Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua
Elkarrizketa
Iker Elorrieta
‘El radioaficionado’ filmaren zuzendaria

«Denok behar dugu aukera, eta dibergentea dena baztertzea akatsa da»

‘El radioaficionado’ bere lehen film luzea besapean hartuta dator Iker Elorrieta Zinemira sailera. Autismoa duen Nikolas du protagonista. Jendarteak «desberdinen» aurrean duen ezintasunaren lekuko da lana.

Iker Elorrieta (atzean), Usue Alvarez eta Falco Cabo aktoreekin. (Jon URBE | FOKU)
Iker Elorrieta (atzean), Usue Alvarez eta Falco Cabo aktoreekin. (Jon URBE | FOKU)

Nikolasek 30 urte ditu. Autista da. Itsaso zabalera joan nahi du, egun batean agur esan gabe alde egin zuen aitaren oroitzapenari jarraiki. Baina «desberdina» izanik jendarteak ez dizkio gauzak erraz jartzen.

Bere bizipenak dakarzkigu Iker Elorrietak bere lehen film luzean. Sentsibilitatez betetako lana, Falco Cabo eta Usue Alvarez aktoreen lan apartarekin.

Ama hil zaio eta jaioterrira itzultzea erabaki du Nikolasek (Falco Calvo). Han Ane (Usue Alvarez), txikitako laguna aurkituko du. Bidearen kontakizuna da filma, itsas handira abiatu aurreko urrats zailena. Baina oztopoak oztopo, Nikolasek ez du etsiko.

Iker Elorrietaren (Bilbo, 1977) lehen film luzea da ‘El radioaficionado’. ‘I Forgot Myself Somewhere’ (2017) ez-fikziozko lana du egina aurretik.

Aukeraren gaia landu nahi izan du zuzendariak. «Denok behar dugu aukera, eta dibergentea dena, «arauan» sartzen ez dena baztertzea akatsa da. Eta era guztietako pertsonen istorioak kontatu behar ditugu».

Harago doa: «Bat etorri dira kontatu nahi nuena eta prozesu osoa. Aukerak eskaini dizkiogu batak besteari; aktoreek niri, nik eurei... eta gauza bera gertatu da parte hartu duten beste guztiekin. Nire lehen luzemetraia izanik polita da, konfiantza izan dezagun elkarrengan».

Artisau lana izan da proiektua, eta horrek bereziki asebetetzen du egilea. «Oso pozik nago emaitzarekin, artisau lana egin dugu eta horixe da nik bilatzen dudana. Abiapuntua zera izan zen, zetorrenari irekita egotea, eta onerako izango zela pentsatuz zetorren bezala hartzea, hortik abiatuz sortzeko. Ondorioz, ez dago frustraziorik, ez daukazu lortu nahi duzunaren ideia oso zehatzik; akatsa litzateke hori».

Filmaren esentzia amaiera arte mantendu delakoan dago. «Alde horretatik lasai nago. Ahal duzuna egiten duzu, ez nahi duzuna, baina nahi nuena kontatu dut. Eta ahal duzun horrek ez du zertan okerragoa izan».

Bilaketa, barne bidaia, norbere jatorria... gai ugari jartzen ditu mahai gainean Elorrietak. Itsasoak presentzia handia du filman. «Pelikula pertsonala da, baina ez autobiografikoa. Nire istorioa pertsonala dago horren atzean, duela urte asko galdu nuen aita eta bera hor dago, filmaren barruan. Lotura oso estua dut txikitatik itsasoarekin, eta hori ere aitak niri eman zidan aukerari esker da», adierazi du.

«Errua, galera, adiskidetasuna, maitasuna... eguneroko bizitzako gaiak dira –esan du Falco Cabok–. Edonor senti daiteke idenfikatuta».

«Nikolasek helburu jakin batekin egiten duen bidaia erreala dago, batetik, eta nik jokatzen dudan pertsonaiarekin aurkituko da. Eta protagonista bakoitzak bere bidaia propioa egingo du. Ondorioz, hiru bidaia daude», argitu du Alvarezek ondotik.

«Jendartea ez dago prest pertsona jakin batzuei aurre egiteko, ez du gaitasunik eta hori islatu nahi izan du filmak», gaineratu du.

«Sentiberatasun handiko filma da, bihotza ukitzen dizu» adierazi du. «Pieza denek enjakatzen dute, soinu banda (Aitor Etxebarriarena) ere aipatzekoa da. Lantalde txikia izan da baina talentu handiko jendez inguratuta egon naiz eta ilusio eta gogo handiz egin dugu lana; astroek bat egin dute», esan du.

Interpretazio duelo aparta jokatzen dute filman Falco Cabo malagarrak eta Usue Alvarez portugaletearrak, nor baino nor. Elkarrenganako mirespena erakutsi dute elkarrizketan zehar, baita zuzendariarenganakoa ere.

Uribe-Kostan eta Madrilen artean egin dute filmaketa. Elorrietak berak filmatu du zuzenean kameraz. Ez da batere ohikoa gaur egungo zinemagintzan. «Dokumentalak egin ditut aurretik eta ohituta nago kamera aldean izaten. Lantalde txikian aritzea dut gustukoa, giro berezia sortzen da. Intimotasuna bilatu dut, ez bakarrik eszenetan, baita aktoreekiko harremanean ere. Kamera eta eurak, beste inor gabe. Aldiz, berrogei pertsona aktoreei begira daudenean nabaritu egiten dut, energia aldatu egiten da. Horrez gain, argi naturalarekin lan egiteak errazten du, gauzak bizkor egin behar dituzu. Ez dut nahi aktoreek senti dezaten eragoztea dispositiboak», azaldu du.

Aktoreek bereziki eskertu diote erabakia: «Ez dut sekula modu horretan lan egin. Aktore bezala oparia izan da», dio Alvarezek.