NAIZ

Antsietatea ahaztu eta lehen garaipena lortu nahi du Bilbao Basketek Murtzian

Lau porrot jarraian sufritu ostean, burua altxa nahi du Alex Mumbruren taldeak igande honetan UCAM Murciaren kantxan (12.30). Bilbotarren entrenatzaileak lasaitasuna eskatu du, baina «talde bezala hobetzen, akatsak zuzentzen eta saskibaloira ondo jokatzen saiatuko gara», azpimarratu du.

Bilbao Basketeko Miniotas jokalaria, Barçaren aurkako partidan. (Monika DEL VALLE/FOKU)
Bilbao Basketeko Miniotas jokalaria, Barçaren aurkako partidan. (Monika DEL VALLE/FOKU)

Surne Bilbao Basketek bosgarren aukera du igande honetan ACB Ligan lehen garaipena eskuratzeko. UCAM Murtziaren kantxa bisitatuko dute bilbotarrek 12.30etik aurrera. Oraindik oso goiz da balorazio bat egiteko, baina iazko amaiera ez errepikatzeko –azken momentuan salbatu ziren–, lehen puntuak eskuratzeko garaia izan daiteke.

Zaragozaren aurkako porrota alde batera utziz, Tenerifen, Badalonan eta Miribillan Bartzelonaren aurka jokatutako partidetan, talde bizkaitarra lehiakor agertu zen eta momentu batzuetan jokoa dominatu zuen. Hala ere, ondoren emaitzak handiegiak izan ziren; baina esan beharra dago aurkariak, hasiera batean, Bilbao Basket baino gorago aritzeko izan zirela.

Barçaren aurkako neurketa horretan Jeff Withey lesionatu egin zen, eta, sudurreko hezurretan ebakuntza egin ostean, igande honetan berragertu liteke, maskara batekin hori bai.

Estatubatuarraren eta klabeak izan litezkeen jokalarien hobekuntza behar ditu Bilbao Basketek. Horiek izan daitezke, besteak beste, Andrew Goudelock eta Valentin Bigote saskiratzaileak edota Angel Delgado pibot titularra. Jonathan Rousselle, Rafa Luz eta Ludde Hakanson dira hobetu behar duten beste hiru jokalari.

Murtziaren aurka garaipena lortzea ezinbestekoa izan daiteke ondoren Urbas Fuenlabrada eta el Hereda San Pablo Burgosen aurkako neurketetan lasaiago aritzeko. Alez Mumbruk, behintzat, lasaitasuna eskatu zuen ostiraleko prentsaurrekoan. «Urduritasuna edo antsietatearekin hasten bagara, gaizki ibiliko gara. Zortzi hilabete falta dira lehakietan eta. Egia da, Andorra bezala, garaipenik gabe gaudela, baina zenbait faktorerengatik izan daiteke. Talde bezala hobetzen, akatsak zuzentzen eta saskibaloira ondo jokatzen saiatuko gara», azpimarratu zuen entrenatzaileak.

Jeff Witheyri buruz, «ikusiko dugu nola dagoen» adierazi zuen. «Bi jokalari garrantzitsu ditugu postu horretan, Delgado eta Withey, eta bat erortzen bada, nabaritzen dugu. Angelek atsedena behar duenean, erreferentzia den jokalari bat behar dugu kantxa barruan. Ea Murtzian jokatzea ahal duen lortzen dugun», gaineratu zuen.

Mumbruren ustez, Murtzia «kantxa zaila da». Valencia Basketen aurka garaipena lortu zuen Fontetan, eta azken jardunaldian, Sito Alonsoren taldeak «erabat kontrolatuta zuen partida bat azken minutuan galdu zuen Malagan», azpimarratu zuen.

«Oso talde lehiakorra da, kanpoko eta barneko joko ona egiten duena, eta bi tokietan ondo jokatzen saiatu behar gara beraien aurka lehiatu ahal izateko», amaitu zuen.