Asier Aiestaran

Santurtzik urteko azken bandera irabaziz ospatu du bere bigarren Liga titulua jarraian

Santurtziarrek El Corte Ingles Bandera ospetsua astinduz eman diote amaiera denboraldiari, aurreko astean Kontxan lortutako garaipenari Eusko Label Ligakoa ere gehituz. Igoera play-offetan, Tolosaldea, Getaria eta Kaiku izan dira gorengo mailan aritzeko txartelak eskuratu dituztenak.

Santurtziko arraunlariak, aurtengo Caixabank Koroa jasotzen estropada amaieran (Monika DEL VALLE / FOKU)
Santurtziko arraunlariak, aurtengo Caixabank Koroa jasotzen estropada amaieran (Monika DEL VALLE / FOKU)

Santurtzik amaiera ezin hobea eman dio denboraldiari gaur Portugaleten, bigarren urtez jarraian irabazi duen Eusko Label Liga ospatzeko El Corte Ingles Bandera ere bereganatuz. Urteko zortzigarren garaipena izan da “Soterarentzat” Ligan eta gainera etxeko gazte batek ere (David Nuñez) debutatzeko aukera izan du trainberuan. Udan Hondarribiarekin lehia estua izan duen arren, moreek argi utzi dute indartsuago heldu direla azken txanpara.

Hala ere, gaurko garaipena ulertzeko ezinbestekoa da kale zozketa aipatzea. Mareak bete-betean igotzen harrapatu du ohorezko txanda Ibaizabaleko uretan, eta hirugarren eta laugarren kaleak nabarmen hobeak ziren aurreneko biak baino. Oriok egin du arraun laugarren kaletik eta Santurtzik hirugarrenetik. Hondarribiak eta Donostiarrak, lehen bi kaleetatik, ez dute inolako aukerarik izan.

Lehen txandan ikusi den bezalaxe, Oriok abantaila izan du joaneko luzeetan, eta estropadaren burua hartzea lortu du. Baina tarte horiek txikiegiak izan dira lasai hirugarren kalean sartu ahal izateko, eta Santurtzik bikain defendatu du bere kalea. Ugaitz Mendizabalek, Orioko patroiak, bere trainerua baborrera bota beste erremediorik ez du izan, epaileak hala aginduta behin baino gehiagotan, eta santurtziarrek ederki baliatu dute egoera azken txanpan aurrea hartu eta urteko azken bandera bereganatzeko.

Amaieran, Santurtzik 19:12.98ko denbora markatu du helmugako balizetan eta Orio denboraldiko lehen bandera eskuratzetik 2.12 segundora gelditu da. Pena handia horientzat, baina gutxienez sailkapen nagusiko hirugarren postua lortu dute, harrobiko horrenbeste arraunlari dituen traineru batentzat meritu handiko emaitza.

Txanponaren beste aldea Donostiarra eta Hondarribiarentzat izan da. Donostiarrek seigarren amaitu dute gaur, irabazlearengandik 30 segundora, eta hirugarren postua galdu egin dute. Hondarribia zazpigarren izan da, 45 segundora eta segundo bakar bategatik ez dute azken postuan amaitu. Urteroko kontua da, baina ez dirudi onargarria goi-mailako kirol batean zozketa huts batek horrenbeste baldintzatzea azken emaitza.

Lehen txanda oso antzekoa izan da, baina kasu horretan Zierbenak ez ditu horrenbeste arazo izan lehen kalean eta txandako garaipena lortu du azken txanpa ikusgarrian Urdaibairi aurrea hartuz. Zierbena hirugarren izan da gaurko estropadan eta Bermeo laugarren.

Tolosaldea, Getaria eta Kaiku, gorengo mailara

Aurrez, play-offen bigarren jardunaldian, Tolsaldea, Getaria eta Kaiku izan dira datorren urtean gorengo mailan lehiatzeko txartelak eskuratu dituztenak.

Emakumeekin hasita, Tolosaldeak argi utzi du berriz ere parte hartu duen laukoteko indartsuena dela eta ongi merezita lortu du datorren urtean Euskotren Ligan aritzeko aukera. Tolosarrek 10:32.98ko denborarekin irabazi dute gaurko erlojupekoa, bezperan baino askoz hobeto moldatu den Hondarribiaren aurretik. Hori bai, gaur bien artean ikusi den 3.26 segundoko aldea bezperako tarte handiak baino askoz logikoagoak izan dira. Deustu hirugarren izan da eta ez du inoiz benetako aukerarik izan Tolosaldearen igoera arriskuan ipintzeko.

Gizonezkoei dagokienez, Kaiku izan da azkarrena bigarren jardunaldian eta horri esker igoera ospatu ahal izan du gaur bigarren izan den Getariarekin batera. Azken sailkapenean getariarrak amaitu dute lehen postuan bederatzi punturekin, eta laugarren saiakeran lortu dute lehen aldiz TKE Ligan arraun egiteko txartela. Kaikuk, aldiz, iazko jaitsieraren ostean nahikoa izan du urte bat berriz ere gorengo mailara itzultzeko.

Euskaldunen pozak galizarren tristura ekarri du. Bermeon bigarren egin zuen Meirari azkenean ihes egin dio igoerak, nahiz eta gaur ere estropada oso ona egin; Tiran eta Bueu oso urrun geratu dira gaur ere eta datorren urtean Galizako Ligan aritu beharko dute.