zinemaldiaren itxiera egunaren bezperan, barneko lan-jardunaldi bat antolatuko da Zinemaldiarekin batera. Aurretik, hilaren 22an Jonnhy Depp aktore eta ekoizleari Donostia saio emango zaio, eta horrek bazterrak mugiarazi ditu egunotan, emakume zinemagileen aldetik oso jarrera kritikoa eman baita.

Barne-bilera horren xedea, Zinemaldiak aurretik aipatutakoaren arabera, «genero-berdintasunarekin zerikusia duten gaiei buruz hausnartzeko, eztabaidatzeko eta akordioak lortzen saiatzeko» deitu dute. «Eztabaidak elkarrekin lotutako hainbat alderdi hartuko ditu barne, besteak beste, hauek: profesionalak zinema-industrian eta, bereziki, zinema-jaialdietan sartzea, nola zinema-sailetan, hala eztabaida-foroetan; jaialdien kode etikoak, bereziki emakumeen aurkako delituei dagokienez; eta sexu- eta genero-nortasun desberdinen aitorpen eta berdintasuna».