Haritz Larrañaga

Isabel Letham: Australiako surfaren historian aitzindari

Ez dago argi Australian surf egin zuen bertako lehen surflaria izan zen, bainainork gutxik jartzen du zalantzan bere aitzindaritza. Igeriketa eta surfa eskutik zihoazen garaian urrats ausartak eman zituen emakume australiarrak.

Letham surf egiten. (SURFERTODAY.COM)
Letham surf egiten. (SURFERTODAY.COM)

Batzuek Isabel Letham Australian surf egin zuen bertako lehen pertsona izan zela diote, beste batzuek Australian surf egin zuen lehen emakumea izan zela, eta beste batzuek aurrez Australian surf egin zuten bertako neskak zein mutilak izan zirela. Edonola ere, Isabel Letham Australiako surflari aitzindaria izan zela ez dago inongo zalantzarik eta bere ondarea, surfaz harago, igeriketa eta salbamendu tekniketara ere zabaldu zen.

Duke Kahanamoku handiak Australian egin zuen surf erakustaldi bat da jarraian etorri ziren gertakizunen iturburua, eta, hain zuzen ere, surflari hawaiiarrarekin itsasoratu zelako egin zen ezaguna Letham. Egiazki, baina, igerilari eta surflari moduan bere karrera hasi baino ez zen egin egun hartan, jarraian urrats esanguratsuak eman baitzituen bai AEBetan eta baita Australian bertan ere.

Erakustaldi ospetsua

Isabel Letham, Duke Kahanamokurekin itsasoratu zeneko erakustaldia da surflari hawaiiarrak Australian egin zuen erakustaldi famatuena, prentsa eta ikusle andana izan baitziren lekuko. Erakustaldi haren ostean hedatu zen surfa Australia osoan, baina aurrez beste bi erakustaldi egin zituen Kahanamokuk, eta, historialari batzuen arabera, lau urte lehenagotik jada baziren surflariak Sydneyn, haien artean Isma Amor 15 urteko neskatoa.

Uretako salbamendu eta sorosle ekimenak bultzatzen zituen Freshwater Life Saving Club elkarteak antolatu zituen surf erakustaldiak. Lehena, 1914ko abenduaren 23an izan zen, asteazken batean, Sydneyko Freshwater hondartzan, eta ikusleak liluratuta geratu omen ziren.

Bigarren erakustaldia 1915eko urtarrilaren 10ean egin zen eta berriz ere txundituta utzi zituen ikusle australiarrak “surfaren aita” izendatu zuten Hawaiiko aristokratak. Horren ostean, egun handia iritsi zen, 1915eko otsailaren 6a. Milaka ikusle bildu ziren Dee Whay hondartzan. Hasieran, Kahanamoku bakarrik itsasoratu zen, olatu eder bat itxaron zuen patxadaz eta, iritsi zenean, belauniko jarri zen taularen gainean arraun egiteko. Olatua belauniko hartu ostean zutik jarri eta ur ertzeraino gerturatu zen taularen gainean zutik. «Ur gainean oinez doan brontzezko estatua bat balitz bezala», idatzi zuten egunkari bateko kronikan.

Jarraian, boluntario bat galdegin zuen berekin itsasoratu eta taula gainean tandem bat egiteko. Isabella Lethman ausartu zen, 16 urteko neskatoa. Lehen olatua erraz hartu zuten, baina olatuaren gainaldean zirenean Letham izutu egin omen zen eta ez zen ausartu zutik jartzera. Laugarren saiakeran, ordea, Letham zutik jarri zen Dukerekin batera eta, biharamunean, egunkarietan kontatu zuten une historiko hura.

Antza, bi egun baino ez zituen behar izan Dukek erakustaldirako surf taula egiteko eta litekeena da taula hura Lethamen aitak egin izana. Baina datu hori ez dago garbi: historialari batzuek diote Lethamen aitak erakustaldiaren ostean egin zuela surf taula alabarentzako, eta beste batzuek diote Dukerentzat egin zuela azukre pinu baten egurrarekin.

Surfaren hedapena Australian

Dukeren erakustaldia oinarri hartuta, Australian surf egin zuen bertako lehen surflaria neska bat izan zela esan ohi da, baina lau urte lehenago Sydneyko hondartzetan itsasoratu zen surflari talde bat izan zela diotenak ere badira, eta surflari haien artean Lethamen laguna zen Isma Amor omen zegoen, Manly Life Saving Clubeko 15 urteko kidea.

Geroago, Claud West izendatu zuten gizonezko lehen surflari ofiziala eta, hain zuzen ere, Freshwater elkarteak Australiako lehen surf txapelketa antolatu zuenean, Australian Board Riding Champion of the Freshwater Surf Club, berak irabazi zuen txapela.

Ondorioz, historialari batzuen arabera baziren surf egiten saiatu ziren igerilariak Duke Australiara iritsi aitzin. Edonola ere, Dukek Sydneyko hondartzetan egin zituen erakustaldien ostean hasi zen jendea Australian surf egiten, eta, ordutik aurrera, zaletasunak sekulako indarra hartu zuen.

Hurrengo hamarkadetan taulen diseinuak ez zuen aldaketa handirik jasan eta Dukek irekitako bidea jarraitu zuten australiarrek. Aldiz, 40ko hamarkadan, taula arinagoak agertu ziren eta horrek surflari kopurua asko igo zuen.

Surfak Australian hartu zuen indarraren adierazle da munduko lehendabiziko txapelketa ofiziala bertan egin zela. 1964an izan zen, Manlyko hondartzan eta 65.000 pertsona bildu ziren lehiaketa gertutik jarraitzeko. Irabazleak bi australiar izan ziren; mutilen kategorian Bernard Farrelly Midget izan zen garailea, eta, nesken kategorian, ostera, Phyllis O’Donell izan zen txapelduna.

Isabel Letham

Isabel Ramsay Letham 1899ko maiatzaren 23an sortu zen Chatswood hirian, Australian, Hegoaldeko Gales Berrian. Handik gertu hil zen, Harborden, 1995eko martxoaren 11n. Itsasoa izan zuen lagun bizi izan zen artean. 1978. urtean Australiako neska surflarien elkarteko ohorezko kide izendatu zuten eta, hamabost urte geroago, 1993an, Australiako Surfeko Famaren Saloian sartu zuten.

Surfaren ospea handitzeko Dukerekin partekatu zuen une historikoa baino harago doa Lethamek utzitako ondarea. Izan ere, besteak beste, emakumeak igeri egitera bultzatu eta salbamendu teknika berriak sustatzeko egin zuen lana ere itzelezkoa izan zen. Kontuan hartu behar da sasoi hartan surf taulek ez zutela txikotarik eta, ondorioz, surflariek igerilari oso onak izan behar zutela olatu artean ibiltzeko. Horregatik, Dukeren garaian igeriketa eta surfa eskutik joan ziren.

Oraindik gazte zela AEBetara joan zen Letham eta 1923an Kaliforniako Berkley unibertsitateko igeriketa zuzendari izendatu zuten. Urte hartan Hawaiin ere izan zen eta Honoluluko Waikiki hondartzan surf egin zuen. Duke Kahanamoku ikusten saiatu omen zen, baina ez zuen lortu.

Kaliforniako emakumeen lehen igeriketa lasterketa berak antolatu zuen, San Frantziskon 1926. urtean. Ondoren, AEBetan ikasitakoa Australiara eramaten ere saiatu zen, baina emakume izateagatik baztertu egin zuten. «Itsaso zakarra izanez gero ez litzateke egoera mendean hartzeko gai izango», adierazi zuen Manly Surf Clubeko lehendakariak. Horren ostean, New York eta Los Angelesen bizi izan zen, 1929an Australiara behin betiko itzuli arte. Han bizi izan zen 95 urterekin hil arte.