NAIZ

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako egoitzetan txertoaren hirugarren dosia jartzen hasi dira

Lakuak jakinarazi duenez, astelehen honetan hasi dira EAEko egoitzetan Pfizer txertoaren hirugarren dosia ematen, joan den astean Osasun Publikoko Batzordeak adostu bezala. 23.000 bat pertsonek jasoko dute indartze dosi hori, adinekoek eta desgaitasunen bat dutenek.

Egoiliar bat kalean den senide batekin balkoitik hizketan, GSR Debagoiena adinekoen egoitzan, Aretxabaletan, joan den urtarrilean. (Gorka RUBIO / FOKU)
Egoiliar bat kalean den senide batekin balkoitik hizketan, GSR Debagoiena adinekoen egoitzan, Aretxabaletan, joan den urtarrilean. (Gorka RUBIO / FOKU)

Astelehen honetan Pfizer txertoaren hirugarren dosiak jartzen hasi dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoako egoitza soziosanitarioetan. Hala azaldu du Lakuako Gobernuak. Guztira 23.000 lagun ingururi eman nahi diote koronabirusaren aurkako txertoaren indartze dosia. Adinekoak eta desgaitasunen bat duten pertsonak dira.

Osasun Publikoko Batzordeak birusaren aurrean bereziki hauskorra den kolektibo horri hirugarren dosi bat emateko oniritzia eman ondoren, Lakuako Gobernuak txertoa jartzeko prozesuari ekin dio, Osasun Sailaren eta Osakidetzaren bidez eta hiru lurraldeetako foru aldundiekin koordinatuta.

Prozesu hori abenduaren amaieran eta urtarrilaren hasieran covid-19aren aurkako txertaketa kanpainaren hasieran garatu zenaren antzekoa izango da. Osakidetzako eta egoitzetako langileek txertoak zentroetan bertan ematen lagunduko dute.

Joan den astean, immunogutxitze egoera larrian dauden pertsonei jarri zien hirugarren dosia Osakidetzak.

Irungo Caserren

Gipuzkoako Foru Aldundiak zehaztu duenez, Irungo Anaka auzoko Caser erresidentziako egoiliarrek 132 indartze dosi jasoko dituzte astelehen honetan bertan. Aldundia Osakidetzarekin koordinatuz ari da txertaketa kanpaina aurrera eramaten joan den abenduaren 27an egoitzetan martxan jarri zirenetik. Bai txertoak eta bai jartzeko behar den materiala Osakidetzak emango ditu. Jartzeaz, berriz, bertako erizain taldeak arduratuko dira, Aldundiaren taldeen laguntzarekin.

12 urtetik gorako guztientzat aukera

Gobernuak abisatu duenez, oraindik txertoa hartu ez duten 12 urtetik gorako pertsona guztiek Osakidetzaren webgunea zabalik dute hitzordua eskatzeko.