Elkarrizketa
Aitor Arregi
Amorebietako jokalaria

«Defentsa lanean hobetu behar dugu, baina beti lehiatzen gara»

Lezamak larunbatean hartuko duen derbia adiskidez beteta egongo da. Eibar ondo ezagutzen duen Aitor Arregiren kasua da, Amorebietako jokalaria Bigarren A Mailara eta Lehen Mailara igo baitzen kamiseta gorri-urdinarekin, etzi aurrez aurre izango duen Gaizka Garitano beraren gidaritzapean.

Aitor Arregi Amorebietako jokalaria. (Oskar MATXIN/FOKU)
Aitor Arregi Amorebietako jokalaria. (Oskar MATXIN/FOKU)

Futbola eta kazetaritza topikoen erreinua dira. Baina gehiegizko erabilerak ez ditu nahitaez topikoak baliogabetzen. Bai, Aitor Arregirentzat «berezia» izango da Amorebietak eta Eibarrek etzi jokatuko duten derbia. Hirugarren jardunalditik jokatu ez duen arren, partida soropilean bertan bizitzea gustatuko litzaioke. Hori bai, Iñigo Velezen planak asmatzea ez da batere erraza.

Amorebietan ia ezinezkoa da titularren eta ordezkoen artean bereizketa egitea. Seinale ona, denok ondo zaudetela esan nahi duelako; seinale txarra, entrenatzaileak bere hamaikakoa topatzen ez duelako; edo misterraren marka besterik ez?

Danetik pixka bat. Iñigori beti gustatu zaio taldea partidaren arabera aldatzea. Gainera, sekulako lehia dago taldearen barruan eta ez dago alde handirik bata edo bestea sartu. Ez daukagu Cristiano Ronaldo edo Messi bat, talde oso bat baizik. Eta egia da ere hasiera honetan emaitzak ez direla oso onak izan eta horrek ere bultzatuko duela Iñigo aldaketa gehiago egitera. Agian hemendik hilabete batera hamaikakoa finkoagoa da.

Hamaikako horretan egon zinen zu lehen bi jardunaldietan, baina harrezkero ez duzu jokatu.

Entrenatzailearen erabakia izan da. Eta jokalariok erabakiak onartu behar ditugu, eta lan egin bueltatzeko. Jokatzen dutenak animatu eta laguntzea dagokit orain.

Zer nota jarriko zenioke taldeari denboraldi hasiera honetan? Eta zure buruari?

Lau bat biei. Nire kasuan maila altuagoa eman dezakedala uste dut, eta taldeari buruz ere gauza bera uste dut.

Zertan hobetu behar duzue nota igotzeko?

Nik uste dut batez ere baloi barik huts egiten ari garela, defentsa lanean. Arazoa ez da defentsa bera, baizik eta taldearen lan defentsiboa, non kokatu... Huts egiten ari gara eta aukerak egiten dizkigute eta golak sartu. Eta hori izan da gure indarra orain artean, defentsa lanean sendo egotea.

Maila aldaketa nabarituko zenuten. Aurrelari hobeak dituzue aurrean orain...

Aurkariak hobeak dira, baina arazoa ez da hori. Aurkariak sekulako jokaldia egiten badu eta gola sartzen badu, ezin duzu larregi egin; zoriondu eta aurrera jarraitu. Arazoa golak zuk egindako akatsengatik heltzea da; ezin dizkiezu erraztasunak eman aurkariei. Hori da hobetu behar duguna.

Bertuteak ere erakutsi dituzue.

Bai, noski. Batez ere beti lehiatzen garela azpimarratuko nuke, taldeak ez duela amore ematen eta nortasuna daukala. Beti dagoela partidan sartuta. Nik uste dut orain arte partida guztietan nahiko ondo aritu garela; guztietan egon gara partidan sartuta azken minutura arte.

Emaitzak ez dira hain txarrak izan, batez ere Girona, Almeria eta Leganes bezalako taldeen kontra jokatu duzuela ikusita.

Baliteke, baina ez dira nahikoak izan, adibidez, jaitsiera postuetatik kanpo egoteko. Diferentzia txikiak daudela ikusten ari gara; nahiz eta talde batzuek oso plantilla potenteak eduki, partida gehienak alde txiki-txikiekin erabakitzen dira eta zaila da denentzat bolada on luzeak edukitzea. Horregatik, bi garaipenekin jauzia eman dezakezu sailkapenean. Baina lortu egin behar dira.

Lan taktikoaz eta fisikoaz gain, psikologikoa ere beharrezkoa da sailkapenaren behealdean egotearen presioari aurre egiteko?

Ez dut uste. Egia da guretzat berria dela bai maila, baita hor behean egotea ere. Gainontzeko gauza guztiekin egiten ari garen bezala, egoera desberdinei aurre nola egin ere ikasten joango gara. Baina ez dut uste urduritasuna sortuko duenik, talde umila garelako eta aurretik bagenekielako helburua mantentzea dela eta sufritu beharko genuela.

Estutasunez gain, partida politak ere badakarkizue Bigarren Mailak. Larunbatekoa, adibidez.

Zaila eta polita, bai. Sekulako taldea egin du Eibarrek, Bigarren Mailako jokalari onenak fitxatuta. Eta, gainera, abiada hartu du azken jardunaldiotan.

«Amorebietan etxean sentitzen naiz. Ez bakarrik etxetik gertu nagoelako, baizik eta, batez ere, sekulako aldagela topatu nuelako eta oso gustura sentitu naizelako beti, hasieratik».

Zaila, polita... eta berezia.

Argi dago, urte asko eman nituen Eibarren eta inoiz ez dut euren kontra jokatu. Oso berezia izango da, nahiz eta zelaian ez egon nirekin jokatu zuen inor.

Aulkian bai, berriz. Gaizka Garitanoren gidaritzapean bi igoerak lortu zituen Eibarren parte garrantzitsua izen zinen.

Oso urte politak izan ziren, une zoriontsu asko, betiko gordeko ditudanak. Eta, hara, gogoan dut Bigarren Mailan pixka bat kili-kolo hasi ginela, bertan ere gehienok berriak ginela, pixka bat urduri geundela, emaitza onak lortzea kostatu zitzaigula... eta ikusi non amaitu genuen!

Istorio horren lehen zatia Amorebietarekin errepikatzen ari zara.

Bigarrena errepikatzea zailagoa izango da! [barreak]. Nik uste dut hori bizitzan behin gertatzen dela. Egia da Eibar ere klub umila zela, baina aurretik  esperientzia luzea zuen Bigarren Mailan... Ezberdina zen. Argi dago gure helburua beste bat dela.

Eibarretik irten eta hainbat talde pasa zenituen Amorebietara heldu arte. Laugarren denboraldia duzu bertan. Zer eman dizu?

Etxean sentitzen naiz. Ez bakarrik etxetik gertu nagoelako, hori ere eskertzen bada ere, baizik eta, batez ere, sekulako aldagela topatu nuelako eta oso gustura sentitu naizelako beti, hasieratik. Eskaintzak izan ditut kanpoan, baina hemen jarraitzea erabaki nuen eta ez naiz inoiz damutu, batez ere iaz lortu genuen saria ikusi eta gero!