Imanol Carrillo

Joan Crespok brontzezko domina kolkoratu du Bratislavako Mundu Txapelketan

Donostiarrak hirugarren deborarik onena egin du K1 modalitatean, ate bat ikutzeagatik bi segundoko zigorra jaso ostean. 0.15 segundogatik ez du zilarra kolkoratu. Emakumezkoetan, Miren Lazkano finaletik kanpo geratu da.

Jon Crespo, Bratislavako kanalean lehiatzen. (@RFEPiraguismo)
Jon Crespo, Bratislavako kanalean lehiatzen. (@RFEPiraguismo)

Oso albiste onak datozkigu Bratislavatik (Eslovakia). Bertan ospatzen ari den Piraguismoko Munduko Txapelketan Joan Crespok brontzezko domina kolkoratu du gaur eguerdian K1eko modalitatean hirugarren denborarik onena egin ostean.

Donostiarrak 87.90 denbora egin behar izan du podiumeko hirugarren tokia eskuratzeko. Jaitsiera oso azkarra egin du Crespok, baina bi segundoko zigor bat jaso du ate bat ikutzeagatik eta horregatik ezin izan du podiumean gorago igo.

Bere aurretik Boris Neveu frantsesa (urrea, 83.92 denborarekin) eta Marcello Beda italiarra (zilarra, 87.75rekin) sailkatu dira. Biek jaitsiera garbia egin dute, zigorrik gabe. Hala, Beda eta Cresporen artean 0.15 segundo besterik ez da egon.

Emakumezkoetan, Miren Lazkanok ezin izan du finalerako txartela eskuratu K1 modalitatean. Ostegunean eguneko 20. denborarik onena egin zuen finalerdietan sartu ahal izateko, baina larunbat honetan 28. postua eskuratu du.

Gipuzkoarrak bi jaitsiera egin behar izan ditu, baina horietako batean 50 segundoko zigorra jaso du, bere aukertak guztiak uxatuz. Alde honetatik, aipatzekoa da ere Jessica Fox australiarrari gauza bera gertatu zaiola, eta finaletik kanpo geratu da.

Finalean, garailea Ricarda Funk alemaniarra izan da, 94.80 denborarekin. Zilarra Elena Apel herrikideak kolkoratu du (97.31).

Bratislavako Mundu Txapelketa igandean amaituko da. Bertan, Miren Lazkano eta Klara Olazabal C1eko finalerdietan lehiatuko dira. Ander Eosegik gauza bera egingo du gizonezkoetan. Gainera, Miren Lazkano, Olatz Arregi eta Joan Crespo muturreko eslalom proban arituko dira.