Asier Aiestaran

Masterseko txapela buruan duela ekin dio Olaizolak bere ibilbideko azken txanpari (22-10)

Laister erretiroa hartuko duela jakinarazi eta lau egunera, goizuetarrak maila ederra emanda eta Zabaleta oso on batek lagunduta irabazi du Caixabank Masterseko finala Elezkano II.a eta Mariezkurrenaren aurka. Pilotalekuetan aspaldian ikusten ez zen giroa izan da gaur Ogetan.

Olaizola eta Zabaleta, txapelak jantzita, amaierako sari banaketa ekitaldian (Jaizki FONTANEDA / FOKU)
Olaizola eta Zabaleta, txapelak jantzita, amaierako sari banaketa ekitaldian (Jaizki FONTANEDA / FOKU)

San Mateon jokatuko duen azken torneoan gertatzen dena gertatzen dela, Aimar Olaizolak argi erakutsi du gaur Ogetan maila bikainean esango diola agur bere ibilbide profesionalari. Aurreko asteazkenean laister erretiroa hartuko duela jakinarazi osteko lehen partidan Caixabank Mastersa irabazi du, finalean Jose Javier Zabaletarekin Elezkano eta Mariezkurrena 22-10 menderatuz.

Uda guztian ikusitakoari jarraipena emanez, Zabaleta izan da benetako diferentziak markatu dituena, baina Olaizola ere bikain aritu da aginte hori baliatzerako orduan. Goizuetarrak zortzi tanto egin ditu jokoan, beste bat sakez, eta joko puntu onean dagoela erakutsi du. Ogetako harmailetan bildu diren zaleek asko gozatu dute bere tantoekin.

Urdinen aldetik, Jon Mariezkurrena izan da bere kolpe eta defentsarekin gorrien erauntsiari erantzuten gehien saiatu dena. Piloteoan zenbait unetan Zabaletari eusteko gai dela erakutsi du, batez ere finalaren lehen zatian, eta defentsan ere meritu handiko pilotak eraman ditu, atzean nahiz aurreko zuloan. Elezkano izan da agian bere mailatik apur bat behera ikusi duguna, hein handi batean Zabaletaren merituz hori ere.

Bi takada… eta agur

Giro bikaina izan da Ogetan, aspaldiko partez jendea zutik eta txaloka ikusi dugu behin baino gehiagotan tanto on askoak izan direlako, baina finalak ez du berez historia handirik izan.

Gorriak oso indartsu irten dira hasieratik, urdinak ahul samar, eta konturatzerako markagailuan 5-0koa zen emaitza. Aurrez apustuak oso argi gorrien aldekoak baziren, are gehiago hasiera horren ondoren.

Urdinek, ordea, amorrua atera dute eta norgehiagoka parekatzea lortu dute. Mariezkurrena pilotakada bikainak jotzen hasi da, Elezkanok ere tanto on batzuk egin ditu aurrean, eta 6-6 berdindu dute markagailuan. Tarte horretan benetan aipagarriak dira Elezkanok sinatu dituen bi ormabikoak, 5-2koan eta 6-6koan, bikainak biak nahiz eta Zaratamokoak askorik erabiltzen ez duen baliabidea izan.

Baina hurrengo tantoan Elezkanok berak bota du pilota txapa azpira, eta gorrien 7-0eko partzial bati bide eman dio. Zabaleta berriz ere agintzen hasi da atzean eta Aimarrek erremate ederrak egin ditu. 6-6tik 13-6ra igaro da markagailua eta hortxe amaitu da benetako borroka.

Hortik aurrera urdinak nahi eta ezinean jardun dira, eta gorriek mota guztietako tantoak sinatu dituzte. Pare bat nabarmentzekotan, 16-9koa (Zabaletak aurrelari lanetan ederki moztu duen pilota batekin lortua) eta 21-10ekoa (Aimarrek amaitua Mariezkurrenaren defentsa ikusgarriaren ostean).

Azkenean 22-10 amaitu da finala 386 pilotakada eta ia 47 minuturen ostean. Txapelak Olaizola II.a eta Zabaletarentzat eta une bereziak Goizuetako aurrelariarentzat, zale askok eta askok berekin argazkia atera nahi izan baitute agurra horren gertu ikusita.

«Oso polita»

«Hau oso polita da niretzat. Galduta ere egun ederra zen: final bat jokatzen, udan maila ona eman ostean… eta irabazita oraindik politagoa. Zabaletarekin jokatu dut, azken urteotan izan den atzelaririk onenarekin, eta hori ere pozgarria da», eskertu du Aimar Olaizolak partida amaieran.

Finalari buruz, goizuetarrak onartu du aurkariek «lanak eman» dizkietela. «Boladak izan ditu partidak. Gu hasieran oso ongi irten gara, gero beraiek ere asko estutu digute, une batean nik sakearekin min dezente egin dut, Zabaletak ere atzean zulo handiak ireki ditu…».

Eta bere agurrari buruz gehitu du horrelako partidek arrazoia ematen diotela. «Urte asko izan dira. Pilotari dena eman diot eta azken bi hilabete hauetan ere emango diot oraindik. Baina uste dut demostratu dudala nire maila eta agur ere maila onean esango dudala. Ez nuen arrastaka ibili nahi eta horrelako txapel bat irabazteak asko esan nahi du niretzat».