Lehen bilera ofiziala da AEBek Afganistanetik alde gin zutenetik, abuztuaren bukaeran, Estatu Departamentuko bozeramaile batek onartu duenez.
AEBetako ordezkariek, Frank McKenzie generala tartean, bildiu ziren talibanekin abuztuan, baina batz ere ebakuazioa negoziatzeko.
Ordutik hona kontaktua mantendu dute okupatzaile ohiak eta talibanak, baina orain lehen aldiz egongo dira aurrez aurre.
Bilerak gaur eta bihar igandean egingo dira eta talibanen goi-ordezkaritzak hartuko du parte. Washingtonek ez du jakitera eman nortzuk bidaliko dituen Dohara.
Eskaeren zerrenda eta ordena
Joe Biden presidentearen ordezkaritzak Afganistanen jarraitzen duten estatubatuarren eta 20 urtez AEBetako okupazioarekin kolaboratu zutenen irteera ahalbideratzeko eskatuko die talibanei.
Estatubatuarren kasuan talibanak oztoporik ez duela jarri onartu du Washingtonek eta 100 bat baino ez dira geratzen, baina Afganistanen dute bizitza eta ez dute oraindik erabaki joan ala ez. Kolaboratzaileen auzia korapilatsuagoa da.
Lehentasun horren ostean AEBek talibanek «Afganistanera terroristak sartzen ez uzteko hartu zuten konpromisoa bete dezaten» exijituko die.
Kontua da ISIS taldea Afganistanen dagoela, baina ez talibanei esker, barne eszisio baten ostean talibanen gobernuaren aurka baizik, atzoko atentatu odoltsuan agerian geratu zenez.
Hirugarrenez, «afganiar guztien, emakumeak eta neskak tartean, eskubideak errespetatu ditzaten eta gobernu zabal bat onartu dezaten» exijituko die talibanei Estatu Departamentuko ordezkaritzak.
Azkenik, Afganistan larrialdi humanitarioaren atarian dagoen honetan, nazioarteko agentziei herrialdean aske mugitzen uzteko eskatuko dio Kabulen botere berriari
Washingtonek ziurtatu duenez, talibanen erregimena legitimatzea ez dago mahai gainean
«Bilera hauekin talibanekin harreman pragmatikoekin jarraitzen dugu, beti ere AEBen interesen mesedetan. Argi esango dugu, talibanen ekintzak, eta ez hitzak, aztertuko ditugu talibanen merituak onartzeko», amaitu du Estatu Departamentuak.