Andoni Arabaolaza

Onditz Iturbek eta Aitor Ajuriak lineako euskal txapelak jantzi dituzte

Mendi Lasterketen Euskadiko Txapelketarako baliagarria izan den Mitxarro Bira lasterketa gaur jokatu da. 27,5 kilometroko eta 1.775 metroko goranzko desnibela zituen ibilbidean eguraldi traketsak erabateko protagonismoa izan du. 

Euskal Herriko bazter ia guztietan bezala, Araian ere, klima oso kaskarra izan dute. Euria, lainoa eta hotza izan dira nagusi; mendi tontorretan eta haien ingurumarian baldintzak are okerragoak izan dira. Eta egoera horretan, goizeko 9:3oean, Altzania Mendi Klubak antolatutako Mitxarro Bira lasterketari hasiera eman zaio. Aurten, gainera, Euskal Mendizale Federazioaren Mendi Lasterketen Euskadiko Txapelketarako baliagarria izan da. Hain zuzen ere, lineako modalitatean.

Jakina, aipatu ditugun baldintza txar horiek hitzordu garrantzitsu horren ibilbidean eragin garrantzitsua izan dute. Denera, Araiako irteera puntuan bildu diren seniorrek 27,5 kilometro eta 1.775 metroko desnibel positiboa gainditu behar izan dituzte. Ohi den bezala, puntu garaiera Aratz mendia izan da. 

Eta lasterketa horretan sasoikoenak, edo ibilbidera hobekien moldatu direnak, Onditz Iturbe eta Aitor Ajuria izan dira. Bederen, helmugan lehen postuan sailkatu dira. Emakumezkoetan, Iturbek argi eta garbi erakutsi du oso indartsu dagoela, hots, nagusitasun osoarekin gailendu da. Duela astebete, Gorbeia Suzien proban, bigarren postuan sailkatu zen. Araiako Mitxarro Biran, berriz, lehena izan da 3:00:58 denborarekin. Gaurko baldintzak ikusita harrigarria da 2019. urtean Maite Maiorak eginiko errekorra bost minutuan hobetu duela. Podiumaren bigarren kutxara Araitz Villa (promesak mailakoa)) igo da; bizkaitarrarengandik 14 minutura iritsi da. Eta hirugarrena Andrea Garay izan da; Villak baino sei minutu gehiago behar izan ditu.

Ajuria, topera

Mutilen kategoriari dagokionez, Iturbek bezala, Ajuriak lasterketa bikaina egin du. Gogoratu behar dugu, promesak kategoriakoa bada ere, seniorren ibilbidean lehiatu dela. 2:29:31 denborarekin aise irabazi du, eta korrikalari honek ere errekor berria ezarri du; Aritz Kortabarriaren denbora (2017) bi minutuan ondu du. Bigarren eta hirugarren postuen artean soilik segundo bateko aldea izan da. Borja Zubizarretarentzat zilarra izan da (2:34:48) eta brontzea Javier Goitiarentzat.

Atzoko bertikalen txapelketan bezala, beste kategoria batzuk lehiatu dira. Promesasetan, Garayk eta Ajuriak irabazi dute. Juniorretan onena Gontzal Murgoitio izan da. Eta jubeniletan: Ibai Angulo. Beteranoetan, berriz, Iosu Isasi eta Lurdes Oiartzabal. Eta talde nagusia: Aiaraldea.