NAIZ

Beotibarko batailaren 700. urtemugan Gipuzkoa eta Nafarroaren arteko adiskidetza indartu dute

Urte luzez Beotibarko bataila Gipuzkoa eta Nafarroaren arteko guda geopolitikotzat eman izan da. Larraitz Ariznabarreta eta Xabier Irujo historialariek, ordea, ganadu lapurretan oinarrituko liskarra zela nabarmendu dute. 700 urte geroago, inguruko udalek euren arteko loturak nabarmendu dituzte.

Leitza, Larraun, Berastegi, Lizartza eta Lekunberriko udalek elkarrekin dituzten harremanak nabarmendu dituzte. (LEITZAKO UDALA)
Leitza, Larraun, Berastegi, Lizartza eta Lekunberriko udalek elkarrekin dituzten harremanak nabarmendu dituzte. (LEITZAKO UDALA)

Irailaren 19an Beotibarko bataila bukatu zenetik 700 urte bete dira. Urte luzez Gipuzkoa eta Nafarroaren arteko guda geopolitiko gisa azaldu izan da baina berriki Larraitz Ariznabarreta eta Xabier Irujo historialariek argitaratutako ikerketak erakutsi du lapurreta bati lotutako liskarra besterik ez zela izan.

Urtemugaren harira, Leitza, Berastegi, Lizartza, Larraun eta Lekunberriko udaletako ordezkariak Ulia mendian bildu dira, mendeetan zehar tregoak egiteko, akordioak lortzeko eta bakeaz hitz egiteko balio izan duten kokaleku enblematikoan. Bertan, beren eskualdeak adiskidetze, harmonia eta adiskidetasun lurraldeak direla adierazi dute, «duela anitz mende bezala gaur egun ere denok nazio bereko herritarrak gara, anai-arrebak gara eta hau ez da ‘mugako lurraldea’ ezta ‘gaizkileen muga’ ere, euskararen gunea baizik, milaka urtez guztion elkarbizitzarako habia hain zuzen».

«Hemen gauden udalerriek ulermen protokolo hau sinatzen dugu, eta honen bidez, kultura eta gizarte-ongizate proiektuetan eta, oro har, bizilagunen bizi baldintzak hobetzen dituzten eta gure eskualdeko herri eta haran guztien adiskidetasuna eta bizikidetza sustatzen lagunduko duten proiektuetan lankidetzan jarduteko borondatea adierazten dugu», hala dio udal ordezkariek sinatutako adiskidetze agiri berriak.

Ulian egindako ekitaldiaren bezperan, ordea, musika doinuek protagonismoa hartu zuten. Izan ere, Larraun bailarako Etxarri herrian efemeridearen harira Beltxaren bikotea musika taldeak eginiko diska zuzeneko batekin aurkeztu zuten.