NAIZ

Osasunak 2-1 irabazi du Alavesen aurkako lagunartekoa, bolada onean dagoela berretsiz

Chimy Avilak bosgarren minutuan egindako gola Miguel De la Fuente babazorroak berdindu du bigarren zatian baina Barberok Osasuna bolada onean dagoela baieztatu du 73. minutuan egindako garaipenaren golarekin. Taxoaren jokatu da lagunartekoa, 350 ikusle ingururen aurrean. 

Chimy Avilak gogotik ospatu du lehen gola. (@CAOSASUNA)
Chimy Avilak gogotik ospatu du lehen gola. (@CAOSASUNA)

Osasunak bolada onean jarraitzen du; Alavesek, berriz, lagunartekoan ere ezin izan du garaipenik eskuratu. Bi egoera oso ezberdinean aurkitzen dira gorritxoak eta babazorroak eta ostiral honetan jokatutako lagunartekoa horren islada izan da. 

Chimy Avilak hasi eta segituan egin du zauria Alaveseko defentsan. Argentinarrak –zeina zaleen begiradapean dagoen– bosgarren minuturako egin du gola eta ondoren, talde gorritxoak egindako presio altuaren ondotik, babazorroak ez dira gai izan Juan Perezek defendatutako atera arriskuarekin iristeko. 

Bi taldeentzat funtsezkoa zen lagunarteko hau ligaren atsedenaldian erritmoa ez galtzeko, baina Alaves sentsazioak berreskuratzeko beharrarekin dago eta porrot honek nolabaiteko mina ematen du. Atletico Madril garaitu zutenetik, ez du puntu bat bera ere batu. Porrotaren bidera azkar batean itzuli da eta zazpi jardunalditan –babazorroek partida bat gutxiago jokatu dute– 3 puntu izatea ez da nahikoa.

Osasuna, aldiz, bosgarren sailkatu bezala iritsi da atsedenaldira, sentsazio ezin hobeekin, Rayoren aurka, Sadar bete-beteta zegoela, azken minutuan lortutako garaipenak are gehiago hauspotu zuen taldea. Nolanahi ere, Arrasatek aldaketa dezente egin ditu lagunarteko honetarako, normala den legez, eta taldea bere osotasunean erritmo onean dagoela baieztatu ahal izan du. 

Alavesek, bestalde, nahiko talde titularra atera du –Miazga, Duarte, Pina, Manu García, Rioja eta Joselu hasieratik atera dira– eta biagrren zatia hasi bezain laster, bost aldaketa egin ditu Callejak, minutuak banatu asmoz. 61. minutuan iritsi da berdinketaren gola, Miguel De la Fuenteren bitartez, Syllak emandako pase bat ondo probestuz. 

Bigarren zatiko Alavesek gehiago estutu zuen Osasuna baina gorritxoak arrisku handiagoarekin iritsi dira Siveraren atera. Manu Sanchez bigarrena egiteko zorian egon da eta azkenean, 73. minutuan, Barbero izan da 2-1eko golegilea.