NAIZ

Uribarri, Matiko, Zabala eta Zorrotza auzoak alaitzeko egitarau oparoak antolatu dituzte

Osasun egoerak hobera egin duela ikusita, Zorrotza, Zabala, Uribarri eta Matiko auzoetako jai batzordeek egitarau zabalak antolatu dituzte asteburu honetarako eta hurrengo asterako. Gustu eta adin guztietarako ekimenak egongo dira: Kontzertuak, lehiaketak, jolasak, erakustaldiak, tailerrak...

Uribarriko jai batzordeak ekainean antolaturiko ekimena. (@aldapangora)
Uribarriko jai batzordeak ekainean antolaturiko ekimena. (@aldapangora)

Covid-19en pandemiaren ondorioz, Bilboko auzoek ia bi urte daramatzate jai herrikoiak ospatu gabe. Hori dela eta, eta osasun egoerak hobera egin duela ikusita, Zorrotza, Zabala, Uribarri eta Matiko auzoetako jai batzordeek egitarau zabalak antolatu dituzte asteburu honetarako eta hurrengo asterako.

Zorrotza

Zorrotzan ostiral honetan, irailak 24, ekingo diote egitarauari ‘Zorrotzaldi larai’ lelopean. Egun horretan Gymkhana kooperatiboa, txupina eta ‘Auzokide’ aurkezpen bideoa egongo da; 25ean I. Arrantza Topaketa eta Trapala taldearen kontzertua; 26an txirrindula ibilaldia, txotxongilo tailerra, indaba eta sakramentuen pintxopotea eta Kike y Sararen kontzertua.

Hurrengo astean: irailaren 29an eskupilota erakustaldia, trikitilariek kalejira eta Euskal Mintza; 20an Taekwondo erakusketa; urriaren 1ean kuadrillentzako playbacka, eta Itxaro eta Lur Jota taldeen kontzertuak; 2an instrumentu birziklatuen kontzertua eta kalejira eta alardea; 3an herri kirol parte hartzaileak eta erakustaldia, igel txapelketa eta Los Gavilanes mariatxien kontzertua. Hemen ordutegia eta informazio gehiago.

Zabala

Zabalan irailaren 24an 20.00etan ekingo diote ere egitarauari Bilbotarra Abesbatzaren ikuskizunarekin. Larunbatean Zabala IX Otxote topaketa egongo da 12.15etan eta kontzertuak arratsaldeko 19.00etan. Poema irakurketarekin (20.00) jarraituko du egunak. Igandean, umeentzako pailazoak izango dira 12.00etan, mahai jokoak 17.00etan eta amaierako ekitaldia 19.00etan La Mina tabernako plazatxoan. Hemen egitarau osoa.

Uribarri eta Matiko

Uribarrin eta Matiko irailaren 24tik urriaren 3ra arte luzatuko dute egitaraua. Aldapan Gora jai batzordeak gustu eta adin guztietarako ekimenak antolatu ditu ‘Auzokada’ lelopean. Hemen ikus daiteke egitaraua, baita izena eman ere: labur.eus/auzokada.