Aitor Agirrezabal
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Dena irabazita, badoa Anna van der Breggen

31 urterekin esango dio gaur agur txirrindularitza profesionalari Anna van der Breggenek. Lanak eginda, dena irabazita, badoa, aurten soinean izan duen ortzadar elastikoa taldekideren bati uzteko ametsetan.

Anna van der Breggenek hamarnaka aldiz altxa ditu besoak. Hemen, Arraten. (Gorka RUBIO/FOKU))
Anna van der Breggenek hamarnaka aldiz altxa ditu besoak. Hemen, Arraten. (Gorka RUBIO/FOKU))

Ez zaio ezer geratu irabazteko. 2012an emaitzak lortzen hasi zenetik, 10 denboraldi ikusgarri egin ditu herbereetarrak. Anna van der Breggen eta Annemiek van Vleuten izan dira emakumezkoen txirrindularitzaren gorakada nabarmenaren ikur. Batzutan taldekideak eta gehienetan aurkariak. Bientzako garaipen aski egon da, baina Van der Breggenek ez du gehiago lortuko.

Lau bider gailendu da Italiako Giroan, hirutan izan da munduko txapeldun (azkena iaz), bitan Europakoa, urre olinpikoa ere badauka, Liege-Bastogne-Liege, Flandriako Tourra, Amstel Gold Race eta Strade Bianche ere bereganatu ditu. Eta Fleche-Wallone. 2014tik ez dio Huy-ko paretan beste inorri besoak altxatzen utzi. Zazpi garaipen erreskadan.

Baina iaz, 2020an, lortu zuen emakumezkoen tropelean dagoen lasterketa zailenetako bat (zailena ez baldin bada) irabaztea. Herbereetako txapelketa. Erlojuaren aurka bazuen garaikur bat, baina ez iraupen frogan. Eta eskuratu zuen azkenik. 

Ordurako hartua zuen lehiaketa profesionala uzteko erabakia. Edo behintzat bizikleta gainean aritzekoa. Izan ere, zuzenean pasako da SD Worx taldeko zuzendaritzara.

Gaur izanen du azken proba. Ez da unerik onenan iristen. Are gehiago, bere ibilbide profesionaleko momentu baxuenetako batean ekingo dio lasterketari. Eta onartu du. «Eskertzen dut hau izatea azken lasterketa. Ez noa azkar eta hau sentsazio berria izaten ari da niretzako». Vueltan 58. sailkatu zen irailaren hasieran. Inoiz itzuli batean egin duen posturik txarrena.

Baina ez doa goibel. «Atzera pauso bat eman nahi dut eta behingoz atseden hartu».

Ez du motibazio falta izan denik uste. «Gogor saiatu naiz txapelketa hauetara ongi iristeko. Baina ez dut lortu. Ez dakit zergatik. Baina irakaspen baliogarria izango da hau ere, baita hemendik aurrera hartuko dudan zuzendari rolerako ere».

Eta hori dela-eta, taldekideentzako lanean arituko dela baieztatu du. Annemiek van Vleuten, aurkari eta taldekidea selekzioan, izango da gaurko faboritoetako bat. Demi Vollering, bere oinordekotzat jo dutena, bestea. Eta, batez ere, lasterketaren ibilbidea ikusita, Marianne Vos.