Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Juan Sastre: «Aita euskal askapenaren alde zuen konpromisoagatik baztertu zuten»

Alfonso Sastre beti izan da deseroso Estatu espainiarreko kulturarentzat, batez ere Euskal Herriko askapen mugimenduaren alde hartu zuen konpromisoagatik. Horixe bera irakur zitekeen lerro artean Bilbon SGAEk egin dion aitortza ekitaldian. Bertan ohorezko hil osteko Ohorezko Domina eman zaio.

Juan Sastre, Alfonso Sastreren semea, dominarekin Campos antzokian. (Aritz LOIOLA / FOKU)
Juan Sastre, Alfonso Sastreren semea, dominarekin Campos antzokian. (Aritz LOIOLA / FOKU)

Joan den irailaren 17 hil zen Hondarribiko etxean Alfonso Sastre, Euskal Herriak izan duen intelektualik handienetarikoa. Eva Forest (1928-2007) emaztearekin batera, ezker abertzalearen eta, oro har, euskal mugimendu askatzailearen aldeko intelektual hauen konpromisoa deseroso egin zitzaien askori. Zentsura, kartzela eta bazterketa jasan behar izan zuten.

Sarietan urri, Alfonso Sastrek utzitako antzezlanak, saiaketak, gidoiak, eta olerkiak –«oso poeta ona zen, eta hori ez da oso ezaguna», Juan semearen esanetan– ‘corpus’ ikaragarri bat osatzen dute. Eta hori aitortu beharra dago, dute.

«Historiak merezi duen onespena eta balorazioa egingo dio Alfonso Sastreri, ukaezina baita Europa eta Estatuko ahotsik handienetarikoa izan dela», aipatu du astearte goizean Fermin Cabalek, SGAEko presidenteordeak eta Alfonso Sastreren lagunak. Omenduagatik, «gaizki ulertutako gizon handi bat zela» aipatu du, baita deserosoa zela eta «politikak egoera desatsegin askoren aurrean jarri zuela».

80. hamarkadan, Estatu espainiarreko Sari Nazionala eman ziotenean, gauzak aldatuko zirela espero zuen Cabalek, baina «Sastreren aurkako ahotsak piztu ziren berriz, baita PSOEren barnean, eta Alfonsoren ‘konfinamenduak’ bere horretan jarraitu zuen.   

«Zazpigarren egunean»

Autore eta Argitaratzaileen Elkarte Nagusiak martxoan adostu zuen Ohorezko Domina emango ziola Sastreri, «XX. mendeko espainiar Estatuko antzerkiaren egile adierazgarrienetakoa, bere literatur ibilbide luze eta oparoagatik, olerkia, saiakera, antzerki-kritika eta zinema ere barnean hartzen dituena». Baina azkenean ezinezko egin zitzaien idazlearen osasun egoeragatik.

«Azken urtean joan zen itzaltzen», esan digu Juanek, Sastre eta Foresten semeetako batek ekitaldian. Berak jaso baitu domina familiaren izenean. «Aitak ez zuen maite elkarrizketarik, ezta lagunekin egotea, eta esaten zidan: ‘Esaiezu pixka bat gainezka nagoela’. Baina dena nekeagatik zen. Hauxe esaten zuen ere: ‘Jainkoa bezala naiz, zazpigarren egunean: atsedena hartu’. Oso goxo joan zaigu, eta hori oso garrantzitsua da, sufritu gabe joan delako. Nik neuk sinatuko nuke oraintxe bertan horrela bizitzea eta horrela hiltzea ere».

Aita gizon oso-osoa zuen. «Beti borrokatu zuen justiziaren alde, eta justiziaren eraginak pairatu zituen bere gain –aitortu du–. Bere jarrerengatik baztertua izan zen; hau da, bere giza konpromisoagatik eta euskal nazioaren ikuspegiagatik, euskal askapenaren borrokaren alde zuen konpromisoagatik».

Alfonso Sastrek, halere, «politikari gorrotoa zion», semearen esanetan. «Politikari zion, politikari berari, baina bere konpromisoa zen oso nabaria». Eta zer irudituko zitzaion omenaldi hau? «Ondo, oroitzen naiz ohartxo bat idatzi zuela emango ziotela jakitean eta bukaeran hauxe jarri zuen: ‘Antzokietan ikusiko dugu elkar!».

Beste sari batzuk

Campos Antzokiko agertokian burutu den ekitaldi berean SGAEko zenbait bazkideri ‘autoreen etxeko giltzak’ eman dizkiete, bertan bazkide gisa 50 urte baino gehiago emateagatik. Jaso dituztenen artean, Enrike Zelaia soinujole eta folklorista altsasuarra, Sabin Lopez de Guereño konpositore bilbotarra (‘Ikusi mendizaleak’ bezalako kanten egilea) eta Carlos Zubiaga bilbotarra, Mocedades eta Consorcio musika taldeen fundatzailea.