Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

Bera Beraren laugarren garaipena erreskadan (37-31) eta Zuazoren estreinakoa (37-28)

Bera Berak sasoiko laugarren garaipena eskuratu du Valladolid 37-31 garaituz. Bigarren zatiaren erdian makalaldi baten ondotik, arerioa markagailuan hurbildu egin da, Bera Bera bere bertsiorik onena ateratzera behartuz. Zuazok, bestalde, bere aurreneko bi puntuak batu ditu Morvedre aise garaituta. 

Boada sasoiko dago urtebete, min hartuta, kantxetatik at egon ostean. (Gorka RUBIO / FOKU)
Boada sasoiko dago urtebete, min hartuta, kantxetatik at egon ostean. (Gorka RUBIO / FOKU)

Defentsan sendo, atean sendo eta erasoan fin. Partida oso serioa osatu du Bera Berak, kasik hasieratik bukaeraraino –tartean makalaldi bat izan du–. Tenerifen ez bezala, erabat partidan sartuta hasi da Bera Bera, nahiz eta hasierako bi kontraerasoak huts egin dituen. Valladolidek ere huts egin du bere lehen bi erasoetan eta beraz, Gilek markagailua ireki ahal izan du. 

Behin irekita, nahiz eta Valladolidek segituan berdindu duen Tellezen gol bati esker –erasoan jokalari giltzarria izan da, lau gol eginez–, Maria O'Mullonyren bitartez, aldea handitu du etxeko taldeak, nagusitasuna agerian jarrita. Defentsan nahiko makal aritu da Valladolideko taldea, hutsune gehiegi utzi dituzte edota Bera Berako jokalariak gai izan dira hutsune horiek aurkitzeko, eta beraz, 15. minuturako donostiarrek 8 gol egin dituzte, mota guztietako golak. 

Mota guztietako eta kasik deialdian zeuden jokalari guztiek gola eginez bukatu dute lehen zatia –Mirene Moreno falta izan da eta ermuarrak bigarren zatian bi gol egin ditu–, Alice Silva atezainaren beste ikuskizun batekin. Maddi Aallak ere parte hartu du atezainen ikuskizunean, denboraldiko lehen 7 metroetako jaurtiketa geldituaz –bigarren zatian brasildarrak beste bat gelditu du–. 

Carmen Sanchez kanpoko atezainak ere sekulako lehen zatia egin du eta horren erruz, hain zuzen ere, Bera Berak ezin izan du erabat neurketa apurtu, nahiz eta lehenengo zatian 19 gol egin dituen. Gol asko bi arerio lehiakorren arteko neurketa izateko.

Lehenengo zatian ez du hautsi norgehiagoka baina bigarrenengoan partida erabat berea zela agerian utzi nahi izan du, azkenean uste baino gehiago kosta baldin bazaio ere. Inoa Lucioren bi minutuko kanporatzeak min handia egin dio Valladolideri eta Silvak bere horretan jarraitu duen heinean, Mariane Fernandes ere kasik geldiezina izan da. Golegile nagusia izan da brasildarra eta defentsan ere protagonista izan da, bi kanporatze jaso baititu. 

Nolanahi ere, zazpi goleko aldea ireki duen arren (une batean bederatzikoa ere izan da), Valladolidek ez du amore eman eta bost golera murriztu du errenta bere jokalari garrantzitsuenen eskutik (Cifuentes (2), Cuadrado (4) eta Gonzalez de Garibay (5), besteak beste), 4-7ko partziala erdietsita. Eta bost goleko aldearekin ere Valladolid arerio arriskutsua izan daiteke. Are gehiago, Bera Bera zortzi minutu golik ezin eginda egon denean, erasoan bere alderik makalena erakutsiaz. 

Eskerrak, baina, atean Alice Silvak bere horretan jarraitu duela eta beraz, bost goleko errenta horrek minutuak iraun dituela. So Delgagok eta Molesek hiru golera ere murriztu dute distantzia eta Bera Berarentzat funstezkoa izan da 31. gola egitea. Poloniok egin du Mariane Fernandesen pase bat ederki probestuaz. Pibote katalana ere protagonista izan da Teresa Alvarezen golari beste gol batek erantzunda. 

Azkenean, lau goleko aldea defendatzeko hortzak benetan estutu behar izan dute donostiarrek. Alice Silvak zein defentsak gogor egin behar izan dute lan, atsedenalditik bueltan jada erabakita zegoela zirudienean. Behin Cardosok eta Marianek 34-29koa jarri dutenean, lasaitasuna itzuli da Gascara. Eta lasaitasun horren baitan, alboko brasildarra protagonista izan da berriro ere (bera izan da golegile nagusia (10), Brasilgo selekzioarekin debuta egin behar duen atariko partidan). 

Hala, Imanol Alvarezen taldea lider dela iritsi da ligako geldialdira, lau partidatik laurak irabazita.

Morvedre baino gehiago 

Zuazok, bestalde, laugarren jardunaldira arte itxaron behar izan du bere lehendabiziko garaipena erdiesteko (37-28). Arerio zuzen batek bisitatzen zuen Lasesarre eta bizkaitarrek ez dute hutsik egin, hasieratik bukaeraraino nagusi direla erakutsiz. 

Atsedenaldirako, sei goleko errenta ireki dute Joseba Rodriguez "Haito" entrenatzailearen taldeak eta bigarren zatian, erritmo berari eutsiz, 7-1eko partzialarekin –Fernandez-Agusti ahizpak giltzarri izan dira, zazpi goletik sei beraienak izan baitira– erabat hautsi dute neurketa, 40. minuturako partida jada erabakita utzita. 

Aurreko asteburuetan, makalaldiak gogor ordaindu zituzten bizkaitarrek –Porriñon eta Granollersen azken minutuetan galdu zuten partida– baina larunbat honetan ez dute ezustekorako tarterik eskaini. Partida guztiz kontrolpean izan dute eta kasik deialdian zeuden jokalari guztiek ikusi dute atea –atezainak eta Blazquezek izan ezik–. 

Astean zehar Joseba Rodriguez "Haito"-k adierazi zuen orain «talde orekatuago» bat direla, ez daudela jokalari zehatz batzuen menpe eta jokalari guztien parte-hartzea horren isla argia izan daiteke. 

Bere lehenengo garaipena eskuratuta eta gol diferentzia handiari esker, jaitsiera postuak atzean utzi ditu Zuazok eta bederatzigarren sailkatua da, Morvedre, Porriño eta Teneriferekin puntuz berdinduta.