NAIZ

352 kilometro eta 350.000 pauso, «presoak etxeratzeko prozesuari bultzada eman asmoz»

Konponbidearen eta giza eskubideen aldeko Sare herritarrak «presoak etxeratzeko prozesuari bultzada emateko» irailaren 29tik urriaren 2ra Nafarroa zeharkatuko duen ibilaldia aurkeztu du gaur Iruñean. 

Agerraldi jendetsua antolatu du Sarek Nafarroako Itzulia gisara aukeztu duen ekimen ibiltariaren berri emateko. (Iñigo URIZ/FOKU)
Agerraldi jendetsua antolatu du Sarek Nafarroako Itzulia gisara aukeztu duen ekimen ibiltariaren berri emateko. (Iñigo URIZ/FOKU)

Irailaren 29tik urriaren 2ra ibilaldi bat antolatuko du konponbidearen eta giza eskubideen aldeko sare herritarrak Nafarroan. «Presoak etxeratzeko prozesuari bultzada emateko asmoz» antolaturiko ekimena Berriozar eta Lesaka artean iraganen da. Gaur nafar hiriburuan egin duen agerraldi jendetsuan xehetasuna eman ditu Sarek.

«Prozesu hori ezinbesteko ekarpena da bizikidetza demokratikoaren esparru bat sendotzeko eta, horri esker, indarkeriak eta sufrimenduak markatutako ziklo historiko luze bat ixteko», adierazi du Sarek.

352 kilometroko ibilaldia izango da, 350.000 pauso inguru, «milaka nafarren oinek emango dituztenak guztiontzat bakea eta askatasuna dakartzan helmugarantz aurrera egiteko helburuarekin».

Sareren ustez zer pentsatu ematen du Lesaka eta Berriozar izateak ibilaldi horren hasiera eta bukaera.

Alde batetik, Lesaka, mugaren pasabideak hurbil dituen herria dela nabarmendu dute Sareko kideek agerraldian. «Nafarren hainbat belaunaldik, sufrimendutik ihesi, gurutzatu eta gurutzatzen lagundu behar izan dituzten muga pasabideak» direla nabarmendu dute, besteak beste Comete Sarea, nazismotik ihesi zihoazenei lagundu zien taldea gogoratuz.

Bestetik, Berriozar, Ezkaba mendiaren oinetan, «asmo bakarra aske bizitzea zuten ehunka presoren heriotza ekarri zuen ihesaldi tragikoaren lekuko izan zela 1938an» mahaigaineratu dute aurkezpen ekitaldian.

«Etxera itzultzeko ideia erabat ezinezkoa zen orduan, baina orain, aldiz, iritsi da gure ustez une historiko hori, presoek espetxea atzean utzi eta etxera itzultzeko prozesuari ekitekoa; iraganeko zauriak ixteko eta etorkizuneko bideak jorratzeko», adierazi du mugimendu herritarrak.

Ekimen horren bidez «espetxe politikarekin amaitzera goazela esaten ari gara baita salbuespen-politika urratzaile horrekin amaitzeko bidean gaudela ere», laburbildu du Sarek.

«Argi izanda oraindik bide luzea dugula egiteko, bidean gaude, martxan gaude eta horren adierazle da preso, iheslari eta deportatuenetxerako bidea aldarrikatzeko herrialde osoan pixkanaka hedatzen ari garen sarea, herriz-herri, auzoz-auzo antolatzen ari garen sarea», gehitu du.

74 herri eta auzo

Ibilbide horren baitan kokatu du hain zuzen Sarek Nafarroako Itzulia gisara ezaugarritu duten zeharkaldia. Ekimen ibiltari horrek 352 kilometro izanen ditu eta irailaren 29a eta urriaren 2 artean gauzatuko da, gau eta egun atsedenik gabe, Nafarroa osoa zeharkatuz.

74 herri eta auzo, zenbait eragilerekin batera izanen dira Sarek bota duen erronka hau aurrera eramanen dutenak. 5 kilometroko 74 errelebo, 72 orduz atsedenik gabe, ibilian-ibilian Bortziri, Malerreka, Basaburua-Imotz, Sakana, Lizarraldea, GoiErribera, Tafalla aldea, Izagaondoa, Agoitz, Artzibar, Aezkoa, Erroibar, Esteribar eta Iruñerria eskualdeak zeharkatuko du elimen ibiltariak.

Hortaz, ekimen horretan parte hartzeko deia luzatu dute herri, auzo zein eragile ezberdinetako ordezkariek.

Batetik irailaren 29tik urriaren 2ra Itzulian parte hartzeko gonbidapena luzatuz, eta bestetik urriaren 2an, 17:00tan nafar hiriburuko Cuatro Vientos plazatik Berriozarrera, Nafarroako Itzuliko azken puskarako herrialde mailako manifestaziora deituz. Itzuliaren helmugan, Berriozarren, ekitaldia izanen da eta bertan dantzariak, abeslariak, bideo proiekzioak eta hitzartzeak izanen direla aurreratu du Sarek.