NAIZ

Pere Ponsen berragertzea, Alavesen albisterik onena entrenamenduetarako bueltan

Erdilari babazorroak ezker aduktorean zituen arazoak desagertu zaizkiola dirudi eta hobekuntzak jarraitzen badu, ostiralean Osasunaren aurkako lagunartekoan minutu batzuk jokatzeko prest egon liteke.

Pere Pons, Mallorcaren aurkako Liga partidan. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)
Pere Pons, Mallorcaren aurkako Liga partidan. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Egun arraro samarrei ari da aurre egiten Deportivo Alaves. Athleticen aurkako ostiraleko derbian porrota jaso ostean, gasteiztarrek asteburua libre izan dute beste aste arraro batean sartzeko. Hau da, datorren asteburuan ez da Ligako jardunaldirik egongo, baina bai lagunarteko bat jokatuko dutela babazorroek ostiralean, Taxoaren, Osasunaren aurka.

Derbian utzitako porrota alde batera uzteko garaia da eta astelehen honetan, entrenamenduetara bueltatu diren egunean, Alavasesek albiste on bat izan du. Izan ere, Pere Pons taldekideekin batera aritu da lanean. Egia da iragan ostegunean jokalaria Ibaian aritu zela baita ere, baina gaurkoan beroketa, errondo eta progresio ariketetan, posesioetan eta partidatxo batean parte hartu du.

Gogoratu behar da Pere Ponsek ezker aduktorean arazoak izan dituela irailaren hasieratik eta orain badirudi mina desagertu egin zaiola. Gauzak hala, hobekuntza aurrera badoa, erdilariak ostiralean minutu batzuk jokatzeko aukera izan litzake talde gorritxoaren aurka (11.00etan).

Asteburuan selekzioen txanda dela-eta, Javier Calleja entrenatzaileak ezin izan du kontatu Mamadou Loum –Senegalgo selekzioaren deialdian sartu da– eta lesionaturik daude Florian Lejeune eta Edgar Mendezekin  Ibaiako entrenamenduan.

Hiru jokalari hauen ordez, harrobiko Yeray, Adrian Perez eta Adrian Rodriguez aritu dira lehen taldearekin lanean. Alaves asteartean bueltatuko da lanera, 11.00etan Ibaian, eta ordu berean entrenatuko du asteazken eta ostegunean, ostiralean Osasunaren aurkako lagunartekoa jokatu aurretik. Asteburuan atsedena izango dute jokalari babazorroek.